Basque FEST jaialdia

Euskal gastronomiarik onena eta herri kirolen proba ikusgarriak Areatzan

Juan Mari Aburtok Areatzako jaialdi-esparrua gaur goizean inauguratu du

D.D. - 2018(e)ko martxoaren 29a, osteguna - 12:51etan eguneratua

Herri kirolak, Areatzan.

Herri kirolak, Areatzan.

Galería Noticia

Herri kirolak, Areatzan.

Basque FEST jaialdiak animazioa, ikuskizunak eta adin guztietako aktibitateak antolatu ditu Bilbon. Izan ere, gaur egun arte egin diren edizioetako anbizio handieneko egitaraua prestatu du, Bizkaiko hiriburua kulturaren eta tradizioen hiria bihurtzeko helburuarekin.

BILBO. Jaialdiaren inaugurazio ofiziala atzo egin zen Azkuna Zentroan, eta ‘Txoko Gourmet &Destinos Basque’k, ‘Sport basque FEST’ek eta ‘Market’ek gaur zabalduko dituzte ateak. Hiru esparru horiek jaialdi-giroko gune zalapartatsua bihurtuko dute Areatza, gastronomia, herri kirolak, musika, dantza, haurrentzako tailerrak, umorea eta beste hainbat plan uztartuta. Bilbotarrek zein Aste Santua Bilbon igarotzea erabaki duten pertsona guztiek jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute.

Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, gaur goizean inauguratu ditu Areatzan aurreikusitako jarduerak, eta hiritar nahiz bisitari guztiak animatu ditu prestatu diren plan guztietan parte hartzera. Alkatearekin batera izan dira Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia Xabier Ochandiano;eta HAZIko zuzendaria Asier Arrese.

Juan Mari Aburtoren hitzetan, “Aste Santua Bilbo hiriaz gozatzeko une paregabea da”. “Hiria irekita dago, eta animazio zein jarduerez beteta: gustu guztietako planak egin daitezke familiartean zein lagunartean ondo pasatzeko;baina, batez ere, jai-giro handia dago gure leku nabarmenetako askotan”, azpimarratu du alkateak.

Jaialdia Areatzatik harago hedatzen da eta, besteak beste, honako leku hauetan ere jarduerak antolatu dira gaurtik aurrera: Azkuna Zentroan, Plaza Berrian, Guggenheim Bilbao Museoko zabaldegian, Berreginen Museoan, itsasadarrean, kaian eta Martzana kalean... baita, turista eta bilbotar asko biltzen dituzten beste gune batzuetan ere, hala nola Ledesma, Villarias, Poza Lizentziatuaren eta Garcia Rivero Maisuaren kaleetan.

‘TXOKO GOURMET &DESTINOS BASQUE’: DASTATZEKO ETA EROSTEKO ESPARRUA

‘Txoko Gourmet &Destinos Basque’ karpa handiak 1.500 m2 baino gehiago hartzen ditu, eta gastronomiarik onenaz gozatzeko toki ezin hobea da: bertan, Euskadiko enologiaren eta sukaldaritzaren 25 produktu bereizgarri baino gehiago dohainik dastatu ahalko dira;aurten, 2.160 pertsonarentzako lekua dago. Horrez gain, bisitariek aukera izango dute hainbat produktu egiten ikasteko;esaterako, ogia ore amarekin, krepeak, irabiatu antioxidatzaileak, bai eta taloa Idiazabal gaztarekin, txokolatearekin eta bakailaoarekin ere. Karpa barruan, umorea ere ziurra izango da arrain-enkante antzeztuari esker. Gaurtik aurrera eta larunbatera arte emanaldia egingo da, 19:00etan.

