IRATXE RETOLAZA EHU-KO IRAKASLEA

"Kultur kritikaren esparruetan komikiari lekua egitea funtsezkoa da"

Komikigile, komikizale eta komikiaren inguruko irakurketak edo azterketakegin nahi dituztenen artean sareak asko indartu direla dio Retolazak

2018(e)ko martxoaren 20a, asteartea - 12:31etan eguneratua

Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatur kritikaria. RUBEN PLAZA

Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatur kritikaria. RUBEN PLAZA

Galería Noticia

Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatur kritikaria. RUBEN PLAZA

EGUNGO euskal komikiaren historia izeneko lana argitaratu du EHUk, euskal komikiaren historia literarioa osatzeko bidean lehen urratsa. Iratxe Retolaza EHUko irakaslea izan da koordinatzailea. Bere esanetan, euskal komikigintzan gertatu den aldaketarik handiena “sarea” sortu izana da.

XX. mendearen hasieratik gaur eguneraino euskal literaturak izan duen bilakaera aztergai izan duzue bilduman. ‘Egungo euskal komikiaren historia’ izenburukoa izan da zortzigarren eta azken liburukia. Zeintzuk dira ondorio nagusiak?

Gure asmoa izan da euskal komikiaren ibilbidearen inguruko mugarri zenbait ikusgarri egitea, katebegi batzuetan arreta jartzea. Gertakari artistiko bat kate historiko batean kokatzeko ariketa egiten denean, hainbat galdera sortzen dira. Euskal komikiaren kasuan, ibilbide historikoaren berri emateko zailtasun hauek topatu ditut: batetik, komiki ekarpen asko ez dira argitalpen-gune errotuetan hedatu, eta, beraz, zail izaten da argitalpen alternatibo horiek eskuratzea. Bestetik, kultur kritikak oso gutxi jorratu du komikigintzaren esparrua, eta askotan kultur kritika dugu gertakari artistikoak une jakin batean kokatzeko bitartekoa, edo harreraren berri izateko neurri bat.

Euskal literaturatik heldu diozue komikiari eta bi esparruen arteko hartu-emanak izan dituzue hizpide. Zer nolako hartu-emana izan da urte hauetan guztietan?

Askotarikoak izan dira literaturaren eta komikiaren arteko harremanak. Kasu batzuetan, literatur eragileak izan dira komikisorkuntza eta komiki-argitalpenak sustatu dituztenak. Komiki-argitalpenak sustatzeaz gain, literaturgile askok komiki-sorkuntzan jardun dute. Gidoigintzan, bestalde, idazle askotxo aritu dira aldizkarietan, albumetan zein liburuetan: besteak beste, Harkaitz Cano, Edorta Jimenez, Anjel Lertxundi, Eider Rodriguez, Yurre Ugarte, Iban Zaldua. Beste kasu gutxi batzuetan, idazleak edo bertsolariak ilustrazio-egile izan dira, eta bi eremu horietan jardun duten horiek komikigintzara ere hurbildu dira: esaterako, Bitoriano Iraola XX. mendearen bukaeran, edo XXI. mendean Unai Iturriaga eta Unai Gaztelumendi.

Gainera, askotan literatur testuak egokitu egin dira eta komiki-aldaerak egin dira. Adibidez, Asisko Urmenetak hartu izan du bide hori askotan: batzuetan, euskal literaturako klasikoen komiki-bertsioak egin ditu, testuen berrirakurketak eginez, satiraren bidetik;eta beste batzuetan, Arturo Campionen legendak bihurtu ditu komiki (Erraondo, Pedro Mari, Gartxot). Gaur egun, beste bide bat ere zabaldu da, komikigintzaren esparruan asko jorratu dena, baina, euskal kulturan gutxiago landu dena: komiki-biografiak. Adur Larreak Aresti BioGrafikoa (Erroa, 2015) komikia argitaratu zuen.

Zeintzuk dira komikigintzaren inguruko ildo berriak?

Bi ildo berri gailentzen direla iruditzen zait, betiere literatur eragile baten ikuspegitik. Batetik, liburu formatuan argitaraturiko komikiek gora egin dute, eta horrek ikusgarritasunean lagundu du, baina, batez ere, eta garrantzitsuagoa dena, komiki-egitasmo garatuagoak aurkezteko aukera eman du.

Bestetik, diziplinartekotasunaren ikuspegitik, azken urteotan euskal komikiak joera berri zenbait garatu ditu. Musikarekin harreman estua izan du euskal komikiak 70eko hamarkadatik, eta asko izan dira komikira eraman diren kantuak. 80ko hamarkadan ere, fanzineetan musikari eta komikiari egiten zitzaion lekua, kontrakulturaren bi adierazpide izanda, elkarren ondoan, eta elkarri eraginda garatu zirelako. Azken urteotan, diziplinarteko bideek beste urrats batzuk egin dituzte. Adibidez, asko sendotu da bertsolaritzaren eta komikiaren arteko zubi-lana.

Bertsolari aldizkariak 2009. urtetik aurrera komiki-zintak argitaratzeari ekin zion, eta, harrezkero, bide horretan urrats sendoak egin dira. Halako urratsak, euskal kulturako esparru artistiko ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko lagungarriak izan dira, elkar elikatzeko eta sareak egiteko.

Esan daiteke euskal komikigintza gorakada izaten ari dela gaur egun?

Nire ustez, euskal komikigintzan gertatu den aldaketarik handiena da sarea sortu dela. Xabiroi aldizkariko kideek egindako lanari esker, sareak asko indartu dira: komikigileen artean, belaunaldiek elkarren berri izan dute;komikizaleen artean, ekimen asko sustatu dira;komikiaren inguruko irakurketak egin nahi dituztenen artean Komikigunea Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak egindako lana ere garrantzitsua izan da, topagune ere bihurtu delako, etab.

Komiki irakurleak sortzea eta komikizaletasuna hedatzea da orain erronka?

Bai, hori dugu erronka nagusi. Horretarako, komikiak ikusgarri egiteaz gain, kultur kritikaren esparruetan komikiari lekua egitea funtsezkoa da, eta baita hezkuntza arautu zein ez-arautuan ere.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120