iritzia

Hasier Etxeberria

Pako Aristi - 2017(e)ko apirilaren 30a, igandea - 13:11etan eguneratua

ERRUSIAKO atsotitz ospe-tsuak dioena egia bada, alegia, ez fidatzeko harekin mozkortu ez zaren inortaz, esan dezaket ni Hasier Etxeberriarekin fidatu egiten nintzela, askotan mozkortu baikinen elkarrekin, batez ere Babel programa Galdakaon grabatu eta itzulerakoan grabazio talde erdia edo Elgoibarko Malape tabernan geratzen ginenean. Baina ez naiz panegiriko bat egitera etorri, panezirikoa baizik, konfiantzaren alorrean badakidalako asko ez zirela beraz fidatzen, eta nago Hasierren defentsa mekanismo baten ondorio dela gaizkiulertuaren gakoa. Agertzen zuena baino sentiberagoa zelako susmoa daukat, erromantikoagoa, baina jartzen zuen oskolak estaltzen zuela xarmatik gehiena, jende askok harrokeriarekin nahasteraino.

Harekin izandako harreman luzeko hiru bizitza zati deskribatzera nator. Elkar ezagutu genuen unea oso bitxia izan zen. Harekin polemikaren bat izana nuen prentsan, gaia ez dut jada gogoan, baina garai hartan garratzagoak ziren, gaur baino. Pertsonalki ez nuen ezagutzen. Eta hara non, handik gutxira, bere dei bat jasotzen dudan. Defentsiban jarri nintzen, baina ez: Lana eskaintzera zetorren! Zur eta lur geratu nintzen. Nik etsai asko neukan, eta pentsatu nuen neurekiko, etsai guztiak holakoak balira ez litzaidake lanik faltako bizitza osoan. Orduan sumatu nuen berezia zela gure Hasier, eta zalantzarik gabe eman nion baiezkoa. Eta baieztatu nuen urrundik terribletzat dauzkagun pertsona askorekin gertatzen dena: hurbiletik bihotz onekoak direla, tenple onekoak, egoa gora-behera. Lezio bat eman zidan.

Handik urte batzuetara ETAk gutun bat bidali zidan, ez diru eske, noski, bazik eta, ni intelektual eraginkor-tzat hartuz, oker idatzitako gauza batzuk zuzentzeko. Agian toke bat zen, ez dakit, ETAren bideak, Bibliak Jainkoaz dion bezala, antzemanezinak zirelako. Garaitsu hartan Hasierrek elkarrizketan batean aipatu zuen ETAren gutun bat jaso zuela, eta deitu nion berehala: bazkaldu behar genuen gutunak alderatzeko. Han egon ginen, bazkaritako karta aztertu ondoren, ETAren kartak aztertzen, egoeraz hausnarrean, baina harrigarriena bere aitorpen bat izan zen: espetxean zegoen ETAko buruzagi baten bikotearekin harremanetan omen zebilen! Brometan jardun genuen, buruzagia barrutik atera bitarteko egunak ondo aprobetxatu beharko zituela, gero… Eta askotan bezala, Benedictine edan genuen, Gabriel Arestik edaten zuen bezala, gure mitomania ttikiak elikatuz.

Iaz ikusi nuen azkeneko aldiz, eta Sautrela-ko bere azken programa protagonizatzeko ohorea edo izan nuen. Ekaina zen. Itxura ona zeukan, esan nion. Bukatu genuen grabazioa, eta esan zuen: Tira, denboraldia amaitu diat honekin! Ez dakit denboraldikoa ez, baizik eta bizitzako azken programa grabatu berria zuela ote zekien. Ez dakit ordurako ba ote zeukan minbiziaren berri. Irailean iragarri zuen albistea. Beti bezala, Benedictine bat hartzeko geratu ginen laster batean.

Eta gaur, hilik datzan honetan, pentsatzen jardun dut, azken elkarrizketan landu genuen nire liburuaren izenburua, Arrotz eta eder, ez ote den egokiena Hasier bi hitzetan definitzeko. Arrotza baitzitzaidan hasieran, honek zer uste ote du pentsatzeraino, baina ezagutu ondoren eder egin baitzitzaidan haren pertsona, nortasuna, figura, beste askori bezala. Eta lerro hauek ida-tzi ditut Benedictine bat hartzen dudan bitartean. Higatik!

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120