IDAZLEA

Martxel Mariskal: “Sormenak denbora gelditzen du, eta orduan dator gogoeta”

‘Azken zakatzak’ lehen poema liburuan itsasoa, oinazea eta egungo gizartearen inguruko hausnarketa egin du egile gipuzkoarrak

Jonebati Zabala - 2017(e)ko maiatzaren 7a, igandea - 11:05etan eguneratua

Musikari eta hainbat talderen letragile ere bada Martxel Mariskal.

Musikari eta hainbat talderen letragile ere bada Martxel Mariskal. (Ruben Plaza)

Galería Noticia

Musikari eta hainbat talderen letragile ere bada Martxel Mariskal.

Beti Mugan, Lisabö eta beste musika talde batzuen-tzako hainbat letra idatzi ditu Martxel Mariskalek (Hondarribia, 1964), Me llamo Ezequiel, y así será siempre (Hiru, 2002) eleberria ere bai, baina orain argitaratu du bere lehen poema liburua, bere “mugak gaindituz”. Azken zakatzak (Susa) “patxadaz” irakur-tzeko lana dela dio idazleak. Hausnarketarako deia egiten du bertan, gozamenerako beta ere utziz.

Lehenengoz argitaratu duzu poesia, eta zure mundu intimoa azaleratu duzu bertan. Zerk eraman zaitu poema liburu bat idaztera, zure mundu pribatua paperera eramatera?

Betidanik idatzi dut, baina orain dela urte batzuetatik hona egoera berezian bizi naizenez, ez da erraza izan idatziririk gauzatzea. Maila kognitibo eta fisikoan ere ariketa bezala hartu nuen. Dena den, ez dut ikusten aldaketa berezirik, orain arte idatzi dudanarekin alderatuz.

Posible da poemak idaztea bakoitzaren barrenak azaleratu gabe?

Ez dut uste. Baina hori literaturan gertatzen da, orokorrean. Egia da poesiak ezaugarri konkretu batzuk dituela eta pribatutasun hori eta norberaren mundu intimoa zuzenago agertzen dela. Idazleak edo autoreak bere buruarekin duen elkarrizketa hori.

Liburu honetan, itsasoa eta oinazea dira landu dituzun gaietako bi. Izan ere, Hondarribikoa izanik, itsasoarekin lotura handia duzu txikitatik.

Ezinbestean, itsasoa eta arrantzaleen mundua oso txertatua daude nire senean. Arrantzale familiatik nator eta itsasoa zer den ondo ikasi nuen gaztetxoa nintzenean. Bai soinu eta metafora bezala, eta baita beste sentimenduei dagokienez, nire oroitzapen polit anitz ditut horri lotuta.

Ezinbestean oinazearen gaia atera-tzen da zure idatzietan, hori ere zure bizitzaren parte baita.

Oinaze hepatikoak ditut. Gripe baten ondorioz, nerbio sistema zentrala kaltetu zitzaidan eta urte asko daramatzat oinaze neurologikoa pairatuz. Ez dut nahi izan zuzenean oinazeaz idatzi, baina ezinbestekoa da hori nire idatzietan presente egotea, hori baita nire errealitatea eta nire bizitzako urte asko markatu baititu. Nire munduan sartzerakoan, nire gogoetak azaltzerakoan, azaldu egiten da.

Edertasunaren bilaketa ere landu duzu, hitzen edertasuna bilatu duzu liburuan.

Nik uste dut sortzaile guztiok kon-tzienteki edo inkontzienteki egiten duguna dela. Sormen lan guztiek inplizituki daramate edertasunaren bilaketa. Nire egoera berezian oraindik eta kontzientzia handiagoa hartzen du;izan ere, ondo gaudenean, askotan, ez ditugu gauzak beharko genituzkeen neurrian baloratzen. Eguneroko bizitzan eta harremanetan landu beharrekoa dela uste dut, hori baita benetako edertasuna.

Gaur egungo gizartearen inguruan hausnartu duzu eta horrek kezkatzen zaitu. Zer zentzutan?

Azkarregi bizi gara, eta etengabeko arritmia eta abiadura horretan apenas ez da geratzen denborarik hausnarketarako. Pentsamendu kritiko horren beharra daukagu, bestela, konturatu gabe edo ongizatearen izenean kontzienteki onartuta, erabateko menpekotasunean bizi gara. Esaterako, teknologia berrien eragina hor dago. Teknologia ederra eta izugarria da dudarik gabe, baina hori gure kontra ere erabiltzen ari dira eta gu onartzen ari gara, behin eta berriro. Gure alde humanoa areagotzeko erabili dezakegu, baina poliki-poliki gure gizatasun hori pobretzen doa testuinguru honetan. Horregatik, poesia eta sormena, oro har, garrantzitsua dela iruditzen zait. Denbora gelditzen du, eta momentu horretan gogoeta, hausnarketa, erreflexioa sortzen da.

Gizarte honetan guztia da azkarra, gero eta azkarragoa eta azalekoagoa. Literatura irakurtzerakoan horrek izango du eraginik, ezta?

Jakina. Ez dugu denborarik, eta irakurketa lapurtutako denbora da. Ez da hain erraza irakurle onak aurki-tzea, eta poesia benetan borobiltzeko eta eraginkorra izateko beharrezkoak dira patxadaz irakurtzen dakitenak, konturatzen direnak hitz horien atzean zer esentzia dagoen. Baina horrek esfortzua eskatzen du. Nor dago prest gaur egun esfortzu hori egiteko? Orduan berriro ere bueltatzen gara gizartearen ezaugarri horietara: arritmia, antsietatea, denborarik eza… Patxadaz irakur-tzen duen irakurlea, hor hasten da benetan irakurtzearen prozesuaz gozatzen eta idatzitakoaren mezuaz eta hitzen jolasaz disfrutatzen. Irakurlearen papera eta gaitasun hori trebatzea ezinbestekoa da, eskolatik hasita.

Esan duzu poesia jarrera gisa ulertu behar dugula. Horrelakorik falta da egun, zure ustez?

Alderdi ludikoak oso presente egon behar du, gozamen puntu hori behar da ezinbestean, sortzaileen-tzat zein irakurleentzat. Hausnarketa eta plazera elkartzen direnean hor sortzen da benetako magia guztiontzat. Oreka hori bilatu behar dugu.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120