DeiaDeia. Noticias de Bizkaia - Noticias de última hora de Bizkaia, Euskadi e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Deia
bertsolaritza

Beteranoek badute oraindik zer esana

Belaunaldi berriek indartsu datozela erakutsi duten arren, eskarmentu luzeko zortzi bertsolarik jokatuko dute bihar Txapelketa Nagusiko finala

Dabi Piedra - 2017(e)ko abenduaren 16a, larunbata - 21:01etan eguneratua

votos |¡comenta!
Unai Agirre hernaniarra lehen aldiz iritsi da finalera aurten. X.D.Z.

Unai Agirre hernaniarra lehen aldiz iritsi da finalera aurten. X.D.Z.

Galería Noticia

  • Unai Agirre hernaniarra lehen aldiz iritsi da finalera aurten. X.D.Z.

Irailaren 23an Baigorrin hasitako bide luzea amaierara helduko da bihar, Barakaldoko BECeko final handian. Txapelketa Nagusiak lau urtero sortzen duen ikusmin izugarriaren erakusgarri izango da biharko hitzordua: 14.000 ikusle inguru harmailetan, sarrera guztiak aspaldi agortuak, atzerriko adituak bertsolaritzaren fenomenoa aztertzen... Baina protagonista nagusiak oholtzan egongo dira: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi.



Orain dela lau urteko finalarekin alderatuz, beraz, aldaketa bakarra dago: Unai Iturriagak ez du aurten parte hartuko, eta haren lekua Unai Agirre hernaniarrak hartuko du. Bera da, hain zuzen, Txapelketa Nagusiko finalean lehenengoz kantatuko duen bakarra. Beste zazpiak 2013an ere igo ziren BECeko oholtzara. Agirrek ere badu eskarmentua txapelketan, baina aurreko edizioetan finaletik koska batera geratu zen. Bereziki aipagarria izan zen 2013an gertatu zitzaiona: Finalaurrekoetan Aitor Sarriegirekin berdinduta bukatu zuen finalerako azken tokia eskuratzeko lehian, eta berdinketak hausteko irizpideek Sarriegiren alde egin zuten.



Honenbestez, finala beteranoen arteko lehia izango dela esan daiteke. Gazteena Beñat Gaztelumendi da, baina añorgarrak badaki zer den BECen kantatzea, baita Gipuzkoako txapeldun izatea ere. Aurretik Euskal Herriko txapeldun izandako bi egongo dira BECen, 2009ko irabazle Maialen Lujanbio eta 2013ko Amets Arzallus. Txapelketako saiorik jokatu gabe iritsiko da azken hori finalera eta, beraz, ikusi egin beharko da lehiari neurria nola hartzen dion. Lujanbiok, aldiz, egundoko erakustaldia eman zuen finalaurrekoetan, batik bat Irungo saioan. Aitor Mendiluze ere bete-betean aritu zen fase horretan.

GAZTEAK ATE JOKA Belaunaldi berriek ere eman dute zeresana aurtengo txapelketan. Plazaz plazako jardunean eta herrialdeetako txapelketetan erakutsi dute lekukoa hartzeko prest daudela. Aipagarria da final laurdenetan Oihana Iguaranek 714 puntu eskuratu zituela. Alaia Martinek, Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek ere saio bana irabazi zuten. Finalaurrekoetan, ordea, beteranoen eskarmentua eta patxada gailendu dira. Hala ere, Amurizak eta Iguaranek azken unera arte eutsi diete finalean sartzeko aukerei.



Jon Maia eta Jon Martin ere BECeko ateetan geratu dira. Txapelketa Nagusiko finaletako klasiko bat bihurtua zen Maia, baina 2013an eta aurten huts egin du. Badirudi azken txapelketa izan duela 2017ko hau, baita Jon Martinek ere. Bestetik, Nafarroako eta Bizkaiko txapeldunak, Julio Soto eta Etxahun Lekue hurrenez hurren, indartsu hasi ziren final laurdenetan, baina finalaren atarian lana biribildu ezinda geratu ziren.



HITZORDU BEREZIA Urte askotako ahaleginaren ondoren, beraz, egun berezia izango da biharkoa Unai Agirrerentzat. Behin finalera iritsita, ez da konformatzen BECeko oholtzan egotearekin, barruan daraman onena eman nahi du: “Saiatuko naiz zertarako gai naizen erakusten, neurria eman nahi dut, erori gabe”. Plazako bertsolaritzan gustura ari-tzen da hernaniarra, eta pozik dago, txapelketan kantaera horrek ere lekua baduela erakutsi ahal izan duelako.



Aitor Sarriegirentzat ere hitzordu berezia da biharkoa, azken txapelketa izango duela iragarri baitu. Lan txukuna egiteko “gogotsu” dago, izan ere, adierazi duenez, “agur esateko finala baino toki hoberik ez dago”. 2013ko finaletik 2017kora ez da aldaketa handirik izan, parte-hartzaileei dagokienez behinik behin. Txapelak buruz aldatu ala Amets Arzallusen buruan segituko duen, berriz, bihar iluntzean jakingo dute zaleek.

votos |¡comenta!

Herramientas de Contenido

COMENTARIOS: Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

destacado mail

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120