Bestalde, ‘Txoko Gourmet &Destinos Basque’k zortzi euskal eskualde turistikotan barrena murgiltzeko aukera eskainiko du: Arabako Errioxa, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri eta Tolosaldea. Horien guztiek beren erakarpen turistiko eta sukaldaritzako espezialitate nabarmenenak ezagutzera emango dituzte bertan. Gainera, aurten, berritasun gisa, eskualde horietako zenbait produktu berezi eta kalitatezkoak eskuratu ahalko dira. Euskal Kostaldeko Geoparkeak berezko stand-a izango du Gipuzkoako Mutriku, Deba eta Zumaia udalerrietan zabaltzen den geologiaren eremu pribilegiatu horri buruzko informazioa emateko. Euskadiko Egurraren Elkarteak ere, Baskegur-rek, bere lekua izango du jaialdian. Eraikuntza-materialak eta ‘Km0’ko produktuak hornitzeaz gain, egurraren eta haren eraldaketen ziklo jasangarriari buruzko erakusmahaia edukiko du.

Bestalde, ‘Gourmet’ atalak, guztira, atxikitako 342 establezimendu izango ditu, jatetxeak, tabernak, gozotegiak eta espezialitate-dendak tartean. Jaialdiko ostalaritzak pintxorik onenak eskainiko ditu, munduan ezagutzen den euskal sukaldaritzako espezialitatea dira eta.

EUSKAL KIROL TRADIZIONAL ETA IKUSGARRIENAK

Leku gutxitan ikus daitezke Basque FESTen bezain beste euskal kirol tradizionalen modalitate. ‘Sport basque FEST’en, herri kirolen erakusketa ikusgarriak egiten dira: aizkolariak, sokatira, lasto-altxatzaileak eta harri-jasotzaileak, besteak beste. Herri-kirolak miresteko aukera ez ezik, horietan hastekoa ere eskaintzen du gainera, proben oinarriak ezagutarazteko familientzako tailerrak antolatzen ditu eta.

GASTRONOMIA, ENOLOGIA ETA ARTISAUTZA ‘MARKET’ ATALEAN

Aurtengo jaialdiko ‘Market’ atalean, lehenago aipatutako zortzi eskualde turistiko gonbidatuetako produktuak izango dira salgai gaurtik aurrera eta hurrengo larunbatera arte, hilak 31. Egun horretan, ‘Market’en eskaintza zabalagoa izango da, Gure Lurreko Merkatua ere egingo baita;hots, Bilboko Udalak Bizkaiamendi eta Slow Food Bizkaiarekin batera bultzatutako azoka, hiritarrei urte-sasoiko Bizkaiko nekazaritza-produktu onenak hurbiltzeko asmoz. Gainera, gaurtik eta igandera arte, Eskutartie, Udaberriko VIII. Artisautza Azoka egingo da, era guztietako artisautzazko euskal produktuak biltzen dituena.

JAI DUGUN OSTEGUN HONETAN GOZATZEKO BESTE PLAN BATZUK

Gaur, beste plan asko egin daitezke: eguerdian, ‘Bilboko anfitrioiek’ Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte hiribilduaren historia kontatzeko, umorez eta sorpresekin. Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoko zabaldegian kalejira bat antolatuko da, erraldoiekin eta buruhandiekin;eta Bilboko Txistularien bandak, munduan dauden danborrarien elkarte profesional urrietakoak, kalejira bat egingo du Alde Zaharrean 13:00etan, eta kontzertua eskainiko du Azkuna Zentroan 18:00etan.

Gaur gauean, 21:00etan, Xabi Solano Maiza musikari eta musikagileak bere azken proposamenaren emanaldia eskainiko du Plaza Berrian: ‘Inpernuko’, trikitixaren historia kontatzen duen diziplinarteko ikuskizuna, musika-instrumentu horren soinu tradizionala, gitarra, DJak, dantza tradizionala eta umorea uztartzen dituena.

Kherau bizkaitarren folk garaikidea Bilborock-era iritsiko da gaueko bederatzietan eta, ordubete geroago, Nøgen donostiarrek pop-folkeko beren proposamena aurkeztuko dute Azkuna Zentroan, euskarazko eta ingelesezko kantekin. Kafe Antzokian, bestalde, ‘basque FEST Rock City’ jaialdia hasiko da, The Northagirres, Mockers eta Kaskezur euskal rock-taldeen eskutik. Sarrera dohainik izango da.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Bilbao

ir a Bilbao »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120