“ELEGIAK” KONTZERTUA

Bilboko udal musika bandak agur esango dio denboraldiari Euskaldunan

Bandak gonbidatu batzuekin batera jardungo du, Juanjo Munera bonbardinoa eta Musikeneko, Euskal Herriko goi-mailako ikastegiko ikasleak, hain zuzen ere

2018(e)ko martxoaren 23a, ostirala - 10:58etan eguneratua

Bilboko udal musika banda.

Bilboko udal musika banda.

Galería Noticia

Bilboko udal musika banda.

Geldiune txiki baten ondoren, igande honetan, martxoak 25, 12:00etan, Bilboko Udal Musika Banda, Euskalduna Jauregira bueltatuko da, azkeneko aldiz denboraldi honetan. Kontzertu berezi bat izango da, eszenatoki horretan eskainiko den azkeneko jarduna izateaz gain, bandak Juanjo Munera bonbardino eta Musikeneko, Euskal Herriko goi-mailako ikastegiko ikasle batzuekin batera izango baitu. Parte-hartze hau, bi instituzioen arteko kolaborazio hitzarmenetik jaio da.

BILBO. Etimologiak diosku Grezia klasikoan “élegos” kantu triste bat zela, norbaiten edo zerbaiten ausentziari omenaldia egiteko. Ildo horretatik, gaurko programan elegia soinudunak sortuko ditugu gogoratzeko, etsipenez oroitzeko eta, zergatik ez, hunkitzeko. 1964an, AEBko Ronald Lo Presti maisuak, Eastman School of Music eskola ospetsuko ikasleak, orri musikal ederra idatzi zuen, Elegy for a Young American, John F. Kennedy presidentearen oroimenez, urtebete lehenago hil baitzuten.

Errespetuzko giroa eta intolerantziaren aurreko amorruzko klimaxa uztartzen dira. 1972an, John Barnes Chance konpositore ospetsuak, Clifton Williams-en ikasle eta konposizioko Ostwald saridunak, Elegy idatzi zuen West Genesee Senior High School Band–eko kide bat gogorarazteko. Bost notako motibo bat da lanean erabilitako materiala eta bizitzaren laburtasunaren alegoria bihurtzen da;konpositorearen bizitza ere laburra izan zen, lan hori idatzi eta hilabete batzuk geroago hil baitzen istripuz, hogeita hemeretzi urterekin.

Concerto Elegiaco lanarekin, egileak (bonbardinoarekin hasi zena musika ikasten) bere garapen musikal eta pertsonalean ezinbestekoak izan diren hiru konpositoreren figura gogoratu nahi du: Amando Blanquer (1935-2005), Leonard Bernstein (1918-1990) eta Carlos Palacio (1911-1997). Blanquer-ek esaten zuen: “Nire musikan artisau modura, artista modura eta gizon modura egiten dut berba”. Bakoitzaren hiru ideia musikal elkartzen dira eta bonbardino eta bandarako lan honen oinarria osatzen dute. Bilboko Udal Bandako bakarlaria den Juanjo Munerak eskatuta idatzi da eta berak estreinatuko du.

Bigarren zatian Ed de Boer (Alexander Comitas ezizenez) maisu holandarraren musika entzungo dugu berriro Bilbon. Elegy for Tohoku lanarekin 2011ko martxoaren 11n Japonia hondatu zuen tsunamiaren biktimak omendu nahi dira. Osakako Philarmonic Winds orkestrari dedikatuta, hondamendiak suntsitu zituen Tohoku eskualdeko Iwate, Miyagi eta Fukushimako prefekturetako hiru melodia folklorikotan oinarritzen du musika hau egileak. Eta XX. mendeko bandarako konposizioaren bilakaeraren partitura gakoetako batekin amaituko dugu.

Music for Prague 1968 lana mugarria izan zen musika-banden kontzepzio artistikoan. Karel Husa Pragan jaio zen 1921ean eta Musikako Pulitzer saria jaso zuen 1069an. Lan honekin Estatu Batuetatik gogoratzen ditu Pragako Udaberrian bere hirian izandako gatazka sozialak, berrogeita hamargarren urteurrenean. Musikan sinbolismo argiak agertzen dira: “Jainkoaren eta bere legearen gerrariak” XV. mendeko Hustar Iraultzako abesti zaharra eta erresistentziaren ikurra, Pragako kanpaiak garaipenaren ikur modura, ariako akorde malenkoniatsuak eta piccoloaren soloa askatasunera gonbidatzen duen txori bat bezala. Eta hori guztia, berrikuntza estetikoaren ikuspegi engaiatutik, aro berriaren zerbitzura.

Musika da gure munduko elegia. Bizitzea tokatu zaigun sasoiarekin daukagun konpromisoa da artea. Eskerrik asko gure proiektuan zuen elkartasunarekin bat egiteagatik.

JUAN JOSÉ MUNERA BALAGUER: BONBARDINOA

Valentziako “Joaquín Rodrigo” Goi-mailako Musika Kontserbatorioan amaitu zituen ikasketak gradu-amaierako sariak eta ohorezko aipamena lortuta. Gerora, Italiako Trentoko Goi-mailako Banden Institutu Europarrean (ISEB) sartu zen Manchesterreko (Ingalaterra) Royal Northem Collage of Music eskolako irakasle titularra den Steven Mead-ekin.

