pentsalaria eta idazlea

Joxe Azurmendi: “Guk munduari eskaini ahal diogun zerbait originala euskara da”

Hizkuntza euskal nazioaren oinarria dela aldarrikatu du pentsalari eta idazle gipuzkoarrak ‘Hizkuntza, nazioa, estatua’ bere azken lanean

Dabi Piedra - 2017(e)ko maiatzaren 28a, igandea - 12:05etan eguneratua

Joxe Azurmendi saiogile zegamar oparoa.

Joxe Azurmendi saiogile zegamar oparoa. (GARI GARAIALDE)

Galería Noticia

Joxe Azurmendi saiogile zegamar oparoa.

Euskal izaeraren muinera bete-betean jo du oraingoan Joxe Azurmendik. Hizkuntza, nazioa, estatua (Elkar) liburuaren hiru ardatzak izenburuan bertan zehaztu ditu. Autorearen arrazoibidearen bi oinarri nagusi dira euskara eta abertzaletasuna, eta naziogin-tzarekin eta estatugintzarekin lotu ditu oraingoan, 117 orrialdeko saiakera labur baina mamitsuan.

Jakin aldizkariak eta UEUk 2015eko ekainean antolatutako Euskara, estatugin-tza eta naziogintzaren erdian ikastaroko hi-tzak dira liburuaren abiapuntua. Sarrera hitzaldia eman zuen orduko hartan Azurmendik eta liburu formatura ekarri ditu orduko esanak. Bere ohiko estiloan, ideiak katea-tzeko orduan maisu ageri da zegamarra saiakera honetan. Historiako pentsalari handien aipuak ez dira falta: Ezaguna da Alemaniako korronte filosofikoak arretaz aztertu dituela eta, besteak beste, mundu klasikoko autoreen ikuspuntua ere sartu du, nazioaren kontzeptuaz egon diren iritziak aletzeko.

Izan ere, hori da Hizkuntza, nazioa, estatua-ren hasiera: Gaur egun naziotzat zer ulertu behar dugun. Hizkuntza da, kasu gehienetan, nazioaren oinarria, Azurmendiren ustez. Euskal nazioarentzat, beraz, euskara izan beharko litzateke abiapuntua. Hortik aurrera, eta euskaldunona “nazio hautsia” dela azpimarratu ondoren, gogoetari eta eztabaidari atea zabaltzen dio autoreak. Euskal estatua lortzeko ikusten dituen bideez, abertzaletasunaz eta euskal nazioaren etorkizunaz dihardu.

Joan den mendearen erdialdetik, abertzaletasunak euskarari eman zion zentralitatea, arrazarekin lotutako tesiak baztertuta. Ikuspegi horretan kokatzen du bere burua Azurmendik. Hartara, XXI. mendean agertu diren pentsamolde berri batzuei erantzun die liburuan. Euskalduntasuna ez duela hizkuntzak egiten diotenen aurrean, Azurmendik garbi du: Euskarak egiten gaitu euskaldun.

Zentzu hertsian, euskaldunona nazio hautsia dela diozu, gaur egun behintzat. Hau da, ez dituela nazioaren ikuspegi klasikoaren baldintza guztiak bete-tzen. Euskararen atzerakadagatik soilik diozu hori, ala beste alderdi batzuetan ere huts egiten du gure nazio izaerak gaur egun?

Euskaldunen nazioa nolanahi dago hautsia, politikoki, administratiboki, territorialki, sozialki, eliztarki. Justiziatik Osasunera edo campus unibertsitarioetan zein kiroletan, erakunde publiko guztiek desegituratzen dute. Ondorioz, banatuz doa eta lausotuz doa, espainolduz eta frantsestuz, tradizioetan, ohituretan, kulturan. Azken batean kon-tzientzia nazionalean ere bai.

Hizkuntza, historia, mugak... maiz aipatzen dira nazioak definitzeko orduan. Gizartearen unean uneko kontzientziak zenbaterainoko pisua du?

Ikuspegi politikotik mintzatzen bagara, kon-tzientzia kolektiboa erabakigarria da. Bestela, ez derrigor. Autokontzientzia nazionala ez da automatikoa, baldintza sozio-politiko jakin batzuetan oinarritzen da, momentu konfliktiboetan gehienetan. Autokon-tzientzia hori gabe nazio asko daude oraintxe ere. Baina kontzientzia hori gabe nazioa ez da faktore politikoa.

Liburuan aipatzen duzu hizkuntza dela nazioaren oinarria, euskaldunon kasuan, zer esanik ez. Nola edo zergatik heldu zara ondorio horretara?

Mintzoduna izatea da gizakia abere guztien artean bereizten duena. Gizadi unibertsal mintzodunean jende mota diferenteak daude: zuriak, beltzak, heterosexual eta homosexualak eta abar. Jende batzuek komunitateak osatzen dituzte. Komunitate guztiak berdinak dira gizatasunaren mailan, eta bereizi egiten dira kolorean, ohituretan, tradizioetan... Diferentzia guztien artean, mintzairarena da oinarrizkoena. Abereen artean hizkuntzak bereizten du gizakia eta gizakien artean hizkerak bereizten du komunitate nazionala beste ezerk baino sakonago. Salbuespenak egon badaude, eta beren esplikazioa dute.

