iaz baino %35 gehiago

Jaurlaritzak 2,6 milioi euro banatuko ditu zinemagintzarako diru laguntzetan

EP - Miércoles, 7 de Junio de 2017 - Actualizado a las 13:12h

Bingen Zupiria, ayer, en la Comisión de Cultura del Parlamento, junto a Joxean Muñoz.

Bingen Zupiria eta Joxean Muñoz (EFE)

Galería Noticia

Bingen Zupiria, ayer, en la Comisión de Cultura del Parlamento, junto a Joxean Muñoz.

Eusko Jaurlaritzak 2.660.000 euro banatuko ditu aurten zinemagintzara bideratutako diru laguntzetan, joan den urtean baino 718.600 euro gehiago, hau da, %35 gehiago. Zineuskadi plataformak bere hiru deialdien kopuruak mantenduko ditu, eta aurreikusita dago 900.000 euro bideratzea Europa Creativa programaren proiektuetara.

DONOSTIA. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zinemagintzara bideratutako diru-laguntzen inguruko berritasunak aurkeztu ditu asteazken honetan, sektorearekin Donostiako Tabakaleran izandako bilera ireki batean.

Diru laguntza deialdien kopuruak igotzeaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berregituratu egin du laguntzen eredua, beti ere "garapen prozesua indartu eta talentu berriak sustatzeko asmoz".

Zupiriarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria izan dira Tabakaleran egin den aurkezpenean. Euskadiko zinemagintzaren hainbat ordezkariren aurrean, zinemagintzarako diru laguntzen egitura berria aurkeztu eta azaldu dute.

"Arazo bat identifikatu genuen: sortzen ziren hainbat gidoi ez ziren hurrengo faseetara heltzen, garapen eta ekoizpen faseetara, alegia. Bestalde, ikusi dugu koprodukzioek gero eta indar gehiago hartu behar dutela. Egoera honen aurrean, gure diru laguntzak gaur egungo testuingurura moldatu behar genituela ikusi genuen. Egitura berri bat diseinatu da gure zinearen talentua bultzatzeko, beste toki baterantz goaz eta", Zupiriak azaldu duenez.

Egitura berriari esker, proiektuen garapen faseak garrantzi nabarmenagoa hartuko du eta, ondorioz, prozesuaren parte horri zuzendutako diru laguntza deialdiaren aurrekontua hirukoiztu egingo da. Guztira, 300.000 euro izango dira proiektuen garapenerako, eta fase honetan gidoia ere aintzat hartuko da. Eredu berriak ekoizlearen eta gidoilariaren arteko elkarlana sustatu nahi du, eta proiektu bakoitzari fase honetan ematen zaion diru laguntzaren %45 gidoia lantzera zuzendu beharko da.

Joxean Muñozek eredu berriaren zergatia azaldu du. "Koprodukzioen gabezia sektorearen ahulguneetako bat da, eta merkatu berrietara zabaltzeko aukera horrelako ekoizpenen bidez sor daiteke, baita esportatzekoa ere.

Koprodukzioek eta nazioarteko ekoizpenek gero eta garrantzi gehiago izan behar dute. Diru pribatua ekoizpenetara erakartzea ere oso bide interesgarria izan daiteke, eta honek guztiak garapen prozesu bat eskatzen du. Bestalde, gidoiari bideratutako diru laguntzaren parte bat fase honetan bideratuko da. Gidoia laguntzen da proiektu baten barruan dagoelako", adierazi du.

Aldaketa honen eraginez, garapen fasetik kanpo gidoietara bideratutako deialdiak indarrean jarraituko du, baina bere aurrekontua murriztu egingo da, 141.400 eurotik 100.000 eurora.

EKOIZPENA ETA ZABALKUNDEA

Ekoizpen faseari dagokienez, iazko lau atalak mantenduko dira eta guztietan igoko da bideratutako diru kopurua: film luzeak (1.360.000 euro, iaz baino 360.000 gehiago), animazioa (500.000 euro, 100.000 gehiago), dokumentalak (240.000 euro, 60.000 gehiago) eta film laburrak (160.000 euro, 40.000 gehiago).

Berritasun nagusia film luzeei zuzendutako deialdiak dakar, aurrekontu txikiko filmak egiteko berezko azpiatala sortuko baita (800.000 euroko aurrekontua baino gutxiago duten filmak). Lerro honen bitartez, 500.000 euro bideratuko dira horrelako proiektuetara, eta laguntzak 250.000 eurokoak izango dira gehienez ere. "Sortzaile berriak lagundu nahi ditugu, proiektu berritzaile eta arriskudunak", adierazi du Zupiriak.

Zabalkundeari dagokienez, Zineuskadik bere hiru lerroak mantenduko ditu: zinema euskaratzera 260.000 euro bideratuko dira Zinema Euskaraz ekimenaren bidez, filmen sustapena eta publizitatea laguntzera 150.000 euro bideratuko dira eta, azkenik, 160.000 euro bideratuko dira proiektuen presentzia zine aretoetan bermatzera. "Tekla guztiak jo nahi ditugu. Zabalkundea aintzat hartzen dugu, eta filmen presentzia zine aretoetan ere bermatzen dugu, Europan endemikoa den arazo bat saihestuz", esan du.

Azkenik, Jaurlaritzak aurreikusi du 900.000 euro bideratzea Europa Creativa ekimenera, batez ere zinemaldiak, publiko berriei zuzendutako proiektuak edo koprodukzioak diruz laguntze aldera. Gainera, Jaurlaritzaren diru laguntza izendunek, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzek eta EiTBren konpromisoak ere funtsezkoak izaten jarraituko dute euskal zinemagintzaren erronkei heltzeko orduan.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120