Talaieroa

Amaierarik gabeko istorioak

Erramun Osa - Miércoles, 3 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:03h

Erramun Osa

Erramun Osa

Galería Noticia

Erramun Osa

Espainian urteetan agintean egon diren alderdiak ustelkeriak harrapatu ditu bete-betean. Ez da kasu isolatu bat edo beste agintearen arrimuan aberastu eta baliabide publikoak eskura-tzen ahalegindu direnena. Ehunka dira udaletan, diputazioetan, mankomunitateetan, enpresa publiko zein bestelakoetan dirua eskuratzeagatik, laguntxoei mesedeak egiteagatik eta legez-kanpo jarduteagatik ikertutakoak, epaitutakoak bai eta zigortutakoak ere... eta lokatzak horrenbeste egin du gora non jada herritarrek edozer espero dezaketen. Aldiro azaleratzen ari dena ikusita, ustelkeria are zabalduago ez ote dagoen da gero eta sarriago egiten den galdera.

Trantsizioaz gero bi alderdien arteko aldizkatzea eta elkarren anparoan jardutea ahalbidetu duen sistema da porrot egin duena. Batetik, gertaera batzuen atzealdean sistema demokratiko batean ezinbestekoak diren egituren -alderdiak, sindikatuak eta abar- finantzaketa-sistema desegokia egon da. Bestetik, denboraren joanean, egitura politikoak egonkortu ahala, beste joera bat egon da ustelkeria kasuak ugaritzea ekarri duena, alderdiak eta herri-erakundeak bere pobretxorako baliatzeko asmoz, erantzukizunak hartzera eraman dituen jendearena, hain zuzen.

Diktadorea hil ostean, hamaika izan ziren ordura arteko lan-jarduna eten eta baldintza eskasagoetan aritzeko berreskuratu berriak ziren herri-erakundeak berreraikitzeko asmoz, ekarpena egiten saiatu zirenak... denborarekin, ordea, gero eta ugariagoak dira ibilbide propioa egiteko asmoz, lan-jardun eta eskarmentu aipagarririk gabe, are baldintza hobeagoetan erantzukizunak hartzeko ate-joka dabiltzanak. Halako kontuak tentuz begiratu beharko lirateke, izendapenak egiten direnean ibilbide egiaztagarriak dituztenak bilatuz eta lehenetsiz... finean herritarrek herri-erakundeetan onenak edo, askotariko arrazoiengatik hala ezin denean, eskarmentu zabala dutenak daudela antzeman behar dute eta.

Beharbada, etorkizunari begira, herritarren konfiantza berreskuratzeko, karguei epemuga bat ezartzea, hautets-sistema eraberritzea, zerrenda irekien edota bi bueltara eginiko hautets-sistema ezartzearen abantailak eta desabantailak zorroztasunez aztertzea izan daitezke jorratu daitezkeenak. Nolanahi ere, komeni da eremuak bereiztea... gurean ez baitago Espainian jazo denaren parekorik, ezta hurrik eman ere! Egon diren kasu isolatuak, inplikaturiko alderdiek moztu baitituzte. Horretan ere desberdinak gara, herri-erakundeekiko eta herritarrekiko ikuspegi desberdina landu baitugu hasiera-hasieratik.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Talaieroa

ir a Talaieroa »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120