bertsolaritza

Txistuak txalo bihurtu zirenekoa

1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final gogoangarria jokatu zela mende erdia beteko da bihar

DABI PIEDRA - 2017(e)ko ekainaren 11a, igandea - 13:12etan eguneratua

Uztapide eta Xalbador, 1967ko finalean. KUTXATEKA

Uztapide eta Xalbador, 1967ko finalean. (KUTXATEKA)

Galería Noticia

Uztapide eta Xalbador, 1967ko finalean. KUTXATEKA

Belaunaldiz belaunaldi, bertsoaren katea ez da eten, bertsolari handien ahotik biziberrituz eta zaleen grinari esker indartuz. Nagusiki ahozko jarduna den arren, Historiak jakin izan du bertsolaritzaren une zirraragarrienak gordetzen. Mugarri horietako bat izan zen 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatua, urte hartako ekainaren 11n. Entzuleek Xalbadorri txistua jo zioten eguna, Uztapidek hirugarren txapela jantzi zuenekoa.



Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo etena nola edo hala buka-tzeko, Euskaltzaindiak lau txapelketa antolatu zituen garai hartan: 1960an, 1962an, 1965ean eta 1967an. Azken horretan, hamar bertsolarik kantatu zuten finalean. Fernando Aire Xalbador, Migel Arozamena, Txomin Garmendia, Jose Luis Berasategi, Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Bautista Madariaga, Jon Mugartegi, Mattin Treku eta aurreko edizio bietako txapelduna, Manuel Olaizola Uztapide igo ziren Anoetako oholtzara.



Lehen ataleko bertsoaldi guztiak en-tzunda, epaimahaiak erabaki zuen buruz burukora Uztapide eta Xalbador pasako zirela. Orduan hasi zen final hartatik gehien gogoratzen den unea. Entzule askok txistua jotzeari ekin zioten, Xalbadorrek aurrera egitea ez zuten gogo onez hartu, nonbait. Jon Lopategi finalistetako bat izan zen eta ederto gogoratzen da txistualdiaz: “Lazkao Txikiren alboan eserita nengoen eta txistua jotzen hasi zirenean esan zidan ez zagok honetarako eskubiderik. Nik erantzun nion, jarri gaitezen zutik eta jo dezagun txalo, eta hala egin genuen”.



Jendearen artean oso maitatua zen Lazkao Txiki eta hura buruz burukotik kanpo gelditu zenean, badirudi giroa gaiztotu egin zela eta horrek eragin zuela txistualdia. Lazkao Txikik berak, ordea, bidegabetzat jo zuen publikoaren jarrera, Lopategiren arabera. Final hartan, eta hamarkada hartako beste guztietan, epaile aritu zen Martzel Andrinua eta, haren ustez, jendea ez zegoen ohituta Ipar Euskal Herriko bertsolariak entzutera: “Batzuek, beharbada, zer esaten zuen ere ez zuten ulertu”. Epaileek “tristura” sentitu omen zuten une hartan. “Lazkao Txiki oso maitea zen eta askotan zera gerta-tzen da, baten alde gaudenean ez dugu bestearena aintzat hartzen, eta pena da”.



Luzea izan zen txistualdia, amaigabea zirudien, lekukoen arabera. Bertsolariek eta entzule batzuek eskatuta, baretu zen hotsa azkenik. Uztapidek bota zuen bere agurra eta Xalbadorren txanda heldu zenean, berriro txistuak. Laster txalo bihurtu ziren, ordea. Bertsoaren erdian etena egin behar izan zuen urepeldarrak, txaloengatik. Finaleko bertsorik onenaren saria eman zioten epaileek. Xalbadorren jarrera goraipatu du Andrinuak, txistuak txalo bihurtzeko erabakigarri izan zelakoan: “Haren gizatasuna! Bake-tsu-baketsu, begiak itxi eta barru-barrutik atera zitzaion maite zaituztet oraindik famatu hura, kolpea izan zen”. Xalbador “desberdina” zela dio Andrinuak, “ez zen ohiturazko bertsolarien moldekoa, poeta zen, sentimenduz abesten zuen”.



HIRUGARRENA UZTAPIDEKNolanahi ere, egun hartan Uztapide izan zen txapeldun. Lopategi eta Andrinua bat datoz, bertsolari bikaina zen eta merezita jantzi zuen txapela. “Ona, zehatza eta oso herrikoia zen, gainera bihotz handiko gizona”, dio Lopategik. “Jatorra eta lasaia zen, herriak maite zuen”, gaineratu du Andrinuak. Ordura arte, inork ez zituen Euskal Herriko hiru txapel irabazi. Harrezkero, Andoni Egañak baino ez du Uztapideren marka gainditu. Hirugarren lekua Lopategirentzat izan zen eta laugarrena Lazkao Txikiri eman zioten. “Neu ere harritu nintzen, Lazkao Txiki baten aurretik jarri ninduten!”, oroitu du Lopategik. “Guretzat Lazkao Txiki berdinik gabea zen, gure aldean handia, Euskal Herri osoan maitatua”. Maisu bikainen ondoan ikasi zuen, bada, Lopategik, 1989an berak jantzi baitzuen Euskal Herriko txapela.



Orain dela 50 urteko egun haren ondoren, ez zen Txapelketa Nagusia berriro antolatu 1980ra arte. Zailtasunak zailtasun, ordea, katea ez zen eten. Zaleek oroimenean gorde zuten final hartan Xalbadorrek egindakoa. Txistu artean bertsoa hasi eta txalo artean amaitu zuenekoa. Uztapidek, Xalbadorrek, Lazkao Txikik eta enparauek ereinda utzi zuten hazia, hurrengo belaunaldikoek jaso zezaten.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120