iritzia

Umeak eta kultura

JULEN GABIRIA - 2017(e)ko maiatzaren 20a, larunbata - 11:35etan eguneratua

Aspaldiko kontuez ez dudanez oroitzapen zehatzik, ezin dut ziurtasunez esan, adibidez 10 urte nituenean, eternalki nahi ote nuen ume izaten jarraitu, ala gogo-tsu ote nengoen helduen mundura salto egiteko. Agian ez nuen ezer berezirik nahi: umea nintzen, eta kito: kalean jolastu, komikiak irakurri, telebistan marrazki bizidunak ikusi, eta tarteka (larunbat bazkalosteetan, saio bikoitzean) herriko zineman Cantinflasen pelikulak ikusi.

Baina, ziurrenik, ez zegoen askoz ere gehiago aukeratzeko;nik neuk ez dut gogoratzen 80ko hamarkadaren hasieran gaur egungoaren moduko kultur eskaintza eskuraerrazik: errezitaldi musikatuak, an-tzerki-obrak, mota guztietako kon-tzertuak (tabernetatik hasi eta an-tzokietaraino), erakusketak, etxean bertan zinema ikusteko aukera... Bai, teorian helduei zuzendutako gauzez ari naiz, baina ume batek ere ikusi eta gozatu ditzakeenak, inolako zalantzarik gabe.

Gaur egun, 10 urteko ume batek nagusia izan nahi du. Agian ez modu kontzientean, agian ez dio izenik jartzen bere nahi horri, baina jarraitzen dituen ereduak helduen esparrukoak dira erabat (edo orain arte helduen esparrukotzat jotzen zirenak). Agerikoa da zer kontsumitzen duten telebistan eta Interneten;argi ikusi da orain, Go!azen telesailaren eta Bagoaz talent-show-aren arrakastarekin: ikusleak gozatzen ari dira beraiek baino nagusiagoak diren gazte ba-tzuen gorabeherekin, zer eta, gainera, duela 20, 30 edo 40 urteko kantuak entzuten eta deskubritzen dituzten bitartean.

Umeek erraz aukeratzen dute euren bidea: oraintxe ari dira Pirritx eta Porrotxen diskoak matxakatzen, eta orain ari dira, derrepente, Itoizen kantu bat ahotan hartuta tregoarik gabe. Eta gu, helduok, horri begira behiak trenari bezala, gauzak mirariz edo probidentziak aginduta gertatu izan balira bezala. Zenbat gurasori bururatu zaie, Go!azen-en bultzada aprobetxatuta, garai bateko diskoei hautsa kendu eta umeei ematea, osorik entzun ditzaten? Ez, guk gurean jarraitzen dugu: umeentzat, umeen musika, umeen pelikulak, umeen liburuak, umeen antzerkia... Eta gurasoek ere, noski, irentsi dezatela umeen inguruan pibotatzen duen kultur eskaintza hori;eta are gehiago: umeentzat pentsatutako oporrak, aspertu ez daitezen;eta asteburuetan, umeentzako planak (aspertu ez daitezen);eta eskola ostean, zerbait egin behar umeentzat (aspertu ez daitezen). Berdin bizitzan eta berdin kulturan, mastekatzeko errazak diren proposamenak beti.

Ez dago 10 urteko umerik helduen kontzertuetan, baina 10 urteko umeei zuzendutako ekimenak gurasoz beteta daude. Beti umeen atzetik gabiltza, umeei sekula zubi bakar bat ere eskaini gabe apurka-apurka helduen mundurantz igaro daitezen. Tira, “zubi bakar bat ere eskaini gabe” esan dut, gezurra: umeak San Mamesera edo Anoetara eramateko orduan inork gutxik egiten du zalantza;hori ere heldutasun-prozesuaren izenean, imajinatzen dut.

Ez, kulturaz ari naiz: eurak heldu bihurtzeko irrikan daude, eta kultura da horretarako biderik ederrenetakoa: helduentzako pelikulak, antzezlanak, kontzertuak, liburuak... Ai, noski: baina horretarako helduek ere kontsumitu beharko lituzkete!

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120