musika

Iraganeko eta oraingo doinuek bat egiten dutenean

Gernikako bonbardaketa oroituz, Bernardo Atxagaren ‘Markak’ liburuko tesia hartu zuen iaz Hannot Mintegiak, izen bereko dokumentala egiteko;orain Aitor Etxebarria ‘El_Txef_A’-k diskoa argitaratu du, dokumentalean oinarrituta

2017(e)ko maiatzaren 14a, igandea - 11:44etan eguneratua

Goian, Hannot Mintegia eta Aitor Etxebarria, ‘Markak’ biniloa eskutan. Eskuinean, zuzeneko eMinteemanaldietarakoosatu duten taldea.

Goian, Hannot Mintegia eta Aitor Etxebarria, ‘Markak’ biniloa eskutan. Eskuinean, zuzeneko eMinteemanaldietarakoosatu duten taldea. (JOSE MARI MARTINEZ / AITOR MATAUCO)

Galería Noticia

Goian, Hannot Mintegia eta Aitor Etxebarria, ‘Markak’ biniloa eskutan. Eskuinean, zuzeneko eMinteemanaldietarakoosatu duten taldea.

Memoria kontzientzia da. Ez balego memoriarik, erabat galduta egongo ginateke, eta poliki-poliki harri bihurtuko ginateke. Ahanzturaren eta gogoratzearen arteko lehia benetan zaila da”. Memoriari buruzko kezka etengabekoa da Bernardo Atxaga idazlearen ibilbidean, eta gai hori hartu zuen oinarri Gernikako bonbardaketaren oroimenetik abiatuta sortutako Markak liburuan.

Gertaera batek pertsonengan duen eragina, horiengan uzten dituen markak. Atxagaren tesi hori bereganatuz sortu zuen izen bereko dokumentala Hannot Mintegia zuzendariak. Bertan, duela 80 urte eraso horrek markatutako hiriaren memoria kontatzen da. Sor-tzaile eta gernikar bezala, orain dela 80 urte gertatutako bonbardaketak herritarrengan izandako eraginaz hausnartu zuen.

ETB telebista katearen enkargua izan bazen ere, Mintegiak berehala bilakatu zuen proiektu pertsonal. Oier Plaza gidoilari eta zuzendari laguntzailearekin batera, Gernikaren “erretratua” egitea hartu zuten xede gisa. “Iragana, oraina eta horien arteko harremana inmortalizatu nahi genuen, herria kanpotik zelan ikusten den zein bertakoek zelan ikusten duten...”, kontatu du dokumentalaren egileak. Oier Plaza Atxagaren liburuaz gogoratu zen, eta idazlearekin hitz egin ostean, parte hartze aktiboa izan zuen proiektuan hark ere. Gertakari zehatzetik harago joan zen Mintegia, izan ere, Gernikan herritarren artean gaur egun dagoen “sorkuntza mugimendua” islatu nahi izan zuen. Iragan ilun horrek jendea zelan mugiarazi duen, horrek herritarrengan izan duen eragina aztertu zuten. “Ahal genuen neurrian horri justizia egin nahi genion. Badakigu sortzaile eta herritar piloa dagoela Gernikan eta Gernikaren-tzat lanean eta hori erregistratu nahi izan genuen dokumentalean”.

Gertakariei doinua jarriz Aitor Etxebarria musikari gernikarra arduratu zen dokumentalaren soinu banda sortzeaz. El_Txef_A gisa hamar urtez aritu da Etxebarria eta, gernikarra izanda, momentu ezin hobea iruditu zitzaion zinemarako lan horretan buru belarri jartzeko. Lehen aldiz sinatu du bere izenarekin musikariak. Iragan udazkenean estreinatu zuten dokumentala, Donostiako Zinemaldian. Mintegia eta Etxebarria ere hain pozik geratu ziren egindako lanarekin, pentsatu zuten ideia bikaina izan zitekeela Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean binilozko disko berezia ateratzea, Markak izenekoa hori ere. Bere profila dela-eta, atzerrian ezaguna da Etxebarria eta hori baliatu nahi izan du gertakariaren oroitzapena gehiago hedatzeko. Atzerrian Picassoren koadroa ezaguna dela dio, baina gertatutakoa ez hainbeste. “Diskoak nazioarteko oihartzuna izango du, eta nire erara esportatu nahi izan dut Gernikako kontakizun hori. Agian, horrela, diskotik dokumentala ikustera pasatuko dira, eta beraz, historiara”, kontatu du musikariak.

Soinu banda sortzeko prozesua “naturala” eta “erraza” izan zela kontatu du Mintegiak, eta nahiz eta dokumentala grabatuta ez egon, gidoia nahiko zehaztuta zegoen hasieratik. Mintegiak zein Plazak bazekiten elkarrizketatuak nortzuk izango ziren eta zer esango zuten, gutxi gorabehera, musikariari tonua momentu bakoitzean zelakoa izan behar zen esateko. Dokumentalerako “bereziki” sortu zuen musika Etxebarriak, hasiera-hasieratik zirriborroak eginez. “Erabakiak berehala hartzen ditut gehienetan, inpultsiboki. Hasieratik izan nuen argi, barruan nuen zerbait zen abesti bakoitzaren esentzia, kolorea eta sentsazioa zein izan behar zen”.

