Talaieroa

Sexu gehiegikeriei, ezetz!

Erramun Osa - Miércoles, 19 de Julio de 2017 - Actualizado a las 11:33h

Erramun Osa

Erramun Osa

Galería Noticia

Erramun Osa

Ez dakit garai batean baino gehiago gerta-tzen ote diren... edo bizi garen gizartean, non ia dena oso denbora laburrean barreiatzen den, gertaerok errazago eta bizkorrago zabaltzen direlako den. Kontua da sarriegi gertatzen direla nonahi eta nolanahi sexu gehiegikeriak, are gehiago jai zein bestelako ospakizunak tarteko direnean. Sasoi batean ere egongo ziren, gehien-gehienak gizartearen nolabaiteko konplizitatea bidelagun zutela edo beste aldera begira zegoen bitartean. Zorionez, egun ez dago horrelako konturik inolaz ere onartzerik, ez eta zuritzerik ere. Nork aldarrika dezake askatasuna, lagun hurkoaren borondatea eta nahia errespetatzera iristen ez denean?

Jarrera kontua eta gizarteak horrelakoak onartzen ez dituela garbi adieraztea da... halakoetan ez dagoelako beste aldera begiratzerik, urruneko kontua balitz bezala hartzerik. Gehiegikeriak ahalbidetzen dituen ur-emaria eten behar da, nagusikeriazko jarrerak baztertuz, norbait menpeko eta nahierara erabiltzeko modukoa dela zabaltzen duten mezuak saihestuz eta salatuz, norbait gutxietsi asmoz egiten diren txisteei eta bestelakoei aurre eginez.

Ezin dira barre algaraka, arinkeriaz hartu jai zein bestelakoetan erakusten diren jarrerak, jendaurrean erakusten diren kamisetak eta askotariko eranskailuak, gertaeren larritasuna lausotzen eta pertsonak beheratzera iristen direnak. Are gehiago, harrigarria da halakoetan emakume batzuen parte hartzea... Gertatzen ari direnak ez baitira xantza eragiten duten horietakoak.

Jendea ahalik ondoen ibil dadin, lagun hurkoari errespetua erakutsiz eta giza-duintasuna galdu gabe. Egin dezagun are gehiago den-denok, herri-erakundeok, gizarte eragileok, herritarrok oro har. Egin dezagun dezakegun guztia orban hau desager dadin. Guztiek izan dezaten ahalik ondoen igarotzeko modua, etxerako bueltan, kale bazter batean norbaitek mendean hartuko zaituela beldur izan gabe... eta halakorik gerta badadi biktimari erakutsi diezaiogun behar duen hurbiltasuna eta berotasuna, enpatia, elkartasuna, trantze zail hori ahalik ondoen gainditzeko modua izan dezan, ezeren errurik duela barruratzen laga barik.

Saia gaitezen eskolan, familia-giroan eta lagunartean errespetu hori lantzen, edanak zein bestelako gaiak kontsumitzeak ezer ez duela baimentzen... justifikatzen argi eta garbi utziz. Bizi gaitezen! Bizi daitezen guztiak bakean, herrietako eta auzoetako jaiak disfrutatuz, norberaren gorputzaren zein desiren jabe izanik... askatasun guztiarekin!

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120