musika

Pop-a, doinu eta mami

Bilbo inguruko Zazkel taldeak bolada oparoa darama. Iazko Banden Lehia eta orain gutxi Leioako Pop-Rock lehiaketa irabazita, BBK Live jaialdian ariko dira aurki, euren ‘Euskal Pop Erradikala’ lau haizetara zabaltzeko gogoz

Olatz Prat - 2017(e)ko ekainaren 25a, igandea - 11:58etan eguneratua

Etxahun Arregi, Asier Martinez, Axier Villan, Jon Tolosa, Oscar Rodriguez eta Irati Arregik osatzen dute taldea.

Etxahun Arregi, Asier Martinez, Axier Villan, Jon Tolosa, Oscar Rodriguez eta Irati Arregik osatzen dute taldea. (ZAZKEL)

Galería Noticia

Etxahun Arregi, Asier Martinez, Axier Villan, Jon Tolosa, Oscar Rodriguez eta Irati Arregik osatzen dute taldea.

Leioako pop-rock Lehiaketan irabazi ahal zituzten sari guztiak irabazita ekin dio uda sasoiari Zazkel taldeak. Joan den astean izandako finalean pop talde onenaren saria, euskarazko kanta onenaren saria eta lehiaketako irabazle absolutuaren saria eskuratu zituzten bizkaitarrek. Hau ez da, gainera, taldeak irabazten duen lehen saria, izan ere, iazko Banden Lehian garaileak suertatu ziren, eta horri esker, besteak beste, diskoa grabatzen hasiko dira datorren hilean.

2012 sortu zen taldea Bilbo inguruan. Etxahun Arregi (ahotsa, gitarra) eta Asier Martinez (baxua) talde bat osatzeko gogoz zebiltzan garai hartan, eta ohartu ziren euskal musikan bazegoela hutsune bat, beraiei gustatzen zitzaizkien 80ko hamarkadako disco edo funky doinuak euskaraz abesten zituenik ez zutela aurkitzen, bederen. “Momentu horretan pentsatu genuen: bada, inork egiten ez badu, geuk egin beharko dugu!”, azaldu du Martinezek. Musikari izatearen abantailak, entzun nahi duzun musika zeuk egin ahal izatea. Hala, inguruan zituzten lagunekin osatu zuten taldea: Irati Arregi (ahotsa), Axier Villan (bateria), Jon Tolosa (gitarra, koruak) eta Oscar Rodriguez (teklatuak, sekuentziak).

Euskal pop erradikala

Oso gustu eta eragin desberdinak izanik ere (punk-a edo metal-a, besteak beste), bat egin zuten euskarazko musikan egitea falta zen hori egiteko asmoan. “Nekatuta geunden azkenaldian lehen lerroan egon diren talde horiekin -aipatzen du baxu-jotzaileak-;azken hamarkadan asko dira tronpetadun pop-rocka egin duten taldeak eta horrekin apurtu nahi genuen, zeren ematen baitu euskaraz kantatzeko sortzen den talde berri orok tronpetak izan behar dituela”.

Hutsune bat betetzeko ez ezik, gauzak aldarrikatzeko ere sortu zuten Zazkel. Euskal Pop Erradikala aldarrikatzen dute bere kideek: “Pop musika ez da aldarrikapenekin lo-tzen, alderdi musikalari soilik begiratzen zaio, eta badirudi pop abestien letrek hutsalak edo mezurik gabeak izan behar dutela. Guk, nahi genuena esateko musikak ematen zigun abantaila hori aprobetxatu nahi genuen eta gure kantuen bidez hainbat gauzen gaineko kritika egiten dugu, aipatutako euskal musikaren eszenarena edo Bilbok izan duen eliteari begirako transformazioarena, esaterako”. Garai batean punk-ak izan zuen funtzio salatzaile eta aldarrikatzailea galdu egin duela uste dute taldeko partaideek, eta hori ikusirik, “zergatik ez du bada pop-ak horretarako balioko?”, diote.

 Taldea sortu eta pare bat urtera atera zuten lehenengo maketa, lagunartean grabatu eta ekoitzia, lagunartean banatzeko. Baina denak ere gehiagoren gosez gelditu zirenez, iaz kaleratu zuten Zazkel izeneko diskoa, Kaki Arkarazorekin, Garate Estudioan. Maiatzean kaleratu zuten eta kontzertuekin hasi ahala, udazken hasieran, Banden Lehia izeneko lehiaketa irabazi zuten, disko bat grabatzeko saria eskuratuz. Lan hori lehiaren aurtengo ediziorako aurkeztu beharrak lokalean sartu eta kantuak bata bestearen atzetik konposatzera eraman ditu, zuzenekorik apenas jo gabe. Martinezen esanetan, “urte hau zoramena izan da, buru-belarri ibili baikara diskoa prestatzen”. Arkarazorekin grabatuko dute oraingoan ere, uztaila bukaeran.

Disko berria aurrekoa baino anitzagoa izango da estiloei dagokionez, baina, diotenez, saiatu dira euren esentzia mantentzen. Betiko afrobeat, funky edo disco-ari, beste eragin batzuk gehituko zaizkio lan berrian: “Badugu, esaterako, Negu Gorriaken eragin handia duen kantu bat, edo The Smiths eta The Cure bezalako taldeen kutsu britainiar hori duen beste bat”, azaltzen du Martinezek. Argi dutena da, bidea ez dagoela markatua: “Momentuan sentitzen duguna eta gustatzen zaiguna egiten dugu, ez diogu buelta askorik ematen”.

Horiez gain, beste hainbat abesti, bertsio bat eta aurreko diskoko abesti baten remix bat ere ekarriko ditu Baga-Bigaren zigiluaren babesean kaleratuko den lan berriak.

Laster izango da Zazkel zuzenean ikusi eta entzuteko aukera. Banden Lehiako garaipenak BBK Live jaialdian eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian jotzeko aukera eman die eta, beraz, uztailaren 6an Kobetamendin izango dira Depeche Mode edo Justice bezalako taldeekin kartela konpartituz. Bartzelonako zita udazken amaiera aldera izango dute.

Zuzenekoetan gutxi ibili direnez, onartzen dute “apur bat urduri” daudela: “gure esperientzia oholtzan ez da oso handia eta hauek ez dira edonolako plazak. Geure burua ez dugu oraindik guztiz solte ikusten eszenatokian, baina, hori bai, disfrutatzera goaz, geuk irabazitako sari bat da eta gozatu egin nahi dugu”, diote.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120