iritzia

Poesia eta Montoro

Pako Aristi - 2017(e)ko uztailaren 2a, igandea - 11:21etan eguneratua

Zail egiten da irudikatzea poesia eta Montoro hitzak esaldi berean deklinatu daitezkeenik, ezta? Baina hara non Bilboko udalak antolatzen duen Blas de Otero poesia lehiaketak erdietsi duen balentria harrigarria. Ohiko oinarrien ondoren, irabazleari ordaintzeko honako baldintza jarri baitute: Zerga-betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzea, hasitako urtean administrazio eskudunak eginak dituztela, baita Gizarte Seguran-tzarekiko betebeharrak ordainduta ere, hasitako urtean Diruzaintza Nagusiak egindako ziurtagiriaren bitartez.

Lehen aldia da holakorik irakurtzen dudala sari batean, eta oso larria deritzot, kontraesanean baitator poesiaren ezaugarriekin: hain dira urriak salmentak, non poetak sarietara jo beharra daukan bere lanari etekina aterako badio, eta baliteke haren egoera kontributiboa ez izatea idilikoa. Zer gertatuko da poesia lan bat saritu, baina egilea ez badago Gizarte Segurantzarekiko “betebeharrak ordainduta”? Bigarrenari emango zaio saria, poeta kaskarrago bati? Lege berriren bat izango da, baina justizia gutxi egiten dio sor-tzaileei.

Mezua garbia da: sari bat irabazteko (eta kobratzeko), aurrerantzean, ez da aski izango poeta ona izatea;hiritar zintzoa ere izan beharko duzu. Hiritar zintzoa: konplitua, burokraziajale, zorgabea administrazioaren aurrean. Eta Bilboko udalaren ekimen honek osterantzeko sarietara zabalduko den traza guztiak ditu, sarien auditoria legalista baten eskaladako lehen harria dela. RGI literatur sarietara egokitua.

Baina noiz izan dira poetak hiritar zintzo? Ez al ditugu, hain zuzen ere, horregatik maitatzen? Ezberdin direlako, asozialak askotan, bizitza beste begi batzuekin ikusten eta transmititzen digutenak, lan arautua jasan ezin eta alaikiro eta askeago bizitzen ausartu direnak? Galdera asko egin ditzakegu. Zer bilatzen dugu poeta batengan, poema onak idaztea ala hiritar eredugarria izatea? Ordain-tzen al zuen zergarik Edgar Allan Poek? Eta Charles Bukowskik? Arthur Rimbaudek ordaintzen al zuen pisuaren alokairua hilero? Zergatik debekatu zituzten Anna Ajmátovaren poemak Sobiet Batasunean, eta idazlea deportatu, ez bazen gobernuak traidoretzat jo zuelako? Pessoak, Kavafisek, Celayak, Arestik, Cocteauk, Tzarak, Miltonek… ez ote zuten utzi ordaindu gabe asegururen bat, kredituren bat, kontribuzioa urteren batean? Eta zer axola zaigu?

Ikara handiko bi mezu zabaltzen ditu aurtengo Blas de Otero lehiaketak. Bata, poesia jarduera ekonomikoa da, eta poeta langile autonomo bat. Baina errealitatea ez da hori. Poetek, idazleek, oro har, herri baten ondare kulturala aberasten dute, gehienetan ia ezer jaso gabe trukean. Hau egia dela zin dagizuet. Idazteko gogoa eman eta piztu beharrean, sistema honek kendu egiten du, itzaldu. Eskoletan oso garbi ikusten da. Idazleak Ikastetxeetan programaren baitan aurten 1.200 ikasleri zuzendu banatzaie, denei galdetu diet ea zer izan nahi zuten handitan. Albaitari, futbolari, sukaldari, polizia, ile-apaintzaile… Batek bakarrik esan zuen, lotsati, “ni idazle!”. Haiengan ez du pozik sortzen idazle izateak, ez da emozionantea, ofizio aspergarri eta pobrea baizik.

Bigarren ondorioa orokorra da: pobreenekiko kontrolak areagotu, aberatsenek aske jarraitzen dutelarik euren iruzur, lapurreta masifikatu, pribilegio eta jubilazio iraingarriak gozatzen. Eta horietako asko, administraziotik bertatik.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120