Zirrikituetatik begira

Irudimena

Juanjo Olasagarre - Sábado, 8 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:09h

SeGUR aski oker baina Euskal Gatazkaren eremu politikoko gertakariak bitan banandurik ikusteko joera daukat: alde batetik, ezker abertzalea eta defendatu zituen baloreen izenean egindakoen ondorioak;bestetik, Estatua eta ingurukoak. Horrela ageri zaizkit bitan banaturik aurreko astean Errenterian ETAren hiru biktimen familiei egindako omenaldia eta Altsasuko gazteei fiskaltzak eskaturiko 50 urteko zigorra.

Julen Mendozak irudimena, edo hobe irudimen eza, aldarrikatu zuen biktimen familiekiko axolagabezia azaltzeko orduan, irudimenak “bestearen tokian” jarrarazi eta bortxa politikoa eten zezakeelakoan.

Nik uste dut, aldiz, ez zela irudimen kontua izan baizik eta afektoen halako ekonomia bat non bakarrik kideen sufrimendua irudika zitekeen, kideak “gu” zirela. Ezker abertzalekoei ez zi-tzaien irudimena falta izan, baizik eta gu ez zirenei maitasun gai, eta, ondorioz, irudika gai izatea aitortu izana.

Horren arrasto Euskal Literaturaren baitan biktimek izan duten agerpen berantiar eta urriarekin. Etorriko haiz nirekin? (1984) Hernandez Abaituaren nobelan aipaturik (ez oraindik beren ahotsez) ageri diren biktimak bide malkartsua izan dute euskal liburuetan bere tokia egiteko, Jokin Muñozen Bizia Lo (2003) edo Iban Zalduaren Itzalak (2004) arte, demagun. Denbora tarte horretan irudimena falta izan zen? Ez dut uste, falta izan zena barrikadaren beste aldean zegoen hori irudikatzeko “gu” baten onartzea, irudikaturiko mundurik arraro eta arrotzenei ere mundutasuna onartu behar bai-tzaie;eta, iruditzen zait, “beste aldekoei” izatea bera ukatu izan zaie.

Zentzu horretan, irudimena afektoen ondotik dator, eta ez alderantziz.

Hala, tabernako elkarrizketa batean -ez naiz epaitegiez ari hori beste kontu bat baita- norbaitek Altsasuko gazteei bi guardia zibil jipoitzegatik 50 urteko zigor eskaera zuzena dela argudiatuko balit, ez nioke argudioaren zitala irudimen gabeziari egotziko, baizik eta gazteak errotiko gaiztakeria bakarrik onartzen duen “terrorista” izenondo zakuan sartu izana, terrorista baten sufrimendua berez baita irudika ezina, harekiko enpatiarik nimiñoena ere ezinezkoa delako berez.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120