OIER GUILLAN IDAZLEA ETA ANTZERKIGILEA

“Kulturaren alde porrot egiteko prest egotea falta da”

Urteak daramatza arte eszenikoen munduan. Poesia eta antzerkia ditu bidelagun, egun Metrokoadroka kolektiboarekin. ‘Mr. Señora’ teatro errezitaldi dramatizatua berreskuratuko dute bihar Gasteizko Zurrunbilo jaialdian

JONEBATI ZABALA - 2017(e)ko ekainaren 4a, igandea - 11:54etan eguneratua

Poeta eta antzerkigile izateaz gain, Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka sormen laborategiko kide ere bada Oier Guillan.

Poeta eta antzerkigile izateaz gain, Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka sormen laborategiko kide ere bada Oier Guillan. (GORKA ESTRADA)

Galería Noticia

Poeta eta antzerkigile izateaz gain, Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka sormen laborategiko kide ere bada Oier Guillan.

Poesiarekin hasi zen, Oreretako Mikelazulo elkartea izan zen bere habia. Antzerkira salto egin eta 2008az geroztik, Metrokoadroka Sormen Laborategian dabil Oier Guillan (Orereta, 1975). Azken urteotan idatzita zituen ideiak bildu eta Mr. Señora liburua ondu zuen iaz, baita hori oholtzara eraman ere, teatro errezitaldi dramatizatuaren bidez. Biharko emanaldiaren aurretik, bere ibilbideaz, euskal antzerkiaz eta arte eszenikoen munduaz mintzatu zaigu.

Genero periferikoak deitu ohi direnetan egin duzu lan;batez ere, antzerkian eta poesian. Noiz eta nola hasi zinen idazten?

Txikitatik, betidanik eduki dut irakurtzeko eta idazteko zaletasuna. Baina kontzientzia batekin eta publikoari helarazteko asmoz, fanzine baten inguruan ibili ginen, Orereta aldean, 18 urte nituela. Berehala fanzine horrek topatu zuen bere tokia, Mikelazulo kultur elkartean. Horko jendea ezagutu genuenean, bete-betean sartu ginen publiko aurreko giroan eta bertako laborategian. Mikelazulo izan da esperimentaziorako eta jendea ezagutzeko elkargunea eta eskola bat. Denborarekin egin genuen salto antzerkira. Hortik hainbat antzerki talde atera gara eta arte eszenikoetara bideratuta gauden batzuk batzen gara oraindik ere Mikelazuloren inguruan, Eztena antzerki jaialdia antolatzeko. Beraz, oraindik ere bada pieza garrantzitsua.

Poesian aritu zara: hastapenak Mikelazulon, gero hainbat lehiaketaren bidez publikatutako lanak, eta 2009an, ‘Eskuen sustraiak’ argitaratu zenuen, Susarekin.

Oso lotuta egon gara zuzenekoari, baina bagenuen ere paperera iristeko ezinegona. Hori lortzeko modua izan ziren lehiaketak. Hasieran lotsaz, segurtasun ezaz, nolabait, publikoarengana iristeko eta konfiantza har-tzeko edo, nahiz eta ez sinetsi gehiegi lehiaketen sisteman, gaur egun planteatuta dauden moduan behintzat. Garai hartan, poesia idatzi dugunon askorentzat Susarekin argitaratzea halako amets bat izan da, miretsi izan ditugulako asko Susak eman dituen idazleak edo horren inguruan sortu diren lanak. Eskuen sustraiak ikasbidea izan zen, zorrotz jardun genuelako lanean, eta gure askapenerako ona izan zelako.

Esan duzu, poesia idazten zenuelako pasatu zinela antzerkia sortzera. Zertan dira ezberdinak sortze prozesuan?

