Zirrikituetatik begira

Naufragioa

Karmele Jaio - 2018(e)ko martxoaren 30a, ostirala - 06:00etan eguneratua

Columnista Karmele Jaio

Galería Noticia

Columnista Karmele Jaio

EZ dakit zergatik ez goazen gu ere hortik zehar, beste guztiak bezala”. Cristinak berriz atera du gaia, nahiz eta ondo dakien eztabaida piztuko duela berriz ere. Egunotan behin baino gehiagotan eztabaidatu du Xabierrekin horren inguruan. “Baina nora nahi duzu joan? Egun hauek txarrenak dira irteteko. Errepidea ikusi besterik ez duzu, auto ilarak daude edonon”, erantzun dio Xabierrek, baina ez du Cristina konbentzitu: “Bai, beti berdin, inoiz ez da une egokia irteteko, eta azkenean beti etxean, eta nik irteteko beharra daukat. Ikusi duzu Teleberrian zelan zegoen Loiu? Mundu guztia doa kanpora, gu izan ezik”. “Baina nora nahi duzu joan? Bost egun baino ez ditugu”. “Ba ez dakit, landaetxe batera umeek behi bat ikusi dezaten behintzat, edo kostaldeko herriren batera...., baina hemendik irten”. “Euria egingo du aipatu dituzun leku horietan. Zer nahi duzu eguna alokatutako apartamentu bateko sofa-ohe horietako batean telebista ikusten igarotzea? Hobeto gaude etxean. Netflix daukagu gainera...”. “Bai, eta bitartean zer egingo dugu ba umeekin? Eguna makinekin jolasten igaro dezatela? Eurengatik bada, bost egunak igaro ditzakete pantaila horietatik bista altxatu gabe”. “Gauza asko egin ditzakegu: zinera joan, irakurri, igerilekura, zerbait hartzera...”. “Zerbait hartzera? Norekin? Ez da inor geratu eta. Begira kalea, beldurra ta guzti ematen du isiltasun honek”. “Beldurra? Hau lasaitasuna. Hirian egoteko egun onenak dira. Erdialdean aparkatzea ez da arazorik, gozada bat da”. Une batez ixilik geratu da Cristina, kalea bezala. Xabik argumentu gehiago atera ditu hura konbentzi-tzeko: “Gainera egun hauetan dena dago oso garesti, joango gara nonbaitera behe-denboraldia heltzen denean...”. Une horretan Cristinaren mugikorrak jo du. “Kaixo, zer moduz? Baina ez zarete kanpora joan azkenean ... Ez, gu ere ez.... Bai, arrazoi duzu, kanpora irtetzeko egunik txarrenak dira hauek.... Zerbait hartzera geratuko gara orduan? Zazpiretan?” Xabier Cristinari begira dago telefonoz hitz egiten duen bitartean. Haren begietako distiran naugragio batetik salbatu berri den norbaiten arindua antzeman dezake.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120