29. edizioa

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariek "Eguna" eta "Ortzadar" aintzatetsiko dituzte larunbatean

Ortzadar, "Deia" egunkariak 1997an sortua, Noticias taldeak kaleratzen du astero

EP - 2017(e)ko uztailaren 4a, asteartea - 11:23etan eguneratua

Ortzadar 01-07-2017

Ortzadar 01-07-2017

Galería Noticia

Ortzadar 01-07-2017

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak ezagutarazi eta banatuko dira datorren larunbatean, uztailaren 8an, Andoaingo Bastero Kulturgunean eguerdiko 12:00etan izango den ekitaldian. Aurten, sariez gain, bi Aipamen Berezi ere egitea erabaki du epaimahaiak: "Eguna" euskaraz egindako lehen egunkariaren Aipamen Berezia batetik, eta "Ortzadar" asteroko gehigarriarena, bestetik.

Aurtengoa sarien 29. edizioa da. "30 urte betetzeko atarira iritsi da, hortaz, euskal kazetaritzaren sari aitzindari eta dekanoa den Rikardo Arregi Kazetaritza Saria", Andoaingo Udaletik nabarmendu dutenez. "Euzkadi" egunkariaren enpresa berekoa zen "Eguna", baina zuzendaritza eta erredakzio talde propioa zituen. "Eguna" da euskaraz egindako lehen egunkaria. 1937ko urtarrilaren 1ean kaleratu zuten, Bilbon.

Garai hartako jazarraldi faxistaren eraginez, ibilaldi laburra izan zuen, sei hilabete eskasekoa, eta 139 zenbaki. "Euskal kazetaritzaren joan-etorrian mugarri garrantzitsua eta goraipatzekoa da "Eguna", eta horregatik, aurten 80 urte bete direnez sortu eta kalean iraun zuela, Aipamen Berezia egitea erabaki da", azaldu dute. Bizkaiko Foru Liburutegia da Euskal Herrian gure egunetara iritsia den "Eguna" egunkariaren bilduma oso eta ezagun bakarra gorde duena, aurrena ezinbestez "ezkutuan" eta gero jendaurrean.

Bestalde, "Ortzadar" asteroko gehigarriak 20 urte bete ditu asterik aste euskarazko literatur eta kultur sorkuntzaren berri ematen. "Deia" egunkariak 1997an sortua, Noticias taldeak kaleratzen du astero. "Erdal hedabide batean leku propioa, txikia bada ere, lortu izana aintzat hartu nahi izan du epaimahaiak haren 20. urtebetetzean", adierazi dute.

29 URTE

Andoaingo Udalak sortu zuen duela 29 urte Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta harrezkero, urterik urte, hutsik egin gabe, deialdia egin du, Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru laguntzarekin. "Asko aldatu dira euskarazko kazetaritzaren egoera eta nondik norakoa Kazetaritza Sari honen 29 urteko bizialdian. Nolanahi ere, sortu zenean bezala orain ere, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua da euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea", azaldu dute.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian hiru sari emateko aukera du epaimahaiak: "Kazetari berria" saria 27 urtez azpikoentzako, "Epamahaiaren sari berezia" eta sari nagusia den "Rikardo Arregi Kazetaritza Saria". Sari nagusiaren irabazleak 9.000 euro garbi eta "Kazetari berria" atalarenak 3.000 euro garbi jasoko dituzte, Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura banarekin batera. Epaimahaiaren sari berezirik balego, Xabier Lakaren serigrafia eskuratuko luke. Hori guztia datorren larunbatean ezagutuko da Andoaingo Bastero Kulturgunean.

Aurtengo epaimahaia osatu dutenak ondorengoak dira: mahaikide izan dira komunikazio arloko adituak diren Goio Arana Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Maria Gonzalez Gorosarri Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea eta Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakaslea;mahaiburu eta idazkari lanetan aritu dira Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia eta Patxi Baztarrika Euskara Zerbitzuaren arduraduna, hurrenez hurren.

Datorren larunbatean izango den sariak ezagutzera eman eta banatzeko ekitaldian emango dira "Eguna" egunkariaren eta "Ortzadar" gehigarriaren Aipamen Berezien agiri diplomak. Sari banaketa ekitaldia bertaratu nahi duen edonorentzat irekita dago, eta bertan izango dira, saridunak ez ezik, epaimahaikideak, Rikardo Arregiren familiakoak, Ana Carrere Andoaingo alkatea eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, besteak beste.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120