MIKEL INUNZIAGA ‘INUN’ Musikaria eta abeslaria

“Diskoa jaio baino ez da egin, orain jendaurrean erakustea berpizte moduko bat da”

Erritmo sakon eta pisutsuz beteriko zortzi kanta bildu ditu Inun musikariak ‘Aingurak’ bere lan berrian. Martxoaren 22an aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian, Loraldia festibalaren baitan

Jonebati Zabala - 2018(e)ko martxoaren 11a, igandea - 12:50etan eguneratua

Mikel Inunziaga ‘Inun’ musikari eta abeslariak bi disko kaleratu ditu orain arte: ‘Berreginez (2014) eta ‘Da nola’ (2016). IÑAKI MENDIZABAL

Mikel Inunziaga ‘Inun’ musikari eta abeslariak bi disko kaleratu ditu orain arte: ‘Berreginez (2014) eta ‘Da nola’ (2016). (IÑAKI MENDIZABAL)

Galería Noticia

Mikel Inunziaga ‘Inun’ musikari eta abeslariak bi disko kaleratu ditu orain arte: ‘Berreginez (2014) eta ‘Da nola’ (2016). IÑAKI MENDIZABAL

Pop doinu artean bueltan da Mikel Inunziaga Inun (Zornotza, 1983). Erritmo “sakon eta pisutsuak melodia samurrekin” nahastu ditu Aingurak disko berrian. Hirugarrena du hau, eta aurreko lanen arteko “hibridoa” dela dio berak, instrumentala eta pertsonala, baina, azken finean, “entzuleek Inun topatuko dute”. Martxoaren 22an, Bilboko Kafe Antzokiko taula gainera igoko da musikari zornotzarra bere lana aurkeztera, Loraldia kultura jaialdiaren egitarauaren barruan.

2014an argitaratu zenuen zure lehen diskoa, ‘Berreginez’ izenekoa. Gitarra akustikoa esku artean egin zenuen hori. Zelakoak izan ziren zure hastapenak?

Hori izan zen nire lan profesionala, esan dezakegu. Aurretik ere ibili nintzen saltsea-tzen musikarekin, baina serio Berreginez diskoarekin ausartu nintzen. Gainera, grabaketa eta prozesu guztia ni bakarrik egitera animatu nintzen, Looper pedal batekin, eta danbor elektroniko batekin, Urdulizeko Tio Pete estudioetan.

Zergatik momentu horretan?

Galdera ona. Senak esan zidan. Ez dakit zergatik, baina nire bizitzan hainbat faktore gurutzatu ziren eta erabaki nuen hori zela momentua. Abesti batzuk nituen, animo aldetik ere oso animatuta nengoen eta egiteko modua ikusi nuen. Guztia buruan diseinatu eta piszinara jauzi egin nuen.

Orain euskaraz sortzen duzu, baina gazteleraz hasi zinen.

Hori ere izan zen beste motibazio bat. Aurretik gazteleraz egiten nituen kantuak baina ez nintzen guztiz eroso sentitzen, ez bainuen ikusten nire burua lan bat gazteleraz graba-tzen eta publiko egiten. Berreginez diskoarekin euskaraz sortzen hasi nintzen eta hortik ere etorri zen barruko sen hori. Ikusi nuen momentua zela diskoa ateratzeko, eta hori euskaraz egiteko, gainera.


Esan izan duzu lehen ez zinela kontziente euskara sustatzeak dakartzan gauza on guztiez. Zelan etorri zen txip aldaketa hori?

Euskaraduna izan naiz betidanik, baina euskal kontzientzia beranduago heldu zitzaidan. Ez dakit zehazki noiz sortu zitzaidan, baina esango nuke garai hartan izan zela, apurka-apurka lantzen doan zerbait izan da. Berreginez diskoak nire bizitzan (musikalki, behintzat) markatu du musika euskaraz egiteko kontzientzia hori. Gero, urteek aurrera egin ahala, konturatzen zara zer den euskara bultzatzea, zer den euskaldun izatea, hizkuntza minorizatua dela, hegemoniak, zer bultzatu nahi dudan... Hori zaindu eta transmititu nahi dut orain.

