literatura

Kea, olerki bihurtuta

Urtebete eman zuen Beatriz Chivitek Txinako hiriburuan, 2012an, eta bertan bizitako barne-inpresioak, sentipenak eta egoerak olerki bihurtu ditu ‘Pekineko kea’ liburuan. Nabarmena da Txinako literaturaren eragina gazte nafarraren poemetan

KATTALIN BARBER - 2017(e)ko ekainaren 4a, igandea - 11:36etan eguneratua

Hamar urte daramatza Chivitek Euskal Herritik kanpo;egun, Venezian bizi da.

Hamar urte daramatza Chivitek Euskal Herritik kanpo;egun, Venezian bizi da. (JAVIER COLMENERO)

Galería Noticia

Hamar urte daramatza Chivitek Euskal Herritik kanpo;egun, Venezian bizi da.

Duela bost urte idatzi zituen Pekineko kea liburuak gordetzen dituen 67 olerkiak Beatriz Chivitek (Burlata, 1991). Poema laburrak dira, zuzenak, freskoak eta iradokitzaileak. Olerkiak ia irudiak direla esan daiteke, argazki bilduma moduko bat. Horixe izan da egilearen asmoa ere: “Niretzako olerkiak idaztea argazkiak ateratzea bezala da”, uste du Chivitek. Iruñeko Udalak lan hura saritu zuen 2012ko Egile Berrien sariketan, eta oraintsu ikusi du argia liburuak, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Kalean ibiltzen zen bitartean, gusta-tzen zitzaion hura harrapatzen zuen Chivitek, argazki bat aterako balu bezala. Hain zuzen ere, bereak dira liburuan tarteka agertzen diren argazki eta irudiak ere. “Hori ere bada Txinako Tang dinastiako idazleek egiten zuten zerbait, bai marrazkiak eta irudiak olerkiekin batera aurkeztea”, kontatu du.

NATURA ETA SURREALISMOA Filologia Txinatarra eta Ekialdeko Artearen Historia ikasi zuen Chivitek Londonen, eta ikasketen bigarren urtean sortu zitzaion Pekinera joateko aukera. Bere poemek Japoniako haikuen antza izan dezaketen arren, Txinako Tang dinastiaren influentzia izan du Chivitek. VII. mendetik X. mendera iraun zuen Tang dinastiak eta mende horietako poesia biziki maite du idazle gazteak. “Haiek naturari buruzko olerki motzak, sakonak eta xumeak idazten zituzten. Natura bada barneko sentimenduak islatzen duena eta olerkien amaieran, gainera, kontrapuntu bat ematen diote esaldiari, sakontasuna eman nahian”.

Bera ere horrela egiten saiatu da liburuan. “Bat-batean tonua eta poesiaren oreka aldatzen du horrek”, idazle nafarraren esanetan. Elipsiaren erabilerak ekialdeko poesiaren aire bat ematen dio, sintonian darabilen gaiarekin. Surrealista ukitu bat ere badu Chiviteren poesiak. “Hasiera batean, Pekineko pintzeladak dei-tzeko asmoa nuen, baina olerki asko hiriko kutsadurari buruzkoak dira, eta sonoritatearengatik egokiago ikusi nuen Pekineko kea”, kontatu du.

Txinako hiriburuan emandako urtea “esperientzia zoragarria” izan zen Chiviterentzat. “Momentu horretan asko aldatzen ari nintzen, eta hiria bera ere. Bi gauza horiek nabari dira olerkietan”, dio. 2012an egon zen Pekinen eta joan den urtean itzultzeko aukera izan zuen. Aldaketa gero eta nabarmenagoa dela ohartarazi du: “Herrialde komunista izatetik hiri kapitalista izatera pasa da. Herri txikietatik hiriburura doazen pertsonak, kutsadura... Hitz batean, eromena da hiria”.

18 urte zituenean hasi zen Chivite idazten. Nepalera joan zen boluntario moduan eta bertan egunerokoak idazteari ekin zion. “Pekineko kea ere, eguneroko bezala idatzi dut, bertan igarotako egunen eta sentimenduen dokumentazioa da”. Hiria, bertako egoerak eta kaleko pertsonak dira olerkien protagonistak. Honakoa ez da, ordea, Chiviteren poema liburu bakarra. Metro olerki liburua ere argitaratu zuen eta Londonen bizi bitartean metroan bizitako esperientziak poesia bihurtu zituen bertan. 2014ko Ernestina Champourcin poesia saria eta 2015eko Lauaxeta saria irabazi zituen lan horrekin. Iaz, berriz, Blas de Otero poesia saria irabazi zuen, Biennale lanarekin. Eguneroko bizitza arrunta islatu zuen bere poemetan, bizi-esperientziak Veneziako arte, kultura eta lanarekin uztartuz. Udazkenean, Erein argitaletxeak argitaratuko du lana. “Oso gustura sentitzen naiz poesia idazten, izan ere, sentimendua poesietan aurkitzen dut”, aitortu du Chivitek.

EUSKARAZ IDAZTEKO HAUTUA 10 urte daramatza Chivitek Euskal Herritik kanpo. Nazioarteko batxilergoa egin zuen Duinon (Italia), eta ordutik han-hemenka ibili da. Nepal, London, Pekin, Hong Kong eta Italian bizi izan da urte hauetan guztietan. Hartara, sei hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania, italiera, txinera (mandarina), ingelesa eta frantsesa. Hizkuntza aniztasun handiko testuinguru horretan, euskaraz idazteko beharra sentitu zuen Chivitek: “Ez neukan inorekin euskaraz hitz egiteko aukerarik, bakarrik nire buruarekin, eta euskaraz idazten hasi nin-tzen nire barne ahotsarekin gertu sentitzeko”, kontatu du. Bere hizkuntza “intimoa” da, pribatua, eta euskara manten-tzeko ariketa bezala erabili ez ezik, barne sosegurako ere erabiltzen duela dio.

Egun Venezian bizi da Chivite eta La Biennale di Venezia erakundean ari da lanean. Hala ere, ez du baztertzen bizitokia aldatzea. “Nire bizimodua nomada da, ez dakit non egonen naizen hurrengo hilabeteetan, baina horrela gustura nago”, dio. Ekainean, Euskal Herrira itzuliko da eta Donostiako Poesia eta Pentsamendua jaialdian parte hartuko du bere olerkiekin. Hain justu, Noraezean olerkiarekin hasten da Pekineko kea liburua eta Chiviteren beraren bizitza ulertzeko modua ere azaleratzen du poemak: “Nik ez dut ihes egiten/ bitxikeria baten bila nabil/ noraezean, /errepide ertzeko soroen artean / indarrez besarkatu nindutenen buruetan/ ongietorri eta agur malkoen artean / haurtzaroko zirku-istorietan / noraezean”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120