musika

Bizirik dirauten naufrago errebeldeak

Lekeitioko Etsaiak hardcore-punk talde mitikoaren ‘mutazioa’ omen da Etsaiakeroak banda berria, jatorrizko kide den ‘Auo’ abeslaria buru duena. ‘Naufragoak’ diskoarekin biran dira Euskal Herritik, eta berriki Kuban ere izan dira

Amaia Santana - 2017(e)ko uztailaren 9a, igandea - 12:27etan eguneratua

'Naufragoak', EtsaikeroakVER VÍDEOReproducir img

(Youtube/Baga Biga Produkzioak)

Galería Noticia

'Naufragoak', EtsaikeroakReproducirAitor Ibarra ‘Auo’ abeslaria da Etsaiak-eko ordezkari bakarra proiektu berrian.

Nahi izan dudana egin dut beti”, baieztatu du ziurtasun osoz Aitor Ibarrak (Auo), Etsaiakeroak taldearen ahots eta alma materrak. “Oso pozik nago Etsaiakeroak proiektu berri honekin, kristoren energia daukagu zuzenekoetan: dena ematen dugu oholtzan”, adierazi du. Eta ez bakarrik eszenatokian, antza: “Gero eta gehiagotan oholtzatik jaitsi eta publikoarekin bat egiten dut, edo hasten naiz korrikan ingurutik, bueltaka... Eskemak apurtzea bilatzen dut eta une honetan hori egiteko eroso eta solte sentitzen naiz”, gaineratu du.

Etsaiakeroak talde eraberrituaren lehendabiziko lana da Naufragoak EP-a (Baga-Biga, 2016), bost kantuz osatua. Basauriko Luberri eta Mutrikuko AME estudioetan grabatuta, masterizazioa Berrizko Lorentzo Records-en burutu da. Hardcorea, punka nahiz metal soinuak osagai dira disko honetan. Soinua “askoz sendo eta trinkoagoa” bada ere, Etsaiak taldearen ezaugarri zen indar hori mantentzen da nolabait, hortik izenburua, beraz: “Gure-tzat ezinbestekoa da egurra ematea, horretan naufragoak sentitzen gara, biziraun duten naufragoak, alegia -argitu du Auok-;faltan dugu taldeek kaña gehiago ematea, egia esan. Azken hamarkadan hamaika aldaketa eta egoera bizi izan ditugu;mutazioa eman da musika eszenan ere. Ildo horretatik, iraganeko lekukoak sentitzen gara, jendeak eskatu egiten baitigu galdutako gauzak mantentzeko”, gehitu du.

Etsaiak taldea bide (1987-2017), hainbat belaunaldiren euskal hardcore eta punk borrokalariaz osatutako soinu-banda sortu zuen Auok. Orain, aipatu taldeko kide ohi bakarra da Etsaiakeroak-en. Halaber, gainontzeko kide guztiak musikari profesionalak izaki (gehienak musika irakasle ere badira), Auo “solfeoari buruz ideiarik ez” duen bakarra ere bada. “Taldearen maila musikala sinestezina da, oso profesionalak dira -azpimarratu du-;entseguetan maiz aritzen dira eztabaidan, partiturak hartuta, hasten dira que si la negra, que si do, que aquí cae a bloque... eta ni barrez leher-tzen naiz, ze ez baitakit zertaz ari diren ere!”, aitortu du barrez.

Auorekin batera Etsaiakeroak osatzen duten beste naufrago-aliatuak dira Nikola (bateria), Txus (gitarra), Axular (perkusioa), Jorge (baxua) eta Dann (gitarra). “Egundoko musikariez” inguratu den heinean, solfeoa ikasteko asmorik ote duen galdetuta, zera dio Auok: “Ez, ni horrela geratuko naiz. Jarraituko dut naufrago izaten arlo honetan ere. Punk arimaren ordezkaria naiz taldean”, erantsi du. Gainera, Etsaiakeroak proiektuari esker, Euskal Herriko hainbat herritako plazak bisitatzeko parada izan dutela azpimarratu du, berriro nahiz estreinakoz. “Pozik nago, urteetan jarraitu gaituen jendearengana heltzeko aukera izan dugulako”, eskertu du.

Azken boladan bira “gogotsu” hartu dutela dio;izan ere, berriki Zamudion eta Diman izan ondoren, Naufragoak deritzon biraren hurrengo data batzuk hauek dira: Iruñea (hilak 11), Orereta (hilak 21), Busturia (hilak 24), Agoitz (abuztuak 12), eta baita Bilboko Aste Nagusia ere (abuztuak 22), besteak beste. “Gure zuzenekoak ikuskizun ikaragarriak dira, bereziak, show-a emateko irrikan naiz”, berretsi du.

Kubako ‘erromeria’ Berriki bete duten beste helburu bat Kubara egindako bidaia izan da. “Oso bira berezia izan da, maiatzean, aste betez, lau kontzertu eman genituen jarraian eta jendearen erantzuna gogoangarria izan zen”, dio abeslariak. Berebat, Euskal Herriko punk-enbaxadoreak izan ziren, Rockmerías de mayo deritzon nazioarteko festibalean gonbidatu euskaldun bakarrak izan baitziren. “Mundu guztiko taldeak bildu ginen bertan, eta oso esperientzia aberasgarria izan da;besteak beste, ohartu gara metalaren mundua oso zabala dela eta mentalitate irekia duela. Era berean, badirudi punkaren bultzada bueltatu dela Kubara”, azpimarratu du Auok.

Hala ere, ezbeharren bat ere jasan zuten, zorionez gaur pasadizo bat baino ez dena. “Lehendabiziko kontzertuan, La Habanako La Madriguera zentro kulturalean, hain emozionatuta geunden guztiok, jendeak gure gitarrista bolandan eraman zuen;eta, zoritxarrez, erori eta hanka apurtu zuen. Edonola ere, ospitalera joan ostean, jarraitu egin genuen birarekin, ez zen oztoporik izan naufragoentzat, inondik ere!”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120