Niri behin baino gehiagotan bideak gurutzatu egin zaizkit. Behin kontraesana onartuta, horrek berak eman digu, Metrokoadrokan adibidez, estetika eta gauzak egiteko modua. Ezberdintasunetan zentratu beharrean puntu komun horiek onartu eta erabili. Azkenaldian idazten dudan antzerkiak asko du poesiatik, gustukoa dut elkar kutsatze hori.

Metrokoadrokan antzezlana sortzen dugunean ez gara elementu narratiboetan oinarritzen, ez dugu istorio bat kontatzen, gehiago oinarritzen gara irudi metafisiko, poetikoetan, askotan hitzik gabekoak, baina poesiaren ezaugarri horiek jarraitzen dituztenak. Dena dela, guk ez dugu ezer asmatu, horrelako kodigoak eta lengoaiak aspalditik ematen dira eta gure erreferenteak ditugu.

Antzerkia idazteko autorearen figurari uko egin behar zaiola esan izan duzu. Zein zentzutan?

Guk antzerkia ulertzeko dugun moduan, sortze prozesua nola ematen den benetan garrantzitsua da. Hori beti da kolektiboa eta ez dugu sinesten autorearen figura sakratuan, ez dugu sinesten antzerkia literatura denik. Horren baitan, hitzak bere garrantzia dauka, baina ez da beste gauza guztien gainekoa. Zentzu horretan akabatu behar da autorearen figura, ez garrantzia kentzeagatik baizik eta sortze prozesu kolektibo batean elementu bat gehiago bezala kokatzeagatik. Dauden egiturak desegituratu beharra dago, eta boterea sortzen den momentuan hori zalantzan jarri.

‘Mr. Señora’ liburuan azken urteotan sortutako zazpi antzezlan bildu dituzu. Ez da ohikoena antzerkia argitaratzea.

Euskaraz hutsune bat egon izan da azken urteotan, baina beste hizkuntza askotan ez da hain arraroa, erreferente ederrak daude, gainera. Honi askotan egotzi izan zaio ez dela komertziala. Horrek ez du esan nahi ezin direnik egin gauza oso interesgarriak an-tzerkian, izan ere, azken urtean publikatu diren liburuen harira gogoeta asko egin da eta han-hemen ikusi da gauza berri asko egin daitekeela antzerkiaren inguruan, eta testu mota guztiak ez direla dialogoak. Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak edo Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak, esaterako. Uste dut orain badagoela ahalegin bat hutsune hori betetzeko, egon badagoelako materiala eta jende asko lanean euskaraz. Bidea hasi besterik ez da egin.

Zazpi lan jaso dituzu liburuan. Nola egin duzu aukeraketa?

Esan daiteke azken hamar urteetako zazpi lantxo direla. Lan eszeniko piloa egin dugu eta normalean horrelako zurrunbiloan zabiltzanean, ez dago burutik pasatzen zaizkizun gauza guztiak taularatzeko astirik. Mila ideia erreserban geratzen dira, eta ni idazlea naizenez, horiek idatzi egin ohi ditut askotan. Txalaparta argitaletxeko editoreak ikusi zuen testu horien guztien artean bazela ildo bat, generoari lotua. Nik hasieran horrela kontenplatu ez banuen ere, interesgarria iruditu zitzaidan ildo hori, nola edo hala askotan egon delako presente gure lanetan.

Liburu honekin erantzun ona jaso duzu irakurleen aldetik. Zelan bizi izan duzu jendearengana iriste hori?

Sorpresa eta ardura handiz. Poz handiz, hunkigarria delako nahiko esperimentala den antzerki liburu bat jendearen bihotzetara heldu daitekeela ikustea, ze benetan hori sentitu dut. Baina era berean ardura handia, neurri batean gaiari zor zaiolako. Horrelako gaiak lantzen ditugunean, antzerkian zen-tzu kolektibo batean jorratzen ditugunez, askotan idazle bezala sentitzen naiz inguruan gertatzen denaren jasotzaile. Kezka horiek hitz bilakatzeak, guri kolektibo eta komunitate gisa laguntzen digu gogoeta egiten eta sorkuntzan murgiltzen. Ardura sentitzen dut, azken finean, meritua urteetan borrokan daramaten kolektiboena delako eta guk egin duguna da borroka horien eragina sentitu eta hori sorkuntzarako erabili, arrastoa uzten digutelako.

