Brankaganetik kikuke

Ondo amaitzea helburu

Por Ramon Basaldua - Martes, 20 de Marzo de 2018 - Actualizado a las 06:00h

borrar

Galería Noticia

borrar

aSTE gogorra izan da azken hau Athleticeko jokalari, tekniko eta zaleontzat. Garaipen bategaz hasi arren, zuri-gorriek galdu egin dabez hurrengo partidu biak, aurkariekin ia lehiatzeko aukerarik izan barik ganera, Olympique zein Bartzelona askoz gehiago izan ziran-eta. Europako ametsari agur esan ostean -ametsari dinot ze final laurenetarako sailkatzeko itxaropenak ez egozan errealitatean oinarrituta- Liga txapelketako bederatzi partidu baino ez jakoz geratzen talde zuri-gorriari denboraldiari amaierea emoteko. Hile bi honeetan, aurretik jokatutako berrogeta bost partiduetan lortu ez dabena lortzen ahaleginduko da Kuko Ziganda. Hau da, joko ona egiten eta zaleriagaz konektatzen, denboraldia zapore onagaz amaitzeko helburuagaz.

Athleticek gaur egun dituen mugak oso garbi geratu dira Olympique eta Bartzelonaren aurkako partiduetan. Zaleriak ederto eran-tzun eutsan jokalariek zein entrenatzaileak egindako babes deialdiari eta giro bikaina egon zan San Mamesen Marsellako Olympiqueren aurkako partiduan. Aurretik ikusitakoak ez eban itxaropentsu egoteko arrazoi askorik emoten, baina zaleriak eta taldeak bat egin eben ametsa egi bihurtzeko ahaleginean. Zelaian, baina talde frantziarra goitik behera nagusitu jakon etxeko taldeari. Norgehiagoka hasieran egon zan giro bikaina goitik behera aldatu zan 1-2 galdu ostean eta zaleriak bere hasarrearen barri emon eutsen jokalari eta entrenatzaileari.

Europan jasotako zartakoaren ostean, Zigandaren taldeak Ligako txapelketako estadiorik gatxenean jokatu behar eban munduko talde onenetakoaren aurka. Etxeko taldeak Ligan partidurik galdu barik eta Txapeldunen Ligan Chelsea kanporatu eta final laurak jokatzeko sailkatuta ekin eutson Nou Campeko partiduari. Eta ez zan ezustekorik, gertatu, ez, eta Athleticek galdu egin eban aurreko hamahiru denboraldietan erreskadan egin dauen legez.

Kuko Zigandak zortzi aldaketa egin zituen aurreko partiduan zelairatu eban hamaikakotik taldeari freskotasuna emon gurean edo, Williams eta Aduriz, erasoko jokalari arriskutsuenak, ordezkoen aulkian itxita. Partiduaren hasierak ikaratuta itxi ginduzan. Messi eta enparauek behin eta barriro jaurti eben Kepa Arrizabalaren atera, aurrean inor ez balebe bezala. Athleticeko jokalariak ikaratuta lez egozan, baloiaren atzetik korrika eta pase bi josi ezinik. Zorionez, eta gure atezainari esker, Valverderen taldeak gol bi bakarrik sartu ebazan. Bigarren zatian beste Athletic bat ikusi genduan. Partidua galduta ikusita edo, San Jose, Lekue, Sabin Merino eta enparauak dakien moduan jokatzen hasi ziran eta lan egitera behartu eben aurkaria. Ez eben arrisku handirik sortu Ter Stegenen atean baina zuri-gorriek lan itxurosoa egin eben bigarren zatian.

Datorren asteburuko atsedenaldia ederto etorriko jake zuri-gorriei indarrak hartzeko denboraldiaren azken txanpara begira. Aurretik, Athleticek ez dauka gauza handirik jokoan Ligako azken bederatzi jardunaldietan, Europa zein jaisteko postuak urrun geratzen diralako. Edozelan be, Kuko Zigandak ez dau amore emon gura eta ahalegin guztiak egingo ditu denboraldiari ahalik eta amaiera onena emoteko. Ez da kontu erreza izango baina entrenatzaileak arrazoi osoa dauka ligearen lauren bat jokatzeko dagoala dinoanean eta lauren hori ezin da bota, aurretik egindakoa makala izan dalako. Celta, Deportivo, Levante, Betis eta Espanyolen aurka jokatuko dabe zuri-gorriek San Mamesen eta Vila-real, Real Madrid, Reala eta Alavesen aurka etxetik kanpo. Ia denboraldi amaiera honetan apur bat gozatzeko aukerea emoten deuskun Zigandaren taldeak.

etiquetas: ramon basaldua

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Brankaganetik kikuke

ir a Brankaganetik kikuke »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120