Badago alderik euskaraz abestu edo gazteleraz egitearen artean?

Niretzako, euskaldun moduan, askoz interesgarriagoa, politagoa eta konstruktiboagoa da euskaraz egitea, askoz ere erosoago sentitzen naiz;nire kasuan, azken finean, kon-tzienteki egindako aukeraketa bat izan da.

Lehen apur bat arraro sentitzen zinen egiten zenuen musika mota dela-eta, ez omen zen hain gogorra. Jada ez duzu konplexurik horren inguruan.

Musika asko entzun dut betidanik. Nire kuadrillan beti oso musika gogorra entzun izan da. Baina nik sortzeko garaian beti sortzen nuen pop mundutik, gero ñabardura batekin edo bestearekin, baina beti estilo horretan. Pentsatzen nuen ea nire lagunek zer esango luketen sortzen nuenaren inguruan, musika lasaia izanda. Baina, noski, heltzen da momentu bat non konplexu horiek guztiak galdu egiten diren;eta konturatzen zara tontakeria hutsa dela.

Zelan definitu edo deskribatuko zenuke sor-tzen duzun musika?

Gaur egun hainbat musika estilo entzuten da eta hainbat ñabardura sumatzen dira, baina gehiegi ez luzatzeko, nik pop musika egiten dudala esaten dut. Nire eraginen artean oso musikari ezberdinak daude;musika estatubatuarra gustuko dut, baina baita britainiarra ere. Esaterako, John Mayer nire kutunetako bat izan da beti eta izaten jarraitzen du, maisua da gitarra jotzen eta kantak konposatzen. Jorge Drexler oso interesgarria da musikalki, harmonikoki eta baita letrei dagokienez ere. Azkenaldian, Kimbraren lanak ari naiz entzuten, talentu handiko emakumea da.

Askotan pop musika estilo errez edo sinple-tzat jo ohi da.

Pop musika berez ez da oso musika konplexua, jazz-a izan daitekeen moduan. Baina Sting-ek, esaterako, pop-a egin dezake, eta harmonikoki gauza itzelak ditu. Pop hitza popularretik dator, beraz, herritarrei errez heltzeko ahalmen edo berezko ezaugarri hori dauka. Hala ere, nahiko eztabaidagarria da baieztapen hori, nire iritziz. Musika mota guztietan bezala, pop-ean lan onak zein txarrak aurki daitezke.

Disko berria argitaratu duzu, ‘Aingurak’ izenekoa. Zer aurkituko dugu bertan?

Erritmo sakon eta pisutsuak dituen diskoa da, orokorrean, eta horiek melodia samurrekin konbinatzen dira. Kanta ezberdinak daude lan honetan, noski, baina orokorrean horrela deskribatuko nuke diskoa.

Zer dela eta izenburu hori?

Diskoak niretzat pisua du, erritmo sakonak ditu eta aingurek horretatik ere badute. Irudi oso potentea iruditzen zait eta esan beharra dago azken hilabete hauetan, kanta hauek nire aingurak izan direla.

Aurretik ‘Berreginez’ eta ‘Da nola’ diskoak dituzu. Aurreko lanekin alderatuz, zertan da ezberdina ‘Aingurak’? Edo zertan antzekoa?

Berdintasuna, azken finean, ni neu naizela kantu guztietan, Inun topatuko dute entzuleek disko honetan ere. Aurreko bi lanen hibrido bat dela esango nuke. Da nola diskoko kantuak poema musikatuak dira;Berreginez diskoan, ordea, nire letrak badira baina baita Iñaki Mendizabalenak ere. Da Nola diskoaren instrumentazioa du disko honek, talde lan bat baitago atzean;eta Berreginez diskotik hitzak, nire hitzak, pertsonalagoa delako diskoa. Bietatik du, beraz.

