DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
BASOEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

Bilboko udalak lehenengo artea landatu du Casilda Andrearen Parkean

Azken 5 urteotan 5.436 zuhaitz landatu dira;horietako 4.322 hiriguneetan (Bilboko parkeetan eta lorategietan) eta 1.114 basoetako parkeetan

deia - 2018(e)ko martxoaren 21a, asteazkena - 12:07etan eguneratua

votos |¡comenta!
Bilboko udalak lehenengo artea landatu du Casilda Andrearen Parkean.

Bilboko udalak lehenengo artea landatu du Casilda Andrearen Parkean. (Deia)

Galería Noticia

  • Bilboko udalak lehenengo artea landatu du Casilda Andrearen Parkean.

Bilbok bat egin du Basoen Nazioarteko Egunarekin. Hori dela-eta, Ricardo Barkala, Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak eta Alfonso Gil, Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak, Cervantes ikastetxeko ikasleekin batera, lehenengo artea landatu dute Casilda Andrearen Parkean. Arte hori Bilbok parke horretan dituen 70etik gora zuhaitzen artekoa izango da aurrerantzean.

BILBO. Basoen Nazioarteko Egunean, 7 zuhaitz berri landatu dira Casilda Andrearen parkean: arte 1, gurbitz 2 eta 4 lizar. Egun hori urtero ospatzen da martxoaren 1ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2012an hala finkatu zuenetik, baso-mota guztien garrantzia gogoratzeko eta gai horren gaineko kontzientzia sorrarazteko.

Bilbok bat egin du Basoen nazioarteko Egunaren ospakizunarekin arte bat, gurbitz bi eta lau lizar landatuta. Baina ez da lantzean behin soilik egin ohi den ekintza, konpromiso iraunkorra baino.

Bilboko Udala zuhaitz berriak sartzen ari da kaleen lerrokaduretan, parkeetan eta lorategietan, karbonoaren aztarna hobetze aldera. Azken 5 urteotan 5.436 zuhaitz landatu dira Bilbon;horietako 4.322 hiriguneetan (Bilboko parkeetan eta lorategietan) eta 1.114 basoetako parkeetan. Urtean gutxinenez 850 bat zuhaitz berri landatzen dira kaleetan, parkeetan eta lorategietan. Aurten ia milara iritsiko da kopuru hori.

Landatze-lanetan, ale berriak sartzen diren inguruko ikastetxeetako ikasleek hartzen dute parte, adingabeak jabearazteko zuhaitzak parkeetan edukitzeak, jagoteak eta iraunarazteak duen garrantziaz.

Azken 5 urteotan arteak, ereinontzak, zuhandorrak eta hurritzak landatu dira, besteak beste, guztiak ere artadi kantauriarreko espezieak. Gure basoetan usu ikus daitezkeen espezie hostoerorkorreko haritzak, lizarrak, urkiak, astigarrak, zumarrak eta pagoak ere landatu dira. Fruta-arbolak ere sartu dira lorategietan, hala nola, gereziondoak, sagarrondoak eta madariondoak. Kanpoko espezieak ere ekarri dira aise egokitzen direlako giro urbanora eta udagoien kolore ikusgarria dutelako, estorakeak eta astigar gorriak, esaterako.

Casilda Andrearen parkean lehenengo artea landatu ostean, Ricardo Barkala, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziak adierazi duenez “Klimaren aldaketa askok uste duten baino errealagoa da eta batez ere planetan dituen eraginak. Gure bizitzeko modua aldatzeko egin behar dugu lan, hurrengo belaunaldiena hipotekatu nahi ez badugu. Karbonoaren aztarnak deskribatzen dizkigu norbanakoek eta erakundeek zuzenean zein zeharka eragiten dituzten negutegi-efektuko karbono-dioxidoaren eta beste gas batzuen emisioak, eta hori kuantifikatu daitekeen datua da. Horregatik, landatze-lan horiekin dugun helburua karbonoaren aztarna hobetzen laguntzea da, guk jartzen dugun harri-koskorra, alegia.”.

“Zuhaitzak oso lagungarriak dira gure ingurua babesteko eta, ildo horretan, gizarte garbiaren oinarri dira: karbonoaren ihesbideak dira, bideodibertsitatea areagotzen dute, lurraren erosioa geldiarazten dute, airearen kalitatea hobetzen dute, zuhaitzek eta berdeguneek jarduera fisikoa bultzatzen dute, paseoa eta aisialdia bultzatzen dutenez. Bilbon lehentasuna dau zuhaitzak landatzen jarraitzeak, karbonoaren aztarna hobetze aldera” amaitu du Barkalak.

