artea

Norbanakoa elkarlanean eraikiz

Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz artistek elkarlanean garatu dute beraien azken egitasmoa: ‘A strong need of security &sense of belonging’. Bizkaiko Foru Aldundiaren Barriek 2017 programaren baitan landuriko proiektua Rekalde Aretoan dago ikusgai

MARTA MORALES - 2017(e)ko ekainaren 4a, igandea - 12:06etan eguneratua

Ekainaren 25era arte ikusi ahal izango da bi gazte bilbotar hauen lana. OSKAR MARTINEZ

Ekainaren 25era arte ikusi ahal izango da bi gazte bilbotar hauen lana. (OSKAR MARTINEZ)

Galería Noticia

Ekainaren 25era arte ikusi ahal izango da bi gazte bilbotar hauen lana. OSKAR MARTINEZ

Arte Ederrak ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar, eta, 2010ean, ikasketak amaitzear zirela, elkarlanean hasi ziren Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz artista bilbotarrak. Artearen funtzioa bakoitzak munduarekin daukan paktua lantzea bada, bi hauek elkarlana aukeratu dute euren egitearen ardatz gisa. “Taldean eta kooperatiboki lan egitea ikasi beharreko zerbait da, metodologia behar duena. Hori ondo bideratzen baldin bada, izugarrizko indar sortzailea eta, ondorioz, ahalmen eraldatzailea duen tresna izan daiteke”, ziurtatu du Ruizek. Hain justu, arteak duen indar sortzaile eta eraldatzailea darabilte sentsazioen eta identitateen inguruan hausnar-tzeko, esperimentazioaren bidetik.

Atenasen egindako bi hilabeteko egonaldi batetik transferitutako lana da diziplina anitzeko beraien azken proiektua. Burdinezko estruktura, eskaiolazko piezak, egitura herdoilduak plastikoan utzitako arrastoa, kalean aurkitutako landare bat edota bideo proiekzioa topa daitezke erakusketan, baita arte garaikidearen teorian aditua den Angela Dimitrakakik erakusketarako idatzitako On transference testua ere, “piezak eta testuingurua artikulatzeko ezinbestekoa”, artisten iritziz. Izan ere, lengoaia formal ezberdinak interdependentzian jarriz lan egiten dute beti. “Gure lanak ez du zuzenean komunikatzeko helbururik, esanahietatik komunikazio intersubjektiboa sortzeko asmoa baizik”, argitu du Aurrekoetxeak.

Sorkuntza prozesu “sinplea” erabiltzen dutela diote bi artistek. “Ez dakizkigun tokietatik ez dakizkigun bideetara goaz. Ezagutzen ez dugun teknika bat hautatzen dugu, berau garatu ahal izateko. Teknikaren ezagutza ezak askatasuna eskaintzen digu, ezjakina ameslari bihurtzen baita egin daitekeenaren edo ezinezkoa denaren mugak gaindituz”, azaldu du Aurrekoetxeak. Haien jardunaren motorra, berriz, testuingurua bera da;zehazki, “bertan ematen diren aldaketak eta hauek identitateetan dituzten eraginak”.

IDENTITATEEN PREKARIZAZIORA Gizakiak bizitza duin bat bizi ahal izateko ziurtasuna eta sustrai sendoak behar dituela nabarmendu du Ruizek, erakusketaren izenburuari jarraiki: A strong need of security &sense of belonging (Segurtasunaren eta sustraien behar sendoa). Sustraiei buruz aritzean, lurrari lotuta mantentzen gaituen elementuaz baino, modu sinbolikoan darabilte kontzeptua. “Sustrairik eza bizi dugun sistema sozio-politikoak sor-tzen duen subjektibotasunaren ezaugarrietako bat da. Egun, badirudi erreferenteek eta egitura sozialek ez dutela sustraitzeko adina irauten. Sustrai eta ziurtasun faltak subjektibotasunen, alegia, identitateen prekarizaziora garamatzate”, azaldu du Ruizek. Izan ere, subjektibotasunaren garapena taldean, harremanetan, ematen dela uste dute Aurrekoetxeak eta Ruizek: “Ez da kasuala eskolan benetan kooperatiboki lan egiten ez ikastea, edo arte sistemaren barruan taldeka egindako proposamenak garatzeko arazo burokratikoekin topo egitea. Norbanakoa taldean eraikitzen dela uler-tzeak gizakiaren eraldaketa eta, ondorioz, jendartearen aldaketa ahalbidetzen baitu”.

Pozik dira Aurrekoetxea eta Ruiz, bai erakusketarekin eta baita orain arte egindako ibilbidearekin ere. “Ikasketak amaitu eta gutxira hasi ginen lehenengo erakusketak egiten eta lehen bekak jasotzen. Egiten ikasten jarraitzen dugu, ibiltzen ikasten”, diote. Gainera, elkarlanean jarduteak ibilbide hau aberastu egin duela uste dute. “Alde emozionalak hain zerikusi handia duen lanbide honetan ezinbesteko pieza izan da elkarlana”, agertu du Aurrekoetxeak.

Zazpi urteko ibilbidea batera egin ostean, baina, bakoitzari behar bereziak sortu zaizkio. Hala, Ruizek artea eta pedagogia uztartuko ditu datozen urteetan, arteak ikasketa prozesuetan duen eragina ikertzeko. Aurrekoetxeak, berriz, atzerrira egingo du jauzi. Azken hiru urteetan Bilboko Okela Sormen Lantegian aritu da. Laster, baina, eskulturako ikasketak egingo ditu Londresen. Hala ere, elkarlanean proiektuak lantzen jarraituko dutela argi dute. “Distantzia fisikoak gure lan egiteko modua eraldatuko du, mutatu egingo du. Mutazio horren ondorioak ikustear daude”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120