Euskaraz jakin gabe euskaldun izan daitekeela diote askok. Ibilbide motzeko aukera da hori euskal nazioa berreraikitzeko?

Euskararik gabe izan liteke geografiko edo administratiboki euskotarra edo baskoa, ez euskalduna. Euskalduna ez du egiten han edo hemen jaio izanak, edo halako zortzi edo hamasei deiturak. Bere burua jada euskalduntzat daukan euskararik gabeko euskotarra kalamitate bat besterik ez da euskal nazioa berreraikitzeko.

Espainiarrek eta frantziarrek garbi dute hizkuntza dela beren nazioen oinarrietako bat, eta praktikan euskaldunok pairatzen dugu hori. Hizkuntza bat nazioaren eraikuntzaren oinarrian jartzerik bada (adibidez euskara euskal nazioan), beste hizkuntzak errespetatuta?

Uste dut ez dela inoiz jokatu behar era agresiboan ezein hizkuntzaren aurka. Hala ere, diskriminazio positibo batzuk ezinbestekoak dira, oinordetzan jaso dugun egoera askori buelta emateko. Emakumeen egoera alda-tzeko lanpostuetan edo karguen munduan egiten den bezala, esaterako. Batzuen aldeko diskriminazio positibo orok kostua dakarrela beste batzuentzat, hori ez dago ukatzerik. Erreparazioaren eta justiziaren prezioa da. Historiaren prezioa, nolabait.

Euskararen alde neurriak hartzen direnean, txikiak izanda ere, inposiziotzat jo-tzen dituzte batzuek. Horri nola eman dakioke buelta?

Euskara biziberritzeko edozein neurriren oposizioari buelta ematea ez da erraza izango. Batzuetan lanbideetako interes pertsonalengatik. Beste askotan, ez-nazionalismo nazionalista estatala asaldatzen delako. Buelta eman ahal izango zaio, gaurko itsukeria politikoak gainditu eta denok komunitate bat garela, edo izan gura dugula, uler dadinean. Denok familia bat eta familiako hizkuntza bat, horregatik elebakarrak izan gabe.

Euskaldunon izaera hizkuntzaz aparteko beste parametro batzuen bidez (adibidez, subalternitatea) definitzeko joera hedatzen ari da eta ez zatoz bat ikuspegi horrekin. Zergatik?

Ez duelako gure izaeraren eta arazoaren espezifikoa adierazten. Baina hori objekzio teorikoa da. Horrek ez du esan gura ordena praktikoan subalternitatea ez dela gure arazoan oinarri-oinarrizkoa.

Euskararik gabeko euskal estatua zer litzateke zuretzat?

Extremadura independente bat. Ez legoke gaizki. Normalean maiteago ditut estatu txikiak handiak baino. Hala ere, ez da nire ametsa Euskadirentzat. Batetik, komunitate bat ez ginatekeelako izango euskara hilaraziz ez bada. Bestetik, guk munduari eskaini ahal diogun zerbait originala euskara delako, eta euskararen herritxoak loratu duena.

Ospe on-onik ez du gaur egun abertzaletasunak eta nazionalismoak, batzuentzat iraganeko kontzeptuak dira. Uste duzu Euskal Herriak abertzaletasuna behar duela? Nolako abertzaletasuna?

Behar-beharrezkoa iruditzen zait. Baina ez abertzaletasun bakarra, halako ezberdinak baizik. Berrehun urte da, gutxienez, irakur-tzen dugula nazionalismoa iraganeko kontua dela eta gainditua dagoela. Urte askotxo da, ezta? Beti gainditua, berrehun urtean jarraitzeko?

Batzuek diote euskarak (eta euskal nazioak bidenabar) bizirauteko aukera bakarra estatu burujabea dela. Bat zatoz ala bada beste irtenbiderik?

Bai, nik ere hala uste dut. Ez dakidana da estatu burujabea aski ote litzatekeen. Gogora dezagun Irlanda.

Euskararentzako garai latzagoak ezagutua zara zu. Beharbada erlaxatu egin gara gaur egun, sasoi bateko kontzientzia galdu?

Ez nuke esango. Garai batean antifrankista izateak ia automatikoki euskaltzale bihurtzen zintuen, itxura batean. Baina zinez euskaltzalea, musika edo poesiazalea bezala, inoiz ez da izan gehiengoa. Eta gutxiago konpromiso pertsonala hartzen zuena. Nik neuk gure jendeak euskararekiko erakusten duen sentsibilitatea miresten eta eskertzen dut.

Liburuko ideia asko aspaldi adieraziak zenituen. Hala ere, belaunaldi gazteengandik zer ikasi duzu edo zer gehitu diozu zeure pentsamenduari?

Ikasitakoa ez nuke esango denik puntu jakin bat edo beste, zerbait orokorragoa da. Esate baterako, abertzaletasuna giza eskubide unibertsal gisa planteatzea, euskal partikulartasunei atxikita geratu gabe. Edo globalizazioaren markoan egitea. Edo subalternitatearen kategoriaren bitartez euskal arazoa feminismoarekin lotzea... Gure arazoak pentsatzeko kategoriak eta planteamenduak eskuarki eginkortasunaren interesetik erasatea, teoria soilaren ikuspidetik baino gehiago.

Ez da ideia berri bat edo beste. Mundu berri bat da belaunaldi berriekin datorrena.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120