ALAINE AGIRRE IDAZLEA

“Amildegian ez erortzeko idazketara jotzeak idazle sentiarazi nau”

‘Txoriak etortzen ez diren lekua’ (Erein) bere lehenengo poema-bilduma kaleratu berri dubermeotar idazleak. Ospitale psikiatriko batean idatzi zituen olerkiak bildu ditu bertan

AINHOA LORES - 2017(e)ko maiatzaren 14a, igandea - 11:31etan eguneratua

Orain arte eleberriak eta haur eta gazteentzako ipuinak landu izan ditu Alaine Agirrek.

Orain arte eleberriak eta haur eta gazteentzako ipuinak landu izan ditu Alaine Agirrek. (PABLO VIÑAS)

Galería Noticia

Orain arte eleberriak eta haur eta gazteentzako ipuinak landu izan ditu Alaine Agirrek.

Desleku bat da Txoriak etor-tzen ez diren lekua, bizitzarik ez, edo oso bizi gutxi dagoen mikromundua. Poema bilduma honen bitartez, minbera eta era berean ausarta den gaia jarri nahi izan du irakurleen begien aurrean Alaine Agirrek (Bermeo, 1990). Pasa den urtean, hainbat astez ospitale psikiatriko batean izan zen eta bertan ida-tzi zituen liburuko poema guztiak. Bertako arau, ordutegi, ohitura, gaixo eta zaindari bereziekin bizitakoa eguneroko edo “segundoroko” batean jasotzen aritu zen, denbora osoa idazten ematen baitzuen. “Kartzela horretatik ihes egiteko” balio izan zion une hartan idazteak, horrelaxe azaltzen du liburuko aurreneko atalean: “Idazten dut giltzaz itxitako gelak eta komunak eta armairuak irekitzeko, ziega-pareta zuri hau urratzeko, beti zarratuta dauden leihoetan zirrikitu bat zabaltzeko…”. Dramatismorako ematen duten istorioak dira Agirrek liburuan kontatzen dituenak, baina umore ukitu batekin olerki bihurtu dira.

Egoera latza da liburuan azaldu duzuna, ospitale psikiatrikoan idazteko baldin-tzak ere ez ziren onenak. Orain, distan-tzia pixka bat tarteko, nolakoa izan da bertan idazteko esperientzia?

Psikiatrikoan ez zegoen debekurik idazteko, baina ordutegi batzuk bete behar ziren, gauetan batez ere. Berez senda-tzeko lekuak izan arren, gaixoa kartzela batean legez sentitzen da, baina, poema batean nioen bezala, kartzelarik gogorrena zeure buru barruan daramazun gaixotasuna da.

Lehenengo atalean azaltzen duzu nolabait libreago sentitzeko idazten zenuela. Nola edo noraino aldatzen zuen idazketak zure uneko egoera?

Zure askatasunaren kontrako zigorrik handiena da zu zeu ez izatea, zeure nortasuna urtzen, desegiten ari dela senti-tzea, eta gaixotasun mentalak horrelako zerbait eragiten dizu, ez dakizu nor zaren, ez zara ezertarako gauza, ez zara errealitateaz jabetzen ere, neurri batean. Egoera horretan, idazteak “ni banaiz”, “ni ni naiz” esateko balio zidan.

Farmazietan saltzen ez duten botika hori izan da idazketa zuretzat? Terapia gisa hartu daitekeen erremedio alternatiboa, akaso?

Ez dut esango balio orokorra duenik. Nik txikitatik idatzi izan dut, eta alde horretatik neure nortasunaren osagai ezinbesteko bihurtu da. Horrez gainera, idazteak laguntzen zidan neure buruaren analisia egiten, batetik, eta baita neure ingurua aztertzen ere.

Erietxean zetazko izarak sentitzera ere heldu zinela aipatu zenuen liburuaren aurkezpenean. Optimismorako aukera, beraz.

Ospitaleko izarak latzak ziren berez, haien ukitua gogorra egiten zitzaion nire azal minberari. Baina hala ere, zabor artean perlaren bat bilatzen duenaren gisan, nik ere edertasuna bila-tzen nuen desleku hartan;edertasuna litzateke izara latz haiek zetazkoak zirela sentitzea.

Esperientzia lazgarri guzti honetatik zer atera duzu?

Topiko bat da egoera txarrenetik ere zerbait ona atera daitekeela esatea. Nik ez diot inori opa gaixotasun mental bat edukitzea, ezta psikiatriko batean egotea ere. Zoritxarrak dira horiek, sufrimendu handia dakartenak, bai norberarentzat, bai ingurukoentzat. Dena dela, alderdi positiboren bat bilatzen hasita, esango nuke orain hobeto ezagutzen dudala neure burua, baita maite ditudanak ere, eta hobetoxeago dakidala zer den inportanteena bizitzan eta zer nahi dudan egin. Erantzunak adina zalantza ditudan arren.

Zerk eraman zintuen ospitalean idatzitako poema horiek argitaratzeko erabakia hartzera?

Dudak izan nituen, ea merezi zuten, ea hau poesia den. Zorionez, Iñaki Aldekoa editoreari asko gustatu zitzaizkion eta argitaratzera animatu ninduen.

Aurreko lanak eleberriak izan badira ere, orain poesia hautatu duzu. Zergatik?

Lehenengo momentuan ez nuen idatzi lan literario bat egiteko asmotan. Idazketa automatiko bat izan zen, neure burua espresatzeko edo liberatzeko. Bigarren egonaldi bat izan nuen geroago, eta orduan, lehen idaztaldiko testuak berriro irakurriz, ohartu nintzen izan zezaketela balio literario bat, eta poesiaren forma zegokiela testu horiei, orraztuz eta landuz gero, noski.

Lan honekin idazletzat hartu duzu zeure burua, aurreko lanekin ez bezala. Zer aldatu da horretarako?

Idazle sentitu naiz, baina ez sariketa eta saraoetan ibiltzen den idazlea. Ez daukat ezer horren kontra, baina, esan nahi dut, egoerarik makurrenean, neure burua salbatzeko eta amildegian ez erortzeko idazketara jotzeak sentiarazi nauela idazle.

Baduzu beste proiekturen bat buruan? Helduentzako, gaztetxoentzako, zuretzako... Norentzako idatziko duzu?

Oraintxe argitaratuko dut nobela bat, Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama, Joseba Jaka beka irabazi zuena. Aurrerantzean, berriz, asmoa dut idazketa autobiografikoa baztertzeko, ez dakit aldi baterako edo betiko. Oraingoz, behintzat, haur eta gazte literaturako proiektu batzuei heldu nahi diet.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120