antzerkia

Gizartearen herdoila bistaratuz

Gasteizko Pez Limbo konpainiak gizarte harremaneninguruan diharduen ‘Oxido’ antzezlana aurkeztu berridu. Taldeak sortzen duen euskarazko lehen obra daeta maiatzera bitarte hainbat tokitan eskainiko dute

ANE ZABALA - 2018(e)ko martxoaren 12a, astelehena - 11:39etan eguneratua

Pez Limbo konpainiak ikuslearengandik oso hurbil dauden obrak lantzen ditu, eta ‘Oxido’ antzezlan berriena ez da salbuespena. Irudietan, aktoreak oholtzan. PEZ LIMBO

Pez Limbo konpainiak ikuslearengandik oso hurbil dauden obrak lantzen ditu, eta ‘Oxido’ antzezlan berriena ez da salbuespena. Irudietan, aktoreak oholtzan. PEZ LIMBO

Galería Noticia

Pez Limbo konpainiak ikuslearengandik oso hurbil dauden obrak lantzen ditu, eta ‘Oxido’ antzezlan berriena ez da salbuespena. Irudietan, aktoreak oholtzan. PEZ LIMBO

PEZ Limbo Gasteizko konpainiako kideek barrura begirako, emozioei loturiko eta gizarte harremanen bueltako antzezlana sortu dute berriz ere: Oxido. Pertsona bereziek, ez ohiko egoeren aurrean, bizitzaren absurdoari erantzungo diote antzezlan honetan. Hiru antzezlan laburrek osatzen dute obra;hiru egoera groteskok pertsonaia hauen eta bizi diren gizartearen arteko giza erlazioetako herdoila azaleratuko dute.

Hiru espazio desberdinetan biziko den umore garratzeko pieza honen osagaiak ikuslegoarekin hurbiltasuna eta konplizitatea izango dira. Raul Caminok idatzi eta zuzendu du lana, eta egoera berezian dauden eta bizitzaren absurdoari aurre egin nahian ari diren pertsonaia batzuk ditu oinarri. Taula gainean Ainhoa Alberdi Gisasola, Begoña Martin, Aitor Perez Collado eta Raul Camino bera arituko dira.

Hogei minutuko hiru zatik osatzen dute Oxido, eta antzokiko toki jakin batean egingo dute obraren zati bakoitza. Hori dela eta, emanaldi bakoitzak 80 ikusle hartuko ditu, gehienez. Lehenengo pieza, Madam B deiturikoa, aurretik sortuta zegoen. Beste biak, ordea, taldeko sorkuntza lanean sortutakoak dira. Ideia zaparradaren bitartez sortzen joan dira piezak, hilabetez antzezlanaren ideia zirriborratu eta inprobisazioaren bidez. Antzezlana bera ere izpiritu berarekin sortu dute, bost kideen artean. Bigarren piezak Margarita molotof du izena eta hirugarrenak Homo amabilis.

HIRU ATALETAN Sortzailearentzat erronka bikoitza izan da obra bakarra antzerki pieza laburrez osatzea, artifizio gutxirekin eta denbora mugatu batean pieza borobila taularatzea baitu helburu Oxidok. Hiru piezek, berez, ez dute zerikusirik, baina hirurek antzezlan bakarra osatzen dute. Eta atal guztiei nolabaiteko batasuna ematen dien elementu bat ere bada: “guztietan pertsonaia herdoilduak agertzen zaizkigu”, Ainhoa Alberdi aktoreak kontatzen duenez. Alberdik aitortu du hiru piezak ikusita ikusleak ondorioztatu dezakeela denak herdoilduta gaudela. “Momentu batzuetan gizarteak pertsona bat herdoilduta bezala seinalatzen du, baina agian antzezlanean aldrebes ikus dezakegu, funtsean herdoilduta dagoena gizartea delako”, uste du aktoreak. Pieza laburrak direnez, errepikatu egin behar dituzte. Aktoreentzako berezia izan da lan egiteko era hau, bi emanaldi egiten baitituzte. Hala, sei antzezlan bezala bizi dute aktoreek lana bere osotasunean. Azken batean, aktoreengan ere eragiten du horrek, energiari dagokionez batez ere, “sei aldiz goian egon behar duzulako”, ohartarazi du Alberdik.

ABSURDOAREN MUGAN Umorea da antzezlaren ardatza, “umore garratza, antzezlanak berez dakarrena, baina baita antzerki absurdora hurbiltze bat ere”, kontatu du Alberdik. Egoerak pertsonaia horiek eramaten dituen mundu edo lekuek absurduarekin muga egiten dute. “Hasiera batean naturalismotik sortutako pertsonaiak dira, pertsona normal gisa agertzen zaizkigu;antzezlanak aurrera egin ahala, berriz, pertsonaiak itxura groteskoa hartzen dute”, kontatu du aktoreak. Pertsonaiak horrela lantzea oso interesgarria izan da Alberdiren ustez, “bizitzak eta gizarteak sortzen duten horri aurre egiteko umorea ezinbestekoa baita”. Horrez gain, gure buruaz barre egitea “sanoa” dela gaineratu du Alberdik.

Bere aldetik, Aitor Perez Collado aktoreak uste du “bizi garen gizartearentzat arraroak diren pertsonez” hitz egiten duela Oxido obrak: “Herdoilak jota daudela ikusarazten dien gizarte batean bizi diren pertsonez, bizitzari bestelako ikuskera batekin aurre egiten diotenez hitz egiten du”. Ikuslegoa oholtzatik oso gertu izango da obra honetan. Pez Limbok antzerkia ulertzeko duen era da hori, gertuko antzerkia egiten dutelako.

“Aktorea guztiz biluzten da”, aipatu du Perezek. Oso kontzentratuta egon behar du aktoreak halako emanaldietan, ikusleak ia-ia ukitu egin dezakeelako. Bere abantailak ere baditu horrek, talde honetako partaideen iritziz, ikusleak keinu bakoitza gertutik ikusi eta interpretatuko baitu. “Obraren gainean dago ikuslea eta interpretazioak bikaina izan behar du, zuzena;gu segituan ohartzen gara ea ikusleak obrari lotu zaizkion ala ez”, dio Perezek.

EUSKARAZ, ESTREINAKOZ Hizkuntzaren hautuan ere erronka handia hartu du Pez Limbok, izan ere, euskaraz lan egin dute lehenengo aldiz. “Erabaki naturala izan da, euskal antzerkian eta zirkuituan sartzeko ezinbestekoa. Lan handia egin dugu hizkuntzari dagokionez”, kontatu dute. Lehenengo emanaldiekin izandako erantzuna ona izan dela diote, eta lasai iritsi dira estreinaldira, segurtasunarekin. “Beharra genuen ikuslegoarekin antzezlanak konpartitzeko, prozesu luzea izan da eta”, aitortu du Perezek. Martxoaren 9 Elgoibarren eta hilaren 16an Sopelan eskainiko dute Oxido.

etiquetas: ortzadar

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120