Gazteen Euskal Behatokiak 201

Hiru gaztetik bat atzerrira joan da ikastera, ikertzera edo boluntario lanak egitera

EUROPA PRESS - 2017(e)ko ekainaren 12a, astelehena - 11:00etan eguneratua

Galería Noticia

Gazteen Euskal Behatokiak 2016an eginiko inkesta baten emaitzen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru gaztetik bat atzerrira joan da ikastera, ikertzera edota boluntario lanak egitera. Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak zehaztu duenez, atzerrira joateko "arrazoi nagusia hizkuntzak ikastea da".

BILBO. Horrela, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %22,6 atzerrira joan da noizbait hizkuntzak ikastera edo hobetzera. Gainera, %14,4 ikasteko edo eskolako edo unibertsitateko ikasle trukeetan parte hartzeko irten da atzerrira, eta %5,9k ikasketa praktikak edo ikerketaren bat egin dute kanpoan. Azkenik, %4,6k esan du boluntario edo garapenerako lankide gisa lan egin duela kanpoan edo atzerrian izandako auzolandegietan parte hartu duela.

"Aurreko edozein arrazoi dela eta, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %31,6k horrelako eskarmenturen bat izan dute atzerrian, hau da, ia hiru gaztetik bat", Añibarrok azaldu duenez.

Arrazoia hizkuntzak ikastea edo hobetzea denean, emakume gazte gehiago joan da atzerrira, gizon gazteak baino (%25,0 eta %20,2, hurrenez hurren). Ikasteko edo eskolako edota unibertsitateko ikasle trukeetan parte hartzeko bada, emakumeek berriro dituzte gizonek baino portzentaje handixeagoak (%16,5 emakume gazteen artean eta %12,3 gizon gazteen artean), bai eta asmoa boluntario lanak egitea edo auzolandegietan parte hartzea denean ere (emakumeen %5,7 eta gizonen %3,7).

Bestalde, 25 urtetik beherako gazteek adin horretatik gorakoek baino eskarmentu handiagoa dute atzerrira joaten helburua hauetako bat denean: hizkuntzak ikastea edo hobetzea, eta eskolako edo unibertsitateko ikasle trukeetan parte hartzea. Adinak gora egin ahala gehiago dira atzerrira ikasketa praktikak egitera edo ikertzera joan direnak, bai eta lan egitera irten direnak ere. Boluntario lanak egitera, garapenerako lankidetza egitera edo auzolandegietan parte hartzera joan direnen portzentajeak txikiak badira ere, nabarmenagoak dira 20 urtetik gorakoen artean, adin hori bete gabe dutenen artean baino.

IKASKETA ETA GIZARTE MAILAK

Zenbat eta ikasketa maila altuagoa izan, orduan eta handiagoa da atzerrira joandako gazteen portzentajea, eta joera hori aipatutako arrazoi guztiak aztertzean ikusten da.

Gazteek euren burua kokatzen duten gizarte mailak ere aldeak ezartzen ditu. Euren burua goi mailan edo maila ertain-altuan kokatzen dutenak dira ondoko arrazoiengatik gehien irtendakoak: hizkuntzak ikasteko edo hobetzeko (%41,8), ikasteko edo eskolako edo unibertsitateko ikasle-trukeetan parte hartzeko (%31,1), ikasketa praktikak egiteko edo ikertzeko (%11,5), bai eta boluntario edo garapenerako lankide gisa lan egiteko edo auzolandegietan parte hartzeko ere (%9,3).

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak 2016an eginiko inkesta baten emaitzak dira. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarria elkarrizketatu zen. Lagin hori 1.500 gaztek osatu zuten eta inkestan gai honi eta beste hainbat gairi buruz galdetu zitzaien. Datuok "Euskadiko gazteak 2016" izenburuarekin argitaratuko den ikerketaren aurrerapen datu batzuk dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen duen bildumaren bosgarrena izango da, eta bertan, aurrekoetan bezala, 30 urtetik beherako gazteen baloreak, jarrerak, iritziak eta portaerak aztertuko dira.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Euskadi

ir a Euskadi »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120