Aktiboak

Por Rober Gutiérrez - Jueves, 8 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:03h

EUSKARAZ lan egiteko eta produktuak eta zerbitzuak euskaraz jasotzera iristeko bidean aktore ugarik du zeresana: sindikatuak / langileak, bezeroak / kontsumitzaileak, administrazioak, enpresariak... Horiek egituratu beharra dago, ereduak erakutsi behar dira, langileen eta kontsumitzaileen artean euskaraz lan egin nahia eta euskaraz kon-tsumitu nahia, hurrenez hurren, landu eta barneratu behar dira, eta corpus juridiko egokia garatzeak dakartzan aukerak azaldu behar dira. Bakoitzaren funtzioak, zereginak era erantzukizuna sahietsezinak dira.

(Maiatzaren bukaeran) Euskal gehiengo sindikalak -EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta Steilas sindikatuek- Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eta euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzearekin batera, hizkuntza politika ausartak eskatu ditu. Sindikatuek dei egin diete Euskal Herriko Administrazioei eta enpresa elkarteei herritarron eta langileon hizkuntza eskubideak bermatzeko, beharrezkoak diren erabakiak, neurriak, epeak eta baliabideak martxan jarriz.

Gainera, Hizkuntza Eskubideak Berma-tzeko Protokoloaren inplementazioan eragile aktibo izateko konpromisoa agertu dute. Donostiako Protokoloa aintzat hartu dute eta adierazi dute interesgarria dela langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira, neurri zehatzak biltzen dituelako. Eskubide sozial guztiak defendatzen diren bezala, hizkuntza eskubideak ere babestu beharrekoak dira gehiengo sindikalaren iritziz, hizkuntza eskubideen auzia berdintasuna, demokrazia, justizia soziala eta klase borrokaren parte baita.

Sindikatuek badute ekarpen handia egiteko aukera. Eredugarriak izango ahal dira! Protokoloaren barruko zazpi lan-eremuetan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotako eskubideak bermatzeko neurri-zerrenda eta adierazleak jaso dira. Esate baterako:

Sindikatuek (euskarari buruzko) klausulak sartzen dituzte negoziazio kolektiboan, langileen hizkuntza-eskubideak eta gizarte-erantzukizuna bermatzeko.

Sindikatuek (euskararen aldeko) neurriak eta babesa bultzatzen dute barne-mailan.

Horiekin batera, administrazioek eta enpresek zein enpresa elkarteek sustatu beharrekoak ere bildu dira, lan eremuaz eta lan merkatuaz ari garela. Batzuk aipatzearren:

Legez babestuta dago langileek lantokian (euskaraz) lan egiteko duten eskubidea.

Enpresek (euskararen) erabilera bultza-tzen dute: trebakuntza-planak;etengabeko prestakuntza;lan-kontratuak eta lan-hitzarmenak;txosten, mezu, jakinarazpen eta bestelako dokumentuak;barneko lan-prozedurak;hizkuntza-paisaia;hizkuntza erabiltzen duten materialak (katalogoak, Interneteko saltokiak, publizitatea...).

Enpresek eta administrazioek bermatu egiten dute (euskara) lantokian erabiltzeko aukera, eta lan-eremuan (euskara)ez debekatzea bermatzen dute.

Sindikatuek erantzukizunez jokatzeko, Protokoloa praktikara eramateko eta gauzatzen laguntzeko konpromisoa hartu dute, giltzarri baitira eginkizun garrantzitsu honetan. Alor sozioekonomikoan euskara sustatzeari eta lanean ari diren pertsonen hizkuntza eskubideen defentsari toki (handiago)a egin behar diote ekintza sindikalean. Era berean, eragile sindikalek nabarmendu dute Euskal Herriko administrazio ezberdinei begira interpelaziorako tresna dela eta haiek ere lehen mailako erantzukizuna daukatela herritarron eta langileon hizkuntza-eskubideak bermatzeko garaian.

Euskaraz bizitzeko eta euskaraz lan egiteko lagungarria izango da Protokoloaren inplementazioa ahalbidetzea. Hitzetatik ekintzetara. Aldarrikapenetatik egikaritzera. Jauzia behar dugu sindikatu, enpresa eta administrazioen aldetik.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120