‘Da nola’ hainbat euskal idazleren poemak musikatuz osatu zenuen. Poesiarekin, literaturarekin lotua egon da zure aurreko sorkun-tza. ‘Aingurak’ diskoan ere presente egongo da?

Da nola-ren kasuan, kanta guztiak euskal idazleek egindako poemetan egon ziren oinarrituta. Disko honetako hitzetan ere hainbat kolaborazio izan ditut. Jon Benitoren Aingurak erreketan poema laburrean dago oinarrituta diskoa, Iñigo Astizek nire melodia bat hartu eta hortik Piztia zaurituak abestiaren hitzak idatzi ditu eta aurreko lanetan ere nirekin aritu den Iñaki Mendizabalek Nabil banabil eta Oi bihotz kanten hitzak idatzi ditu.

Zelakoa izan da sortze prozesua?

Nik elkarrizketetan beti entzuten ditut gauza zoragarriak, eta ez diot horrelakorik ez dagoenik, baina nire kasuan, behintzat, ez da horrela. Nik maite dut egiten dudana eta badakit musika egiten jarraituko dudala, hori baitut gustuko. Baina esan beharra dago disko baten grabaketa gogorra dela, lan itzela dago atzean, entsegu piloa… Baina gogorra bezain ederra, jakina. Onak irabazten du, argi dago, baina denetik dagoela ere esan egin behar da.

Aurreko lana ia osotasunean zuk zeuk bakarrik grabatu zenuen. Oraingoan zelan egin duzu?

Musikarien parte-hartze handiagoa egon da oraingoan. Ekain Alzola aritu da baxuan, Dani Tomasek gitarra sartu du kanta batzuetan, Sergio Mayoral tronpetarekin aritu da, Bihotz Gorospe koruetan eta Ruben G. Mateosek egin ditu nahasketa eta masterizazioa. Guk beti egiten dugu diskoaren bertsio bat, interpretazio bat. Gero badaude beste kontu batzuk ere;disko batean funtzionatzen duen guztiak ez du zuzeneko batean funtziona-tzen, eta alderantziz. Egokitu egiten da. Esen-tzia mantendu egiten da, jakina, baina musikariak ematen dizkion zertzelada berri horiekin.

Bakarka aritu zara, taldean...oraingoan zelan ikusiko zaitugu taula gainean?

Formatu ezberdinetan, tokien eta aurrekontuen arabera… Norberak egokitzeko gaitasun hori izatea garrantzitsua da. Ni denetan sentitzen naiz gustura, egia esan.

Gogotsu zaude lana jendaurrean erakusteko?

Diskoa amaituta dago, baina, berez, jaio baino ez da egin. Egia da nik hamar mila aldiz entzun dudala jada, baina polita izaten da berpizte hori, jendearentzat gauza berria da eta polita da ikustea nola hartzen duen. Zuzenean jotzea pilo bat gustatzen zait, eta aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian eta talde guztiarekin egitea itzela izango da, jai polita.

Kafe Antzokian eta Loraldia jaialdiaren baitan aurkeztuko duzu ‘Aingurak’. Zelakoa da euskal kulturarentzat erreferentea den areto batean eta gainera horrelako festibal baten egitarauaren barruan egotea?

Niretzat opari bat da, oso gauza polita. Pribilegioa da Euskal Herri mailan horrelako erreferente den toki baten aritzean, euskal kulturaren oasietako batean. Zuzenean jotzea eta horrelako baldintzetan opari handia da. Loraldiaren egitarauaren barruan egotea beste plus bat da, Bilbon bertan, euskal kultura ardatz… Gauza ederra da bertan parte hartzea.

Baduzu ‘Aingurak’ diskoa Euskal Herrian zehar mugitzeko asmorik?

Martxoaren 22ko aurkezpenaren ostean, uztailera bitartean baditugu datak zehaztuta, formatu ezberdinetan: taldeka, bakarka zein Bihotz Gorosperekin batera.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120