zinema

Etxeko gordelekutik munduaren begietara

Frankismo garaian euskarazko eskola klandestinoak antolatu zituen Elbira Zipitria da Maider Oleagaren film berriko protagonista

DABI PIEDRA - 2017(e)ko ekainaren 18a, igandea - 12:22etan eguneratua

Elbira Zipitria maistra ikastolen sortzaileetako bat izan zen. NOTICIAS T.

Elbira Zipitria maistra ikastolen sortzaileetako bat izan zen. (NOTICIAS T.)

Galería Noticia

Elbira Zipitria maistra ikastolen sortzaileetako bat izan zen. NOTICIAS T.

Donostiako Fermin Kalbeton kaleko 26. atariko bigarren solairuko etxea historiako pasarte ezkutuen lekuko isila da. Diktaduraren arorik latzenean, euskararen eta euskal kulturaren arnasgune izan zen, Elbira Zipitriaren ekinari esker. Orain, etxe horrek elkartu ditu Zipitriaren eta Maider Oleagaren bideak. Kasualitate horretatik jaio da IRA 26-2 proiektua. Grabazioa amaitzear du Oleagak eta urte amaierarako filma aurkeztea espero du.



Gaur egun, gehienentzat ezezaguna da Elbira Zipitria, haren ekarpen baliotsua ahaztu egin dute historia liburuek. Emakume kementsua izan zen, ordea. 1906an jaio zen, Zumaian, eta beka bati esker irakasle izateko ikasketak egin zituen. Errepublika garaian ikastola sortu zuen Donostian eta, hala, euskarazko irakaskun-tzaren aitzindarietako bat izan zen. Gerraren erruz Lapurdira ihes egin zuen, baina berehala itzuli zen. Familia euskaltzaleetako umeei klaseak ematen aritu eta gero, Fermin Kalbeton kalean, bera bizi zen etxean, eskola klandestinoa sortu zuen 1942an. Klaseak euskaraz eman zituen han, ezkutuan, hiru hamarkadaz. 1982an hil zen, Donostian.



Maider Oleaga zinemagileak ez zuen Elbira Zipitriaren berri. Beste proiektu batzuetan murgilduta, Mexikon bizi zen, Euskal Herrira itzuli eta Donostian pisu bila hasi zen arte. Berak jakin gabe, eskola klandestino haiek hartu zituen etxea alokatu zuen. Hasieran arreta handirik jarri ez bazion ere, ezagun batek utzitako liburuari esker ezagutu zuen Zipitria sakonago. “Zerbait egiteko beharra sentitzen hasi nintzen, etxean nengoen eta zenbat gauza gertatu ziren han bertan!”, gogoratu du Oleagak. “Kontatu beharreko historia bat zegoela ikusi nuen”, gaineratu du. Etxeak batu ditu Zipitria eta Oleaga, “hemen bizi naizelako egiten ari naiz orain pelikula”.

Bost urte inguru egin ditu Oleagak Zipitriaren gorabeherak aztertzen eta emakume indartsu bezain berezia izan zela ikasi du. “Gauza askotan aritu zen, baina beti euskal kulturari lotuta. Eginbeharra zen berarentzat euskararen salbazioa, barru-barrutik zetorkion ardura bat”. Bizitza guztian izan zuen helburu hori buruan eta kemen handiz jokatu zuen: “Diktaduaren unerik latzenean itzuli zen Donostiara!”, nabarmendu du Oleagak.



Zinemagilearen ustez, “transgresorea” izan zen Zipitria alor askotan. Alde batetik, irakaskuntza metodo aurreratuak erabiltzen zituen. Bestetik, herriz herri hitzaldiak eta mitinak ematen aritzen zen, emakumeak espazio publikoan agertzen ez ziren garaian. Izan ere, abertzale sutsua zen eta Emakume Abertzale Batzako kide ezagunenetako bat. “Zentzu askotan, tokatu zitzaion denbora baino aurreratuago zegoen”.



Harrigarria bada ere, azken urteak bakardadean pasa zituen Zipitriak. Horri ere heldu dio Oleagak filmean: “Tristezia hori, bakardadea, proiektuaren abiapuntuetako bat da, Elbirari galdetu nahi diot ea zer gertatu zitzaion, hain indartsua izan eta azken urteetan abailduta amaitzeko”. Dena ulertu nahian ikertzen ibili da Oleaga. Zipitria ezagutu zutenekin bildu da eta historia berreraiki du.

Dena den, alderdi formalak edukia baldintzatu duela azaldu du Oleagak. Alegia, Elbira Zipitria nor zen ager-tzeaz gain, “bilaketa formala” egin du: “Nola kontatu behar dudan ere garrantzitsua da”. Beraz, IRA 26-2 ez da dokumentala, ez da Elbira Zipitriaren ikus-entzunezko biografia zehatz bat. “Pelikulan agertzen den Elbira, nire Elbira da”, dio Oleagak.



Gogoeta pertsonaletik asko dauka proiektuak, azken finean, Fermin Kalbeton kaleko etxean zinemagilearen eta pertsonaiaren bideek bat egin baitute. “Nire esperientziak erakutsi nahi ditut, ni neu ere pelikulan agertzen naiz, aspalditik sentitzen dut Elbiraren munduan sartuta nagoela”, kontatu du Oleagak.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120