2018an dagoeneko 730 ale landatu dira. Datozen egunetan beste 110 ale sartuko dira Otxarkoagan, Ibarsusin, Arbolantxako ortuetan, Masustegiko futbol-zelaiko inguruetan, Ingelesen landan, Deustuko zubian, Basurtuko geltokian, Sabino Aranan eta Miribillan.

BILBOKO PARKEAK ETA ZUHAITZAK

Bilbok 35.000 zuhaitz baino gehiago ditu bere plaza eta parkeetan, eta kalkula ezinezko balioa daukan ondarea osatzen dute. Guztira, 14.000 zuhaitz inguru daude txorkoetan, hiriko kaleak edertuz, eta, gainera, beste 21.000 daude lorategietan. Urtean 850 bat zuhaitz berri landatzen.
Berdeguneek 2 milioi metro koadro pasatxo dituzte (2.103.482), baina ez dugu ahaztu behar hiria mendiz inguratuta dagoela. Hiri-lorategiak eta baso-parkeak batuz gero, 12 milioi metro koadro baino gehiago ditugu gozatzeko, eta hirian zehar 200 baso-espezie baino gehiago bereiz ditzakegu.

Bilboko hiri-parkeetako landaketen %50 barietate autoktonoak dira (lizarra, urkia, pagoa, haritza, sahatsa eta ezkia, besteak beste. 539 zumar, 1.682 ezki, 1.256 platano, Indietako 168 gaztainondo, 2.302 beltxale, 3.796 azere, 900 urki, 610 lizar, eta horietako bakoitzak oso zeregin garrantzitsua dauka barrutietan.

Parke eta lorategi historikoetan, platanoak eta ezkiak dira nagusi;parke eta lorategi berrienetan, aldiz, bariazio botaniko handiagoa dago, besteak beste, batere arruntak ez diren espezieak: podokarpoa, Abandoibarran, eta erytrina crista-galli, hau ere Abandoibarran. 20.000 zuhaitz inguru ditugu parke eta lorategietako berdeguneetan.

Bilboko parkeen zerrenda:

  Etxebarria parkea: 189.000 m2
  Artxandako parkea: 117.080 m2
  Europa parkea (Txurdinaga): 107.500 m2
  Casilda Iturrizar parkea: 115.200 m2
  Sarrikoko parkea: 56.000 m2
  Eskurtze parkea (Iralabarri): 50.000 m2
  Abusuko parkea: 50.000 m2
  Zorrotzako parkea: 38.400 m2
  Ametzolako parkea: 38.400 m2
  Areatzako parkea: 29.100 m2
  Botikazaharreko parkea: 25.500 m2
  Albiako lorategiak: 6.000 m2

CASILDA ITURRIZAR PARKEA

Casilda Iturrizar parkea estilo erromantikokoa da;1920. urtean inauguratu zen, eta, gaur egun, 115.200 m2 ditu. Espezie-barietate handiena duen parkea da, eta zuhaitz-bilduma ikusgarria dauka. 72 espezietako 892 zuhaitz ditu, bost kontinenteetatik ekarrita: platanoak, palmondoak, makalak, ezkiak, zedroak, haritzak, pagoak, urkiak, alzifreak, astigarrak, ginkgoak, Asia hego-ekialdeko kanforrondo bat, Japoniako basaerramu bat, ekialdeko thuja bat, maitasunaren zuhaitz bat, ebano bat, latania bat, ehun urteko Indi gaztainondo arrunt bat, erramua eta gorostia, besteak beste.

Parkearen hasierako 85.000 metro koadroak Ricardo Bastida udal arkitektoaren eta Juan de Egiraun nekazaritza-ingeniariaren lana izan ziren. Proiektua 1907an onartu zen, eta 1912. eta 1920. urteen bitartean betearazi zen. Parkea 2006. urtean handitu zen azkenekoz, eta 30.000 m2 gehitu zitzaizkion.

Jatorriz, “Zabalguneko parkea” izena izan zuen, eta 1945ean hartu zuen gaur egungo “Casilda Iturrizar parkea” izena.

Gainera, parke honen edertasunaren osagarri, beste zenbait elementu ere badaude bertan: forma biribila duen Pergola –20ko hamarkadan diseinatu zuen Pedro Guimónek–, 1991n inauguratutako Iturri Zibernetikoa, zenbait eskultura parkean zehar, eta urmael bat –“Ahateen urmaela” izenaz ezagutzen da, 1999an berriztatua–. Urmaelean zenbait hegazti espezie bizi dira, eta inguruan usategia eta lorezainaren etxea daude.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Bilbao

ir a Bilbao »

Últimas Noticias Multimedia

destacado mail

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120