Gezur hezurretik

Lau pezeta

Aitzol Elizaran - 2017(e)ko maiatzaren 7a, igandea - 06:03etan eguneratua

Galería Noticia

Aste honetan irakurri dut Hego Korean, azkenaldian modan jarri den herrialde horretan, eskudirua alde batera uztekotan direla esperimentu gisa. Nonbait bertako monetak, won-ak, balio eskasa du, eta txanponak eskutan erabiltzeak ere antzeko prestigioa, balio handieneko txanponak apenas balio baititu gure zentimo batzuk. Danimarkak ere martxan zuen plan bat txanpon eta diru-paperak alde batera uzteko, baina bertan urteak ziren ordainketarik txikienak ere txartelarekin egiteko ohitura zegoela, beraz prozesu logiko baten borobiltzea litzateke.

Beltzean egindako ordainketak desagertu egingo lirateke horrela, eta legez kanpoko produktuak erosteko aukerak ere nabarmen egingo luke behera

Eskudiruaren desagertzeari abantailak besterik ez dizkiote ikusten zenbaitek. Alde batetik, lapurretarako bidea mozten du, gainean ez baikenuke dirurik izango, eta, bestetik, aurrez aurreko ebasketak soilik ez eta milioi asko mugitzen dituzten horiek ere ekidingo ziratekeen, transakzio eta salerosketa guztiak teorian ongi zainduak egongo liratekeelako, eta ezin tranparik egin ongi behatuta dagoen zerbaitekin. Teorian kontraesana baldin badirudi ere, paper gainean ezin diru-paperik ezkutatu. Gainera, azken urteetan banketxeek leihatiletako langileak kentzearen ohiturari jarraipena eman liezaiekete horrela. Beltzean egindako ordainketak ere desagertu egingo lirateke horrela, eta legez kanpoko produktuak erosteko aukerak ere nabarmen egingo luke behera, ezin BEZ-ik gabe ordaindu, ezta kontuak faltsutu ere. Finean, dena kontrolpean edo gutxienez ikusgai izango lukete, barka, genuke.

Bide horretatik dator ere desabantailarik nagusiena. Gehiegizko behatzea jasango luke gizarteak, eta momentu oro norbait begira duzunaren sentsazioa inor gutxiri gustatzen zaio, tranpa egiteko aukerak berak zirrara sortzen baitu gizakiengan. Bestalde, banketxeekin harremanik ez dutenek ezingo lukete orain artean bezala jarraitu. Hainbat arrazoi medio, bada bankuan dirurik gordetzen ez duenik, sosik ez duelako, edo horiengan batere konfiantzarik ez duelako, kasu. Jende hori gizartetik at geldituko litzateke diru fisikoa desagertuz gero, eta maiz behar gehien duen jendea izan ohi da bankuratu gabeko hori.

Gaiari buruz irakurtzen ari nintzela, burura etorri zait, txikitan, aitonarekin aurrezki kutxara joaten nintzelarik hilabete hasieran erretiro-pentsioa jasotzera, bazirela pentsio osoa eskutan jaso, kontatu eta berriz sartzen zutenak, ez baitziren ikusten ez zuten diru horretaz fio, ukitu nahi zuten, berena zela sentitu, eta gero berriz kontu korrontean sartu, mantenu gastuak kobratu ahal izateko berriz ere. Ezingo lirateke horiek txanponik gabeko mundu batean bizi, ezin ilobari goxoki batzuk erosteko pagarik eman eskupean, ezin isilpeko basoerdirik hartu etxekoek errietarik ez egiteko.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Sociedad

ir a Sociedad »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120