zinema

Herri ikusezinaren hiru dimentsiotako lekukotasuna

Parisko artxibategi batean gordeta egon da ‘Euskadi’ dokumentala, Josu Martinez bila joan den arte. Ikerlariaren ustez, 1936ko lan horrek erakusten du zinemagintzaren garapenean Euskal Herriak izan duen garrantzia

Dabi Piedra - 2017(e)ko apirilaren 30a, igandea - 11:31etan eguneratua

EHUren Nor ikerketa taldeko kide da Josu Martinez. BORJA GUERRERO

EHUren Nor ikerketa taldeko kide da Josu Martinez. (BORJA GUERRERO)

Galería Noticia

EHUren Nor ikerketa taldeko kide da Josu Martinez. BORJA GUERRERO

Estreinatu zenetik zortzi hamarkada igaro behar izan dira Euskadi-ren irudiak Euskal Herrian bertan ikusi ahal izateko. Filmaren berri bazetorren zenbait liburutan, baina datu askorik ez zegoen. EHUren Nor ikerketa taldeko Josu Martinezen ekinari esker jakin ahal izan da Euskadi zinezko altxorra dela: Cinéma en relief izeneko teknika esperimentalarekin egina da, hau da, hiru dimentsiotan. Ipar Euskal Herrian 1936an grabatutako irudi eta soinuek XXI. mendeko publikoa harritu dute, apirilean egin diren proiekzio jendetsuetan.

Zoritxarrez, ez dirudi dokumental bitxi hori laster berriro ikusi ahal izango denik, proiekzio kopuru mugatu baterako baino ez baitzuten baimena lortu. Frantziako CNC (Centre National de la Cinématographie) artxiboari horren truke ordaindu eta gero, gainera. “Artxibokoen interes bakarra dirua zen, nirea filmaren kopia bat Euskal Herrian gelditu zedila”, azaldu du Josu Martinezek. “Pentsa, nik ez nuen artxibozain batekin hitz egin, komertzial batekin baizik”. Loraldia festibalaren ahaleginari esker, proiekzio batzuetarako baimena lortu zuen, ondoren kopiak suntsitzeko baldintzarekin.

Prozesu “nekeza” izan zen Euskadi Euskal Herrira ekartzea, Martinezen esanetan. Filma CNC-n zutela jakitean, kopia bat digitaliza-tzeko eskatu zuen, “telezineratu” deritzona. “Kostu handia zuen horrek eta nik ez nekien zer aurkituko nuen, merezi izango zuen ala ez”. Ordenagailuaren pantailan ikusi zuen lehenengo, bi dimentsiotan: “Pentsatu nuen interesgarria zela, etnografikoki eta kulturalki, hiru dimentsiotan egundokoa behar zuen horrek”. Hiru dimentsiotan lehenengoz ikusi zutenean, ahoa bete hortz geratu ziren Martinez eta haren kide Josu Amezaga irakaslea. “Teknika aldetik balio handia du, cinéma en relief delakoan egina zela bagenekien, baina ez genuen uste hain ondo egina egongo zenik”, dio Martinezek.

René Le Henaff frantziarrak Ipar Euskal Herrian egindako 22 minutuko dokumentala da Euskadi. Bere garaian Parisko zinema-areto batzuetan eman zuten, baina Cinéma en relief teknika ez zen gehiegi hedatu eta era horretan egindako filmak ahaztuta gelditu ziren. Teknikaren aldetik, dena den, film azpimarragarria da Euskadi, gaur egungo hiru dimentsioen antzekoa. Edukiei dagokienez, ordea, Martinezek ez du uste aparteko berritasunik dakarrenik: Euskarazko kanta batzuk entzuten dira, orduko bizimodua eta Biarri-tzeko turismoa. Gainerakoan, euskaldunen irudi estereotipatua da, sakontasun handirik gabekoa.

Besteen eskuetan Nolanahi ere, Martinezek “konstatazio bi” egin ahal izan ditu Euskadi-ri esker. Batetik, “gure herriaren ondarea, ikus-entzunezkoa bederen, ez dago euskaldunen eskuetan”. Parisen aurkitu du berak Euskadi. “Guk ez dugu izan erakunderik, biblioteka nazional bat adibidez, dena gorde-tzeko, eta duela 30 urte sortu zen Euskadiko Filmategia. Nahinon aurki daitezke Euskal Herriari buruz egindako filmak, Euskal Herrian izan ezik”, dio. Gainera, gehienetan bazter ilunenean egoten dira Euskal Herriaren inguruko filmak, “euskaldun izatea, askorentzat, indioa izatea bezalakoa izan da, batere baliorik ez duen zerbait”. Horregatik, seguruenez, film asko betiko galdu direla uste du Martinezek. “Erlojuaren kontrako lasterketa bat da, gaizki gordetako zeluloidea 60 urtetik aurrera hondatu egiten delako. Berandu goaz”.

Euskadi filmaren inguruan egin duen bigarren konstatazioa honela azaldu du Martinezek: “Harrigarria da, nola Ipar Euskal Herria izan den, XX. mende osoan, munduko zinemagile famatuak hartu dituen lekua, hain leku ñimiñoa izanik. Zinemagintzan aurrerapen tekniko bat egon den bakoitzean, hona etorri dira, euskaldunok filmatzera”. Euskadi-ren kasua da hori, cinéma en relief probatzera etorri baitzen Le Henaff. Lumière anaiek historiako lehenengo pelikuletako bat grabatu zuten Biarritzen (1896), Frantziako lehenengo soinudun filma ere hemen errodatu zen… “beste katebegi bat da Euskadi”, uste du Martinezek.

