kritika

Zizarea erauzteko

IGOR ESTANKONA - 2017(e)ko ekainaren 11a, igandea - 13:10etan eguneratua

Titulua: ‘TXORIAK ETORTZEN EZ DIREN LEKUA’
Egilea: Alaine Agirre
Argitaletxea: Elkar

TRAIDOREA da burua, izan daiteke lagun itzela arazoak konpontzeko, izan daiteke bera arazo, bera mendera-tzaile, bera gu. Alaine Agirreren narratiba ezagutzen dutenentzat hura bezain bizia begitanduko zaio poemategi honen erritmoa. Hala ere, hau bestelakoa da: iluminatu egiten ditu izatearen putzu ilunak, bertatik ateratzen ditu, poesiarako, ospitale psikiatrikoko bizi-penak. Hamar asteko egonaldian ondua, testigan-tza gordina da liburu hau, bakarrizketa xamurra ere bai.



Agirrek pentsamenduari lotutako literatura albo utzi eta irrazionaltasunaren poesia dakar Txoriak etor-tzen ez diren lekua harrigarri honetara. Agirrek giza infernuez ederto daki, eta zentro psikiatrikoko arau, giltza, ordutegi, ohitura, zaindari, bezeroen artean bera da beste bat, eta “nortasuna galtzen” zebileneko lekukotza estetikoa opatzen digu: “Idazten dut/ neure burua sartu dudan kartzela honetatik eskapa-tzeko/ idazten dut/ giltzaz itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko/ idazten dut/ beti zarratuta dauden leihoetan zirrikitu bat zabaltzeko/ idazten dut/ ziega pareta-zuri hau urratzeko”. 

  

Argialdiak eta beheraldiak, Agirreren poemak dira botilako mezua itsasoaren erdian, jasotzen ditugunak emozio eta urduritasun puntu batez, ondo idatziak, uneka bikain idatziak, emozioz beteak, uneka gailenak. Dardarka jarriko zaitu. Anne Sextonek Sylvia Plath ezagutuko balu moduan ezagutu du oraingoan Agirrek bere burua, eta aurkeztu dio ospitale bat mikromundu bat dena bere baitan bildua eta kanpoko mundutik isolatua, non sitsaren hegaldia den, bere eskalan, heriotzaren hegazkada zabala: “Eta korridorea garbitzen ari den emakumea. Orain dela bost minutu lurrera bota dudan gonbitoa garbitu duena: Yolanda. Garbitzailea izateaz gain, hemen dagoen psikologorik onena. Komuna giltzaz ireki-tzen diguna txiza ala kaka egin beharrean gabiltzanean. Atea irekita, guri begira egoten dena, txiza edota kaka ez den beste ezer egin ez dezagun./ Geure buruaz beste, adibidez”.



Badauka liburu honek zentzuari eusteko ahalegin itxura, zera izan edo hura izan zentzua deritzoguna. Sendategiko hamar asteko egonaldian zirriborroetatik eraikia, Txoriak etortzen ez diren lekua da testigan-tza bat idaztea debekaturik dagoen leku batekoa, esperientzian oinarritua, idazleak berak dionez “hain esperientzi gogorrak, eta beste ba-tzuk umorezkoak, eta beste batzuk hain dramatikoak zirenak ezen patetiko bihurtzen ziren”, eta haiei denei jarririk poema mozorroa hona hemen liburu bat edertasun hain gutxiko espazio hura eroangarri egiteko idatzia edo, esperantzaren bat asmatzeko idatzia edo.



Bereziki errebindikatu behar da Agirrek daukan estilo propioa, aurkikuntza eder bat aurtengo poesiaren panorama momentuz hits xamarrean. Rimbauden estiloko tximista ikaragarri hauek inarrosiko ditu, seguru, irakurle sentiberaren barruak. Eta hala ere ironiaz suabeturik datoz, biktimismoan jausi barik, literaturan ezarriz esanahiaren pisua. Halako batean Alainek dio, alderantziz ezarriz gauzen ordena: “Ezin idatzi, ezin sentitu”. Hemen idatzita aurkituko duzun mezu oro, beraz, banan-bana hausnartutakoa da;bizitza izpien dirdai poetikoa.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120