musika

Sentitu magia azkenekoz

Napoka Iria bikoteak agur esango dio hamabi urteko ibilbideari, eta azken kontzertua eskainiko du uztailaren 7an Eibarren, musikari eta lagunez inguraturik

OLATZ PRAT - 2017(e)ko ekainaren 10a, larunbata - 13:21etan eguneratua

Ander Mujika eta Miren Narbaiza. JOSU TORREALDAY

Ander Mujika eta Miren Narbaiza. (JOSU TORREALDAY)

Galería Noticia

Ander Mujika eta Miren Narbaiza. JOSU TORREALDAY

Gauzak hasi eta amaitu egiten dira, halabeharrez batzuetan, borondatez besteetan, eta bien nahasketaren ondorioz sarritan. Agur esateko ordua iritsi zaio Napoka Iriari ere, duela 12 urte hasitako ibilbidea aste batzuk barru amaituko dela iragarri baitute Miren Narbaizak eta Ander Mujikak. Duela bi urte atsedenaldia egitea erabaki zuten, “arnasa hartzeko, proiektuari ere arnasa hartzen uzteko eta erabakia beranduago hartzeko asmoz”, Mujikak dioenez. Bi urte pasa direlarik, konturatu dira ez dela Napokarekin aurrera egiteko momentua.



“Napokan, gauza guztiak bezala, hau izan da taldearen prozesu naturala -azaldu du Narbaizak-. Suposatzen dut sentimendu bat izan dela, momentu honetan biok topatu duguna eta modu batean eskatu diguna amaiera bat ematea”. Edozein bikote harremanetan gertatu daitekeen bezala, magia itzaltzen joaten da batzuetan;bide desberdinak hartzeko ordua dela dio biho-tzak, natural hartu eta begia etorkizunean jartzeko tenorea dela dio buruak. Hertzainak-en Aitormena kantua dator gogora: “Zin dagizut ezin izango zaitudala ahaztu inoiz... baina orain, maitia lehen baino lehen aska gaitezan”.



“Modu oso kontzientean eta erabat hunkiturik” hartutako erabakia izan bada ere, atzera begira jarri orduko irribarrea marrazten zaie aurpegian. “Egin dugun guztiaz konturatzeko garaia da orain, zenbat gauza eder egin, ikusi eta ezagutu ditugun, zenbat momentu eder pasa”. Bizi izan dituzten gauza onak “zenbatezinak” direla dio Mujikak, baina oso gogoan gordeko ditu, batez ere, kontzertuetan bizitako uneak. Baita Narbaizak ere: “Kontzertuetan sortu izan den isiltasuna daukat askotan gogoan, horrek zoratu egin izan nau”. Dudarik gabe oroitzapenen kutxan gordeko dituzte sortzen pasatako uneak, ezagututako lekuak, atzerrira egindako bidaiak eta, nola ez, ezagututako jendea, batzuk, ziurrenik, bizi-tza osorako lagun izango direnak.



SORMEN LANTEGIA Musikari bezala “elkarrekin hazi” direla diote: Iritsi gara puntu batera non hitz egin gabe bagenekin kantuek zer egingo zuten;bion artean sortzea oso ederra izan da, oso ondo fun-tzionatu izan dugu beti”, dio abeslariak. Napoka Iria sormen laborategia izan da beraientzat, “askatasun osoarekin erabili izan dugun laborategi esperimental oso dibertigarria”, Mujikak definitzen duen moduan. “Hasi ginen inongo pretentsio eta helburu jakinik gabe, eta batez ere aurrez zehaztutako inongo sormen-biderik gabe. Elkartu eta bururatzen zitzaiguna jotzen genuen eta bion artean joan gara frogatzen eta oso modu askean jolasten. Hortik atera dira egin ditugun gauzak: talde desberdinekin kolaboratzea, instrumentuen erabilera desberdinak, bertsioak... Gogoak eskatzen ziguna probatzeko espazioa izan da”. Zuzenekoetan azala uzten duten talde horietakoa izan da, gainera, Napoka Iria. Mujikak berak, diskoetan baino, zuzenekoetan ikusten du islatuta taldea izan dena, besteak beste diskoetan ez direlako islatuta gelditu zuzenekoetan egin dituzten hainbat eta hainbat gauza.



Uztailaren 7a egutegian markatua izango dute jada askok eta askok, eta ez San Femin jaiengatik. Egun horretan azken kontzertua emango du Napoka Iriak, Eibarko Coliseoan. Beren ibilbideari errepasoa egingo diote eta urte hauetan guztietan alboan izan dituzten musikari eta lagun ugariren konpainian egingo dute gainera, oholtza eta doinuak konpartituz. Azken aldiz kantuak jo eta disfrutatzeko aukera izango da beraientzat: “Guk jaso izan dugun goxotasun hori jendeak bueltan jaso dezan nahiko genuke, kontzertuetako magia hori azken aldi batez bizitzea”.

 

PROIEKTU BERRIAK Napoka Iriari agur esanda ate batzuk itxi eta beste batzuk irekiko direla adierazi dute Narbaizak eta Mujikak. Biek ere argi dute musikaren ibilbideak markatuko duela, momentuz, euren bizitza. Narbaizak MICE izenpean ekingo dio aurki bakarkako ibilbideari, eta abuztuan grabatuko du lehen diskoa. Gainera, azken aldian bezala, Perlak, Joseba B. Lenoir eta Drumkopters taldeekin jotzen jarraituko du. Mujika Anarirekin dabil azken hilabeteetan eta une honetan Jabier Muguruzaren disko berria prestatzen ere badihardu. Bistan da ilusioz eta proiektuz beterik direla biak ala biak.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120