Euskaldunen ahotsa Zergatik Euskal Herria? “Exotikotasun bat bazegoen hemengo kulturan, herri bitxi bat ginen eta, bestetik, herri exotikoetatik hurbilena zen, Parisetik Biarritzera bost orduan heltzen ziren”, dio Martinezek. “Euskaldunok zinemagintzaren historiako lan aitzindarietan agertu gara, baina gutaz eman izan den irudia, askotan, estereotipatua izan da: kantak, dantzak… ez hemengo jendearen kezkak”. Alegia, Euskal Herria dekoratu polita da, baina bertokoen ahotsak ia ez du lekurik izan zinemagintzan. Martinezen esanetan, autonomiadun aroak alde batera utzita, euskal zinemagintzarik ia ez da egon, kanpoko egileen irudi estereotipatuak baino ez, Euskadi-n agertzen diren bezalakoak. “Zinema arte guztietan garestiena da, eta, errekonozimendurik ez duen herri batean, zaila da garatzea. Horregatik, euskaldunek pelikula gutxi egin dituzte”, azaldu du Martinezek. “Ezohiko egoeran zeudenek baino ezin zuten zinema egin hemen. André Madré (Gure sor lekua, euskarazko lehenengo filmaren egilea), esaterako, jenerala zen eta Frantziako armadako kamerak zituen eskura. 1920ko hamarkadan, Ikusgaiak izeneko dokumental etnografiko batzuk egin zituen Manuel Intxaustik, hau milioidun abertzale bat zen. Baina horiek kixoteak dira”.

Ikuska saila mugarritzat du Martinezek. 1978ko proiektu horretako bultzatzaileek uste zuten euskal zinemagintza euskaraz egin behar zela eta herritarrei hitza eman behar zitzaiela. “Ordura arte, euskaldunak irrintziak botatzen eta kantatzen baino ez ziren ager-tzen, Ikuska-ren lehenengo filmean, ikastolen ingurukoan, arrantzale bat agertzen da bere problemak azaltzen: Antxon Ezeizak zioen gure jazz kantaria zela, The Jazz Singer (historiako lehenengo soinudun filma) gogoan”.

Aurkikuntza gehiago Euskal ikus-entzunezkoen ondareari ekarpen ederra egin dio Josu Martinezek, Euskadi berreskuratuta. Ez da halako zerbait egin duen lehenengo aldia. Gure Sor Lekua, André Madré-k 1956an koloretan egindako film luzea, aurkitu zuen 2013an, hura ere Parisen. Euskarazko lehenengo pelikula da hori. “Oso ikerketa sakona egin nuen, detektibe lana. Gainera, azken aukera zen nolabait. Gaur egun hasi izan banintz, pelikula ez nuen aurkituko, giltzarri izan ziren bi pertsonak, André Madréren alarguna eta Piarres Xarriton, otsailean hil berri direlako”.

Argibel Eubak, gainera, berriki aurkitu ditu Basker eta Bonde i Baskerland, Euskal Herriaren inguruko bi suediar film. Martinezen ustez, baina, galdera ez da zergatik agertu diren orain halako hainbeste pelikula, kontrakoa baizik: Zergatik orain arte ez dira aurkitu? Inork ez dituelako bilatu, bistan da. “Herri ornogabea garela esan ohi dut, ez gaude egituratuta”, azaldu du ikerlariak. “Lan honetarako behar da politika kultural bat orain ez dagoena. Kontuan izan, euskal zinemaren historiako lehenengo liburu kanoniko biak 1985ekoak dira, ordura arte euskal zinemaren historiarik ere ez zegoen ia”.

Horregatik, hemengo politika kulturalak ez direla aproposak salatu du Martinezek. “Kulturaren aurrekontua beste sail askok daukatena baino txikiagoa da erakunde guztietan”. Gainera, “ezaxolagabetasun” hori ez dela oraingoa ohartarazi du: “1937an Gernikako bonbardaketaren biharamuneko irudiak bazituen Jaurlaritzak, Gernikan gertatutakoa munduari erakusteko behin betiko froga. Bada, Jaurlaritzak Agfa enpresara bidali zituen errebelatzera grabazio guztiak, Berlinera”. Francoren aldeko gobernu nazia zen orduan Alemaniako agintari. “Jakina, irudiak ez zizkieten bueltatu, epaitegietara jo zuen Jaurlaritzak, baina betiko galdu ziren”.

Josu Martinezen eta beste ikerlari batzuen ekinari esker, badirudi pixkanaka euskal ikus-en-tzunezkoen ondare zaharra berreskuratzen ari dela. “Gure sor lekua aurkitu nuenean, Fernando Larrukert zenak txantxetan esan zidan, ondo gazte, segi gauza inutilen bila. Egia da hau ez dela minbiziaren aurkako txertoa, baina honelako ikerketak beharrezkoak dira, herriaren ondarea dira. Garrantzitsua da Euskadi eta halako filmak aurkitzea, herri ikusezina baikara, eta herri ikusezinak irudietan jartzean, ikusgai bihurtzen dira”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120