Hamar kanta ondu ditu musikari gernikarrak dokumentalerako eta horiek entzun daitezke Markak diskoan. Kontatzen duenez, kazetari batek esan zion harritu egin zuela bere musikak, izan ere, ez zituen espero “horren doinu ederrak” halako egoera dramatikoa irudikatzeko. “Gertatutakoa basakeria bat izan zela ahaztu gabe, egun Gernikan dagoen mugimendu fresko horrek argitasun sentsazioa ematen dit niri. Diskoan badaude oso tristeak diren pasarteak, baina ni belaunaldi berrietakoa izanik, gaur eguneratu egin dut sentsazio hori, eta orainaldiko positibotasuna ere sartu dut”.

Betirako testigantzak Tia Luisita du izena biniloko seigarren piezak. Dokumentalean ageri den testigantza bat bere horretan jaso dute diskoan. “Oier lankidearen senidea zen. Iaz hil zen. Oso komunikatzaile ona zen, grazia handikoa”, kontatu du Mintegiak. Jende gehienak ezagutzen ez zuen testigan-tza bat eman zuen berak, orduko garaiko kontraesan asko agerian utziz. “Gernika oparotasunera ailegatu zen arma fabrika potenteak zituelako, eta arma horiek 36ko gerran erabili ziren, bando bietan. Herria suntsitu ostean, jende askok arma fabriketan lan eginez lortu zuen aurrera ateratzea. Beste gerra batzuetan erabiliko ziren armak. Tia Luisitak oso era naturalean kontatzen zuen hori”, azaldu du Mintegiak. Etxebarriak dioenez, lekukotza diskoan sartzea erabaki zuenean, ez zuen hainbeste baloratu. “Ez nuen asko pentsatu, baina jendeak esan dit ea benetan konturatzen naizen gerrako kontakizun bat disko batean grabatuta dagoela. Eta egia da, betirako geratuko da hor eta entzuten duen orok ezagutuko du gertatutakoa. Biniloak markak ditu, eta hor ere badago jokoa”.

Sortzaile biak gernikarrak izanda, ezinbesteko lotura dute bonbardaketarekin Mintegiak eta Etxebarriak, modu batera edo bestera. Euren marka propioa. “Etxean beti kontatu izan dizkidate gauzak, bai amamak eta baita amak ere. Amama Muxikan egon zen, eta bere ama -nire birramama- Gernikan. Orain nik horrelako lan berezia egin ahal izatea sekulakoa iruditzen zait”, kontatu du Etxebarriak. “Gure aitona-amonak dira azken kontaktu zuzena gertakariarekin. Nireak jada ez daude bizirik, orduan, seme-alabak izatekotan, haiek ez dute kontakizun hori zuzenean jasoko. Disko honekin ondare bat utzi nahi izan dut, nolabait, nire ekarpen xumea”, azaldu du musikariak.

MEMORIA, HERRI EKIMENETIK Testigantza historikoak eta gaur egungo mugimenduak uztartu dituzte dokumentalean. “Gernikaren erretratu bat egin nahi izan genuen, erakutsi gaur egungo hiriak iraganarekin dituen loturak, markak”, azaldu du Mintegiak. Orain dela bost urte, bonbardaketaren 75. urteurrenean Lobak egitasmoa sortu zen herrian. Konturatu ziren laster ez zela geratuko testigantzak modu zuzenean emango zituen adineko herritarrik eta hainbat gazte batu ziren, bonbardaketaren gertakari historikoa ikuspegi ezberdinetatik lantzeko asmoz. “Herrian gehienok ezagutzen dugu elkar, baina hor elkarlan polita sortu zen, Astra eta Lobak ekimenaren bidez”, kontatu du Etxebarriak. “Herritarrek era libreagoan eta euren burua antolatuz egindako urteurrena izan zen, bakoitzak nahi zuen ekarpena eginez. Ia ai-tzakia moduan hartu zen, jendea batzeko”, gehitu du Mintegiak. Etxebarria bera ekimenaren hasieran egon zen, baina lana eta bidaiak zirela-eta, alde batera utzi behar izan zuen. “Biniloa horri lotuta jarraitzeko ere egin dut, izan ere, memoria berreskuratzeko eta jendea batzeko ekimen polita da”, uste du musikariak.

Aurtengo urteurrena “oso berezia” izan dela komentatu dute Mintegiak eta Etxebarriak. “Guretzako beti izan da instituzioen aldetik edo ofizialki gogoratzen den zerbait. Urrun gelditzen den zerbait izango balitz bezala. Baina azken urteotan, herritik sortu diren ekimenei esker, hori askoz ere gehiago joan da denona egiten, herritartzen edo”, uste du Mintegiak. Etxebarriak “alde humanoa” gogoratu du: “Bonbardaketa Welcome Gernika (Ongi etorri Gernika) ekimenarekin lotu da, errefuxiatuen gaiarekin, gu ere errefuxiatuak izan ginela gogoratuz, eta ateak ireki ditzagun aldarrikatzeko. Oso positiboa izan da aurrera jarraitzeko. Ideia ona iruditu zait gertakaria alde humanotik gogoratzea, politikotik baino”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120