Brankaganetik kikuke

Urruneko intxaurrei begira

Ramon Basaldua - Martes, 1 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:08h

borrar

Galería Noticia

borrar

HILABETE be ez da igaro 2017-18 denboraldiko Athletic martxan hasi zanetik eta aitortu behar dot ez nagoala pozik taldearen inguruan sentitzen doten giroagaz. Sarritan etxekoa bere benetako neurrian balorau beharrean urrunekoari begira egoten gara hobea dalakoan. Baina jakina, badakizue zer jazoten dan urruneko intxaurrekaz, asagotik ugari dirala baina hurreratu eta urritu egiten dirala. Kontuak kontu, Kuko Ziganda eta bere lan taldea hasi baino ez dira egin eta goizegi da balorazinoak egiten hasteko. Hasierak ez dira errezak izaten, are gitxiago aurreko etapan emaitzen listoia hain goian itxi ostean. Hori dala-eta, Zigandak eta enparauek guztion babes osoa behar dabe denboraldi barriaren hasiera honetan.

Athleticek ez dau fitxaketarik egin uda honetan eta Bilbao Athleticeko hiru gaztegaz osotu dau lehen taldeko plantilea. Berenguer eta Mikel Merinoren atzetik ibili ei dira Ibaiganetik. Azkenean, ostera, batak zein besteak ez dabe Bilborako bidea hartu, beste aukera batzuk erakargarriagoak ikusi dabezalako. Argi esanda, Berenguerrek eta Mikel Merinok gurago izan dabez Torino eta Newcastle Athletic baino. Honen inguruan esan behar dot, ez dotela lorik galduko jokalari bi horreen fitxatekak ez diralako gauzatu. Beste zale batzuk, ostera, oso hasarre agertu dira Athleticek aukera bikaina galdu dauelakoan taldea indartzeko. Ez dot esango Merino eta Berenguer jokalari txarrak diranik, ez, baina etxean dogunari begiratuta ez dot uste gaur egun Athleticen titular izango liratekeenik. Mikel Merino eta Mikel Vesga antzeko jokalariak dira eta Berenguerren lekurako Iñigo Cordoba daukagu, etorkizun handiko jokalaria eta aurten bertan ezker hegalari haize freskoa ekarriko deutsona. Urruneko intxaurrei begira egon beharrean balorau daigun etxean daukaguzanak oso onak dira eta. Nire herrian esaten dabe urrunean ikusten diran arrain sardak hegaluzez ganezka egoten dirala baina hurreratzean ez dala alerik aurkitzen.

Zazpi partidu zuzendu deutsoz Kuko Zigandak Athletici eta dagoenekoz hasi da lehen kritikak jasoten, batez be Bucurestin jokatutako partiduaren ostean. Baten batzuk dinoe Valverderen lau urteko etapearen luzapena baino ez dala Ziganda. Egia esateko, ez dakit zer itxaroten eben. Hasteko, entrenatzaile barriak ez dau astirik izan gauza handirik aldatzeko, besteak beste aurredenboraldiari ekin eta egun gitxira Europa Leagueko kanporaketeari aurre egin beharra euki dauelako. Ez litzateke lojikoa izango iraultza bat egitea taldean hain kanporaketa garrantzitsuaren atarian. Beste alde batetik, Ernesto Valverderen azken lau denboraldietan taldeak lortu dauena lortuta, egokia izango litzateke entrenatzaile barriak beste bide bati ekitea? Nire uste apalean ondo funtzionau dauena ez da askorik ikutu behar. Eta Kukok behin eta barriro esaten dauen lez, hoberantz egiten ez dauenak txarrerantz egiten dau. Seguru nago Athletic honek hoberantz egingo dauela.

Denboraldiko lehen finala jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen. Bucurestin ikusitakoaren arabera, Zigandaren taldeak ez leuke arazo handiegirik izan behar hurrengo kanporaketarako txartela eskuratzeko. Zuri-gorriak aurkariak baino gehiago dira eta ezin dabe huts egin. Garrantzitsua izango litzateke denboraldiko estreinako partiduan zaleriak eta taldeak bat egitea. Abiapuntu ederra izango litzateke.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Brankaganetik kikuke

ir a Brankaganetik kikuke »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120