Jan Cover-ek eta Christian Lindberg-ek hurrenez hurren zuzendutako European Union Youth Wind Orchestrako eta Worldwide Wind Orchestrako kidea izan zen.

Izen handiko hainbat talderekin jardun izan du, hala nola, Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin, Espainiako Irrati Telebistako Orkestra Sinfonikoarekin eta Valentziako Orkestra Sinfonikoarekin besteak beste, baita Bartzelonako, Albaceteko eta Sevillako Udal bandekin ere. 1999tik 2005era bitartean Madrileko Udalaren Banda Sinfonikoarekin kolaboratu zuen.

Nazioarteko musika-jaialdietan ere hartu du parte irakasle eta bakarlari moduan;horien artean aipagarriak dira FESNOJIV Simon Bolivar Gazteen Orkestra Nazionalen Mugimenduko Bonbardinoaren I. Mintegia, Tatui-ko (Brasil) instrumentistentzako, musikagileentzako eta zuzendarientzako Nazioarteko Jaialdia, San Joseko (Costa Rica) Bandas al Melico, Linz-en (Austria) egindako International Tuba &Euphonium Conference 2012 (AETYB) eta Bartzelonan (Espainia) 2014an egindako Nazioarteko Tuba eta Bonbardino Jaialdia.

2005etik 2010era bitartean bonbardinoko irakaslea izan zen BRASSURROUND Spanish Brass Luur Metals Nazioarteko Jaialdian. Irakasle gonbidatua ere bada Moncadako (Valentzia) Mediterranean Brass Festival FESMON metalen Nazioarteko Jaialdian. 2012an “Egyptian Feet” bideoklipa eta “Spainphonic” izeneko bere lehen diskoa aurkeztu zituen. Azken honetan, flamenkoa, funky-a edo latin jazz bezalako estilo hain bestelakoak uztartzen ditu. “Two Friends” da Electroscene etxeak ateratako aurreneko disko digitala. Bertan, bonbardinoak keinu bat egiten dio Chilloutari musika elektronikoaren bidez. Abuztuan hainbat plataformatan plazaratu zen: Spotify, Itunes, Beat Port eta Amazon.

Irakasle aritu da Venezuelako Bonbardinoko Akademia Nazionalean. Gaur egun, bonbardino bakarlaria da Bilboko Udalaren Bandan eta irakasle titularra “Vicente Costa” Bonbardinoko Akademia Nazionalean.

ZUZENDARI TITULARRA: JOSÉ RAFAEL PASCUAL-VILAPLANA

Muroko UMko Musika Eskolan hasi zituen ikasketak bonbardinoarekin eta pianoarekin, Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan jarraitzeko. Banda eta orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober, Eugene Corporon, Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) maisuekin.

Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Espainian, Holandan, Ingalaterran, Italian, Portugalen, Errumanian, Suitzan eta Estatu Batuetan, beste batzuen artean, Kubako Nazioarteko Banda, Bavierako Jungend Blassorchester, Ljubljanako SAF Band, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Banda Sinfoniko Portugaldarra, Buenos Aireseko Udal Banda, Kolonbiako Gazteen Banda Nazionala WASBE Youth Wind Orchestra, Coruña, Alacante, Bartzelona, Bilbo, Castellon, Madril, Pontevedra, Tenerife, Santander, Santiago de Compostelako Udal Musika Banda, Matanzaseko Sinfonika, Murtzia, Vallés eta Castelloneko Orkestra Sinfonikoa, O. CAMERA MUSICAE, Kanaria Handiko O.F., Gaztela eta Leongo eta Albaceteko O.S. (2001-2013 artean zuzendaria).

Bilboko Udal Musika Bandaren eta Filharmonia Haize-Orkestrako zuzendari titularra da, Murtziako UCAM Orkestra Sinfonikoko eta Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarra zuzendari gonbidatu nagusiaz gain. Bandako Zuzendaritzaren irakaslea "Vall d'Albaida" Herrialdeko Musika Eskolan zuzendaria da eta Italiako ISEBeko irakasle gonbidatua da. 2009tik aurrera Spilimbergo-ko (Italia) "G.A. Fano" Istituto Musicale-ko Corsi internazionali di perfezionamento musicale ikastaroetako zuzendari artistikoa da.

Lan sinfonikoak, ganberakoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu. Eldako Banden Lehiaketa 1999, Fira Tots Sants de Cocentaina Koral Lehiaketa 2013, SBALZ 2015 jaialdi ospetsuentzako enkarguak jaso ditu, baita Spanish Brass, Ximo Cano, Luis González, Juan C. Matamoros, Carlos Gil edo Steven Mead bakarlari ospetsuentzako ere. 2006an Valentziak, Rabaten eta Madrilen bakarlari, koro eta banda sinfonikoarentzat berak egindako Balansiyyà musikala estreinatu zuen, Bere musika Espainia, AEB, Holanda, Italia edo Suitako CD desberdinetan grabatu da. "Batuta del Mtro. Tomás Boufartigue" saria eman zioten Habanan 1991n. Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen "Ignacio Morales Nieva" Musikako Sari Nazionala jaso zuen. Informazio gehiago: www.pascualvilaplana.com

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120