iritzia

Pertsianak behera

Pako Aristi - 2017(e)ko ekainaren 4a, igandea - 11:50etan eguneratua

Duela gutxi deskubritu nuen bideoz betetako denda txukuna, Donostiako izkina batean, baina gutxi iraun dit pozak, 35 urtez zabalik egon ondoren maiatzean jaitsi baititu pertsianak. Euskalbideo zuen izena, Donostian geratzen zen azken bideo-kluba.

Sentsazio mingotsa utzi dit albisteak, leku interesgarri guztiak ixten ari direneko sentipena, bideo denda, liburutegi (oroit Garoa), diskodenda, zine areto etab., saltoki erraldoien diktadura hedatzeko, etengabe, eta ostalaritzaren depredazio sistema ugariak. Halako kontzentrazio esparru tematiko eta kontsumista hutsak hedatzea kulturaren esentziaren aurka doa, zeinaren ezaugarria kritiko izatea den, askotarikoa, ezberdina, harrigarria, gure jarrera guztien kuestionatzaile, bizia dakarrena bizipoza txertatzeko gure baitan.

Lau ahizpa izan dira Euskalbideoaren sustatzaile, eta argigarria da egin duten kulturaren analisia, esparru guztietara heda daitekeena. “Hiru krisi ekonomiko nozitu ditugu, eta gerrikoa estututa aurrera egin dugu, baina oraingo hau ez da krisi ekonomiko soila”. Ez da, ez. Kulturarekiko ikuspegi aldaketa da, bere garran-tziaren debaluazio bat, aisialdian integrazio gratuito bat, kontenidoen disneylizazio haurkoia, debalde behar duelako exijentzia harroa, erakundeek urteetan garatu duten kultur eredu okerraren ondorio.

Lau arazo detektatu dituzte. Bat, jendearen ohitura aldaketak. “Lehen, hondartzatik bueltan filma bat alokatzen zuten. Gaur aisialdia kalera ateratzea da, pintxopotean ibiltzea”. Ostalaritza, berriro ere, hedabide guztien laguntzarekin jendearekin kultur maila lurperatu duena, Euskal Herria jan eta edan egiten duen herri bat bilakatzeraino. Zenbat garagardo festa, txakolin egun, sagardo-dastatze, ardoaren zirkuitu eta Ibarrako piper! Horri herri bizia deitzen diote politikoek. Tripak betetzen dira kaskezurrak husten diren abiada berean.

Bi, belaunaldi berrien aisialdi ohitura berriak. Gazteek ez dutela pantailan filma bat osorik ikusteko pazien-tziarik, bat-batekotasuna bilatzen ei dute, amaiera konta diezaietela lehenbailehen. Pantailomano histeriko bihurturik, epe laburreko produktuen irensle, gauzak hausnar-tzeko patxada gabezian heziak, aiseago kontrola ditzakete horrela enporio erraldoien interesetan.

Hiru, futbola. Aspaldi deitoratutako herriaren opioa, ez dute etsiko haren gorazarrean tentel nahi gaituztenek. “Futbol asko dago, ez aste buruan soilik, orain egunero. Min handia egin digu”. Ez dago garbiago esaterik. Niri ere min egiten dit haren sakralizazioak, darion biolentziaren apologiak, eskoletako haurrengan ikusi dudan jokalari aberatsen mitifikazioak, jarraitu beharreko eredu.

Lau, plataforma digitalak, eta haiekin serieak modan jarri dituen industria. Liburuetara ere hedatu da serielizazioa, arrakasta izan duten nobelen bigarren, hirugarren edo laugarren jarraipenak, ale bakarreko aurkikuntza eta harribitxi ziren liburuak ordezkatu dituena. Eta honekin batera zifren moneyteismoa liburuen promozio zutabe bakar, honek hainbeste milioi ale saldu ditu, hainbeste edizio, hainbeste hizkuntzetara itzulia izan da, literaturaren olinpismo merkantilista tristea.

Beste era batera esanda: errentagarritasuna kulturaren neurgailu bakar eta jainkotua bada, kultura izena merezi zuen horren heriotza ez da urrun, eta gu, automata izatetik hurbilago, kulturaren esparru independente batek pertsianak jaisten dituen bakoitzean.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120