Cost europar programak finantzatzen du

EHU, 25 herrialdetako 200 adituren buru da astrofisika eta kosmologiako ikerketa batean

Proiektuaren helburua da lankidetzaren bidez eta jakintza alor askotatik ikertzea nola zabaldu daitekeen Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria orain arte frogatzerik izan ez den eskaletara

ep - 2017(e)ko uztailaren 3a, astelehena - 10:51etan eguneratua

Ruth Lazkoz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko irakaslea.

Ruth Lazkoz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko irakaslea. (EHU)

Galería Noticia

Ruth Lazkoz, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko irakaslea.

Ruth Lazkoz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko irakaslea da Cantata sarearen presidentea (Cosmology and Astrophysics Network for Theoretical Advances and Training Actions). Cantata lau urteko ikerketa proiektu bat da, 25 herrialdetako fisika grabitazionaleko eta kosmologiako 200 adituk baino gehiagok hainbat jakintza alorretan egiten duten lana koordinatzen du eta Cost europar programak finantzatzen du. Proiektuaren helburua da lankidetzaren bidez eta jakintza alor askotatik ikertzea nola zabaldu daitekeen Einsteinen erlatibitate orokorraren teoria orain arte frogatzerik izan ez den eskaletara.

BILBO. EHUk prentsa ohar batean adierazi duenez, unibertsoa zabalduz doa, gero eta azkarrago, eta zientzialariek, ordea, ez dakite azaltzen nola eta zergatik gertatzen den hori. Azken urteotan egindako behaketek agerian utzi dute unibertsoak ez duela jokatzen Einsteinen grabitatearen teoriaren arabera espero zitekeen bezala.

"Guk ezagutzen dugun grabitatea erakarpenezkoa da, baina unibertsoaren hedapena azeleratzeko, nahitaezkoa da aldarapenezko grabitate bat izatea. Esate baterako, Einsteinen erlatibitatearen arabera, ezin uler dezakegu erabat bi planetek elkar aldaratzea elkar erakarri beharrean, gure intuizioak esaten baitigu grabitateak erakargarria izan behar duela", Ruth Lazkoz EHUko doktoreak azaldu duenez.

Hala, EHUko Grabitazioa eta Kosmologia Ikerketa Taldeko ikertzailearen esanetan, "oso garrantzitsua da grabitate teoria berriak eta haien inplikazioak aztertzea, esku artean ditugun behaketa datuak behar bezala interpretatu ahal izateko".

Lazkozek gidatzen duen Cantata proiektuan fisika teorikoaren, kosmologiaren eta astrofisikaren alderdi osagarriak hartzen dira kontuan. Proiektuak lau urteko iraupena du, eta 25 herrialdetako fisika grabitazionaleko eta kosmologiako 200 adituk baino gehiagok hainbat jakintza-alorretan egiten duten lana koordinatzen du, Einsteinen teoriak huts egiten duen eskaletan erlatibitate orokorretik harago joateko aukera aztertzen duen ikerketa bat aurrera eramateko.

"Cantata proiektuak, funtsean, ikertu behar du ba ote den modurik jakiteko, eskura ditugun datu astrofisikoekin, ea Einsteinen teorietatik harago joan beharra daukagun, azaltzeko, adibidez, zergatik aldentzen diren galaxiak elkarrengandik era azeleratu batean eta zergatik ez duten elkar frenatzen edo, beste era batera esanda, zergatik gertatzen den unibertsoaren hedapen azeleratua", Lazkozek azaldu duenez.

IKERKETA SAREA

Cantata proiektuaren helburuetako bat da zenbait herrialdetako ikerketa taldeen artean lehendik zegoen lankidetza hobetzea eta, alor horretan, Europako ikerketa sare indartsuagoa eratzea. Proiektuari esker, sarea osatzen duten jakintza alor anitzeko taldeek norabide berean egiten dute lan, ideiak trukatuz, eta ikertzaileek beste herrialde batzuetan egonaldiak egiteko aukera eta mugikortasuna sustatzen dira.

Proiektuak urtebete du dagoeneko, eta Lazkozek "oso balorazio positiboa" egin du, aukera eman baitu lehen oso modu independentean jarduten zuten ikerketa talde ugariren lana agerian jartzeko. "Proiektuak entitate izaera eman digu guztioi", azpimarratu du.

Halere, lankidetzazko ikerketaz eta aditu eta alor guztien artean sinergiak sortzeaz gain, proiektuak balio handia ematen die ikerketa munduaren beste alderdi sozialago batzuei, Cost europar proiektuaren finantziazioari esker.

Proiektuak aukera handiak ematen dizkie ikertzaile gazteei aurrera egiteko, trebatzeko eta hazteko, eta garrantzi handia ematen dio haiek ikusgai egiteari. Bestalde, sareko ikertzaile seniorren eta ikertzaile gazteen arteko elkarrekintzak bideratzen ditu, mintegien, topaketen eta workshopen bidez. Halaber, proiektuan arreta berezia jartzen da orain arte ikerketa gaietan oihartzun handirik izan ez duten herrialdeak proiektuan sartzeko. Genero berdintasuna sustatzen da, garrantzi handia ematen baitzaio emakumezko zientzialarien ahalduntzeari.

Lazkozek azaldu duenez, "unibertsoa eta haren historia osoa hobeto ulertzen saiatzen gara, Big Bangetik hasita, gaur egun arte: hasierako hedapen azeleratuaren etapa nola izan zen;nola sortu zen gaur egun ezagutzen dugun egitura;nola ari den zabaltzen... Ikaragarri zaila da grabitatearen deskribapen bat aurkitu ahal izatea, ebazteko geratzen diren problemak gero eta zailagoak baitira". Ikertzaileak adierazi du proiektua etorkizuneko kolaborazioen hazia izatea gustatuko litzaiekeela.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Euskadi

ir a Euskadi »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120