Zirrikituetatik begira

Mina aurreztuz

Pilar Kaltzada - Martes, 23 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Columnista Pilar Kaltzada

Galería Noticia

Columnista Pilar Kaltzada

bAT-BATEAN ohartu naiz oharkabean pasa zaizkidala azken hamar minutuak. Etxetik irten eta nagoen tokira iristeko egunero denbora horixe behar izaten dut eta beraz, ez da zaila kalkulua egitea. Ohi bezala bakarrik joan naiz autoan, irratia piztuta, burua auskalo zertan edo nondik dabilkidala.

Ez dakit nola egin dudan honainoko bidea, baina gogoratu dezaket, edo imajinatu. Autoa etxetik aterako nuen, eta handik puska batera bidegurutzera iritsiko nintzen. Han itxarongo nuen, eta alde bietara begiratuko nuen errepide nagusira irten aurretik. Aurrerago biribilgune nagusia dago eta han nire txanda gordeko nuen, diot nik, eta baita zebra-bidean ere aurrerago egin dudanean. Eta semaforoko panpina gorri eta berdeari erreparatuko nien, iritsi naizen tokiraino iritsi bainaiz istripurik eragin gabe. Halakoxea izango zen nire ibilbidea, halakoxea delako egunero. Baina ezin dut deus ere gogoratu.

Egindako urratsak hamaika aldiz egin eta gero, batzuetan buruak ez du erregistrorik gordetzen, bien bitarteko horrek axolarik ez balu bezala. Aurrezteko mekanismo bat izango dela uste dut;benetan barru-barruraino sartu zaigula, alegia, aurreztu beharra.

Beste maila sakonago baten sartu zaitu funtzionatzeko modu hori? Baiezkoan nago, eta beldur naiz, askotan pentsatzen baitut horretara erraz ohitu naizela, eta etxetik lantokirako bidea bezalaxe, laster beste mugimendu eta sentimendu batzuk ere automatizatu egingo ditudala, honezkero egin ez badut behintzat.

Adibidez, halako baten ez naizela ohartu ere egingo norbaitek eskua niregana luzatuz txanpon parea eska-tzeko geratzen banau. Edo ez diodala erreparatuko gurasoak lanik gabe geratu direlako etxez aldatu behar izan duen nire alaben adiskidearen bisaia tristeari, eta ohartuko banaiz ere, zerbait normala, erremediorik gabea dela pentsatu egingo dudala, bidegurutzean bi aldetara begiratzea bezain normala.

Beharbada hala da jadanik, garbi ez dakidalarik esaten, egiten edo senti-tzen dudanaren zein zati zor diodan. Eta noizbait ohartuko banaiz, ez ote den beranduegi izango.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120