2008az geroztik, Metrokoadroka kolektiboan zabiltza, sortzaile-aktore. Nolakoa da zuen lan egiteko modua?

Arte diziplina ezberdinen arteko topagune gisa jaio zen, ez soilik antzerkia, baita ere pintura, eskultura, argazkigintza, etab. Elkargunea izan da mintzaira edo diziplina ezberdin horietan lan egiten duen jendea batzeko, autogestioaren bidez eta esperimentazioan oinarrituz.

Nabarmenduko zenukeen antzezlanen bat?

Kasu honetan, Miss Karaoke-ren sortze prozesutik atera gara eta estreinatu berri dugunez, horren eraginpean gaude. Orain arte egin dugunaren laburpena dela esango nuke. Atzera begiratuz gero, adibidez, Poza an-tzezlana oso inportantea izan zen, hor hasi ginelako topatzen gure kodea, gure estetika edo esateko modua.

Zein da kode hori?

Umore absurdoa, poesia bisuala eta performance kode artean kokatzen den zerbait. Hau da, testuak garrantzia du, baina ez da narratiboa, oso fisikora eramaten dugu guztia eta umore asko dago. Publikoa ere interpelatu egiten da, eurekin harreman zuzena dago.

Urteak daramatzazu arte eszenikoen munduan. Nola baloratzen duzu orain artekoa?

Alde batetik poztasunez, sinesten dugun horretan, sinesten dugun moduan lanean egon garelako urte luzez. Bestetik, hain da prekarioa antzerkiaren egoera eta hain daude ohituta gure gorputzak biziraupenera... Oraina bizi dugu, besterik ez, eta ematen du ez direla hogei urte pasatu, baina pasatu dira! Eta lanean jarraituko dugu, noski. Asko dagoelako egiteko euskarazko arte eszenikoen arloan eta oso ilusionatuta gaude sareak sortzen. Indar handia ematen du ikusteak zenbat jende dagoen lanean Euskal Herrian.

Euskal kultura baino, krisian horri begiratzeko modua dagoela esan izan duzu. Ez diogu erreparatzen dagoenari?

Nik beti izan dut sentsazio hori. Sortzaile asko dago gauza interesgarriak egiten eta askotan ezagutzea da falta dena. Transmisio arazoa dago;askotan baloratzen ditugu gauzak jada desagertu direnean. Ematen du badakigula kultura nondik nora doan Euskal Herrian, baina nik dudan sentsazioa da inon ere ez dagoela benetan gaur egungo argazki errealik. Pena ematen dit, baina era berean hor erronka bat dago: egiten denari beste begirada bat ematea eta nola azaleratu dezakegun erabakitzea.

Mugak daude ikuskizunak programatzeko orduan? Zergatik esaten da antzezlan batzuk ez direla hain salgarriak?

Kulturan dena dago guztiz desegituratuta. Hain dago desprestigiatuta, ezen zailtasunak baitaude normaltasunez lanak ezagutzera emateko. Arazo estrukturala da, balioena, eta hori apurtzeko ahalegina dagoen arren, apustu orokorra falta da: instituzio publikoen, sortzaileen zein programatzaileen aldetik. Kultura ez da lantzen prestigio batetik, bazterrean dago beti.

Kulturaren alde porrot egiteko prest egotea falta da. Izan ere, arriskua edo esperimentazioa oso balio kultural handiak dira eta ez dago horretarako babesik. Beti izan behar da edo komertzialki arrakastatsua edo popularra, dena zenbakietan kontatuz, eta hori akatsa da antzerkiaren munduan.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120