IRITZIA

Lobbyak euskal literaturan

PAKO ARISTI - 2018(e)ko martxoaren 8a, osteguna - 14:01etan eguneratua

MAIZ galdetu izan diot neure buruari, ba ote dagoen lobbyrik euskal literaturan. Maiz jaurtitzen dizkit oroimenak halako irudi batzuk, idazle bat kalean aurkitu nuenekoa, lagun taldeaz inguraturik, haren talentuaren edota ongi kokatua dagoenak bana ditzakeen onurak desio lituzkeen gorte bat osatuz bezala, edo halako argitaletxeren publizitate kanpainak, bere zerrendako idazleen argazkiak hedabideetan argitaratuz, halako egunkaritan dagoen elkarrizketa sorta, unibertsitate batzuetako literatura ikerketa sailak, edo web orri batek ezartzen duen galbahe estetikoa, zeintzuk laudatu eta zeintzuk jipoitu erabakitzeko orduan.

Aitortzen dut nebulosa baten gisan agertzen zaidala gaia, ez dudala inon ezer irakurri honetaz, baina susmo batek esaten dit badirela lanaren, propagandaren eta irudiaren banaketa burutzen den botere gune batzuk, idazle batzuen goraipamenera zuzendutako aldizkariak, idazle profil mugatu bat erakusten duten gehigarriak, urtez urte errepikatzen diren hitzaldi eta kultur programazio susmagarriak, ia beti idazle bertsuak deituz hitz egiteko, elkarrizketatuak izateko, kobratzeko, eta horrek dakarren ifrentzua: ia inon agertzen ez direnen izenak, haiei buruz ia ezer ez jakiteraino, zer mania dituzten, zer iritzi politiko, zer konpromiso maila lanarekiko, irudia eta hitza ukatzen zaienak, eta okerrago dena, diru laguntzak, sariak edo kontratu apetatsuak.

Eta zalantza sortzen zait, mundu hori menperatzeko zer egin behar ote den, adiskidantza zehatz batzuk zaindu, botere-gune batzuk ez kritikatu, talde baten babesean sartu, aho bateko adostasun baten alde gauza batzuk isildu (adierazgarria Xabier Leteren inguruko isiltasuna), alderdi politikoren baten iritziekin lerrokatu, begi bistakoak diren hainbat ankerkeriei ez-ikusiarena egin, hau bezalako artikulurik ez idatzi, agian…

Murriztu litezke filia eta fobien arteko bikoiztasunera giza harreman guztiak? Edo posible da talde bateko norbait miretsi, baina beste bateko hura ere bai, edo genero literatura purua idazten duenari aldizkari azal bat eskaini, beste barik?

Ikaragarria izan gabe ere, negozioa bai-baitago euskal literaturan, eta bere inguruko bitartekari anitzetan, Gutun Zuria dela, Literaktum, Durangoko azoka, Ahotsenea, kolaborazio unibertsitarioetan, epaimahaiak banketxeen anparoan… Barka ene inozotasuna, zer egin behar da horietan guztietan agertzeko? Talentua eduki? Hala talentua eta lagun on boteretsuak, hor daudenak eta zuri lekua egingo dizutenak? Zeren truke? Zuk mesedea itzul diezaiezun, eta kritikatik salbatu?Canona deitzen den horretan ez ote da norabide ideologiko bakar bat hobesten, eta baztertzen egoera politiko gotor markatutik aldentzen den pentsaerarik?

Inor oso argi mintzatzen ausartzen ez den gai bat izanik, batzuek izango dira sekretua badakitelako, besteak ez diotelako antzik ematen, ez daukat ohiko heldulekurik ideia garatzeko, hala nola beste idazle batzuen esanak, iritziak, halakok edo honelakok adierazitakorik, salatutakorik, eta nire peskizak labur geratu beharra dauka derrigorrez.

Neure buruari ere maiz galdetu izan baitiot, euskal literaturan lobbyrik baldin badago, neu ba ote naizenlobbyre bateko partaide, jakin gabe ere.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120