literatura

Euskal letrak astindu zituen taldea gogoan

Pott Banda-ren 40. urteurrenean, omenaldi-liburua dakar Sorzain argitaletxe sortu berriak. Jon Kortazarrek koordinatu du ‘Pott Banda, ekilibrista bihotza (1977-1980)’ lana

JULENE LARRAÑAGA - 2017(e)ko maiatzaren 21a, igandea - 11:54etan eguneratua

Atxaga, Ordorika eta Iturralde, Pott Bandaren garaian. NOTICIAS TALDEA

Atxaga, Ordorika eta Iturralde, Pott Bandaren garaian. (NOTICIAS TALDEA)

Galería Noticia

Atxaga, Ordorika eta Iturralde, Pott Bandaren garaian. NOTICIAS TALDEA

Euskal letretan iraultza ekarri zuen Pott Bandak 1977an eta, 1980ra arte, erreferentzia nagusietako bat izan zen euskal literaturan. Duela 40 urte osatu zuten taldea, Bilbon, Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Manu Er-tzilla gazteek. Hiru urteko ibilbide laburrean goitik behera aldatu zuten euskal literaturaren panorama. Orain, bere sorreratik 40 urtera, talde literario honek utzitako aztarnaz hausnartzeko intentzioarekin iritsi zaigu Jon Kortazar. Bere esanetan, “sortzaile haien lana gogoan hartu eta omentzeko” intentzioz kaleratu da Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980) liburua, Sorzain argitaletxearen eskutik.

1977-1980. urteetako Bilboko testuinguruan kokatu behar gara Pott Bandaren bilakaera ulertzeko. Ustela aldizkarian (1975-76) bere ibilia amaitu ostean, Atxaga Bilbora joan zen eta, Iturralderekin batera, bertan erein zuen taldearen lehen hazia. Gerora batu zitzaizkien Juaristi eta Ordorika, azken horrek eraman zuen taldera Sarrionandia, eta hark gonbidatuta batu zen Ertzilla. Alde Zaharreko Arriaga antzokiko kafetegian eta Cantábrico tabernan hasi ziren biltzen ostegun gauetan, literaturaz, musikaz zein zineaz hitz egiteko.

Argitaletxe bat sortzea zen beren sakoneko asmoa, ordea. Honela definitzen zuten beren eginkizuna: “Bi hitzetan adieraziko dizuegu zertan den geure konplotta. Editoriale bat egiteko bildu gara Bilbaon (...). Bihen (sic) bitartean, hau bezalako panfletoen bitartez jakinen duzue gutaz. Hitz bat oraindik: editoriale bat ez da beti sortzen plangintza kulturalaren hutsuneak betetzearren. Ez gaude horri begira. Begira gaude begira goiko kamino berrira, esan nahi baita, ez gaudela inori serbitzeko geure buruak argitzeko baino. Mekaben Pott”.

SEI ALE Burokraziak editoriala sor-tzeko baimena ukatu zienez, panfletoa argitaratzen hasi ziren, inongo diru-laguntzarik gabe eta publizitateari uko eginez. 1978ko martxoan heldu zen aldizkariaren lehen zenbakia, 16 orrikoa, Pott bandaren berriemailea izenburuarekin. Bost durotan saldu zuten Joxemi Zumalabek maketatutako alea, bere zenbait marrazki ere biltzen zituena. Underground kutsuko aldizkariaren sei zenbaki kaleratu zituzten orotara. Aldizkariaz gain, utzi zuen herentziarik Pott Bandak: Pott liburutegiak 1978an argitaratutako Atxagaren Etiopia poema liburua.

UTZITAKO ARRASTOARI SO Jon Kortazarrek liburuan jaso ditu Pott Bandaren hasierako gorabeherak, taldearen sorrera eta bilakaera, argitaletxe bat eratzeko ideiarekin jaio eta prozesuan sortutako buruhausteak, argitaratu zituzten Pott aldizkariaren sei aleen deskribapena, etab. Kortazarren esanetan, “Pott Bandak ondorengo belaunaldietan utzi duen arrastoa aztertzea da liburuaren helburua”. Horretarako, taldekideen oroitzapenak batu dituzte, Kortazarrek berak eta euskal literaturako beste autore eta aditu batzuek -Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Jose Fernandez de la Sota, Jon Martin eta Idoia Jauregi, besteak beste- taldekideei eginiko elkarrizketen bidez. Bigarren zatian, aldiz, beste idazle, kazetari, bertsolari eta kultur eragile zenbaiten omenaldiak jaso dira. Horietako bakoitza norbere ikuspuntu pertsonaletik Pott Bandak utzitako orbanaz mintzo da. Tartean dira, Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Manex Agirre, Jon Gerediaga, Kirmen Uribe, Iñigo Roque, Felipe Juaristi eta Garbiñe Ubeda.

Idazlea eta euskal literaturan aditua den Kortazar bera ere izan zen Pott Bandako parte. Ez zen aldizkariaren sustatzaileen artean egon, baina berak ere argitaratu zituen testu ba-tzuk, aldizkarian kolaborazioak jasotzen hasi zirenean. Hala, “lehen eskutik ezagututako giro haren omenaldi” ere bilakatu nahi izan du urteurrena, eta, horregatik, hibrido moduko bat da liburua: badu omenaldik, baita ikerketatik ere. Aipagarria da, era berean, sortu berri den Sorzain argitaletxeari esker ikusi duela argia lan honek. Izen bereko elkarte kulturaletik sortutako proiektu editorial honek kritika-liburuak euskaraz argitaratzea du helburu, hizkuntza eta gogoeta bulta-tzeko. Hain zuzen, Pott Banda, ekilibrista bihotza (1977-1980) Sorzainek plazaratutako bigarren liburua da.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120