Tribuna irekia

Gernika eta Auschwitz, emakume begiradaz

Ana Otadui Biteri - Sábado, 29 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:03h

SEGURU nago gutariko bakoitzak bere barruan gordetzen dituena norberaren bizitza markatu duten egunak. Egunik ilunena eta pozgarriena. Auswichtz bisitatu baino lehen ondo identifikatuta nituen nire bi gertaera horiek.

Ilunena, nire neba Alberto hil zenekoa, eskutik oratuta geundela. Alaiena, Agate nire alaba erditu nuenean otsaileko iluntze hartan. Aitortu behar dut, sarraski-eremua ezagutzea inflexio-puntua izan dela nire bizipenerako.

Tropa faxistek Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte betetzen diren urteurren honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiok gura izan dugu euskaldunon ikurrik unibertsalena, gure askatasunen eta bake nahiaren ikurra den Gernikako Arbola, landatzea memoria historikoarekin lotura berezia duten lekuetan. Etxean hasi genituen urtemuga honetako landaketak, Sartagudan, Nafarroan, zoritxarrez alargunen herri legez ezagutzen den Erriberako herri esanguratsuan. Eta Auswichtz izan da gure azkeneko jomuga.

2017ko apirilaren 19 eta 20a nire bizipenen egutegi horretan egun seinalatuak izango dira hemendik aurrera.

Oso gaitza egiten zait berbaz adieraztea Auswichtz eta Birkenauko sarraski-eremuetansentitu nuena. Samina, barrua estutzen duen korapilo askaezina, erraietaraino sartzen den tristura…

Lehendakariarekin batera Heriotza Paredoiaren aurrean lora eskaintza egiten geundela, amama etorri zitzaidan burura. Gure amamak Elgetan jasan zituen gudaren lazturak. Intxortetako frontearen izugarrikeria guztien lekukoa izan zen Dolores Sarasketa. Bere gogoetak burura ekartzeak zirrara eragiten dit oraindik ere. Bonbardaketak, tiro hotsak, gudarien joan etorriak, askarainoko bidaiak arropak garbitzeko, behien artean babesa bilatu beharra bizirik irauteko… Eta horiek guztiak gutxi balira, bere aita, nire birraitona, zenaren atxiloketa eta erailketa. Preso hartu eta Burgoseko San Pedro de Cardeñara eraman zuten. Gabon bezperan abisua heldu zen Elgetako errementariaren etxera, Faustino Sarasketa Burgoseko presondegian hil zela. Oraindik ez dakigu nola hil zuten birraitona, susmoa daukat fusilatuta izan ote zen. Gure amamak inoiz ez zuen jakin bere aita non lurperatu zuten. Alarguna eta lau alaba utzi zituen. Ez zait asko kostatzen imajinatzea zer nolako miseriak eta kalamitateak bizi behar izan zituzten emakume haiek. Baina horren guztiorren gainetik, amama Doloresek ikasbide bikaina utzi zidan: inoiz ez nion gorroto berba bakar bat bera ere entzun. Agian fede handiko emakumea zelako edo, badakit gertakari ilun haiek guztiak barkatuta zeuzkala eta herrarik gabeko bizitza eraiki zuela, hori bai, gertatutakoa inoiz ahaztu gabe.

Onartu behar dut negar malkoak atera zi-tzaizkidala paredoi hartatik joan ginenean, ez nintzen bakarra izan. Nire alaba besarkatzeko beharrizan izugarria sentitu nuen.

Agian gizonezkoak ez zarete nirekin bat etorriko, baina zinez pentsatzen dut amatasuna ezagutu dugun emakumeek, eta emakumeek orokorrean, modu biziagoan erreparatzen diogula sufrimenduari, sarraski zoruaren oinazeak era sakonagoan hautematen ditugula.

Kirmen Uribek gazteen aurrean emandako hitzaldian gogoeta interesgarria plazaratu zuen: Pertsonak begietara begiratu behar diogula elkarri, aurrean daukagun pertsonaren lekuan jarri behar garela. Sinetsirik nago emakumeok erraztasun handiagoa daukagula ariketa hori egiteko. Grabatuta geratu zait Ausch- witzeko orman dagoen argazki bat. Pertsona talde bat ikusten da trenetik jaisten eta argiro identifikatzen da familia bat, amama, ama eta seme-alabez osatua. Amak burua estalita daroa buruko painelu beltz batekin. Eskuarekin bere semeari heltzen dio eta bere aurpegiak eta begiradak barruraino sartzen den estutasuna eta larritasuna adierazten dute.

Ama guztien sufrimendua berbera da. Oraindik ez da jaio seme-alaba baten heriotza gaindituko duen emakumerik.

ETAkoek Isaias Carrasco Miguel erail zuten 2008ko martxoaren 7an Arrasaten. Sasoi hartan Elorrioko zinegotzia nintzen, seguruen hurbiltasunagatik edo, eragin handia izan zuen Isaiasen hilketak nigan. Gerora etorri ziren mozio etikoak eta Udal Plenoetako tentsioak, mehatxuak eta gorrotozko berbak. Baina, horien guztien gainetik irudi bat gordetzen dut nire buruan: Isaias Carrascoren amaren oinazea eta samina.

2014ko otsailaren 5ean Arkaitz Bellón elorriarra Cadizeko Puerto de Santamariako kartzelan hil egin zen. 13 urte zeramatzan espetxean kale borrokagatik eta maiatzean askatasuna berreskuratuko zukeen. Orduan Elorrioko alkatea nintzen. Ez dut ukatuko tentsio uneak bizi izan genituela, baina egun haiek gogoratzean Katy Blanco, Arkaitzen ama, datorkit burura, eta bere sufrimendua ere.

Agustina Miguelek eta Katy Blancok samin bera sentitu zuten euren semeen heriotzagatik. Kirmenen berbak entzuterakoan emakume bi horiek etorri zitzaizkidan burura eta jabetu nintzen gure herrian denbora larregi eman dugula elkarri begietara begiratu gabe. Uste dut oraindik denbora pasatuko dela bestearen lekuan jartzeko gaitasuna eskuratu arte, baina bakoitzak gure esparruan hazitxoa landatu beharko dugu gure seme-alabek benetako elkarbizitza normalizatua ezagutu dezaten. Hala ere, itxaropentsu nago eta jakin badakit nire alaba etiketarik gabeko herrian haziko dela. Hori da, hain zuzen ere, erailketa bakoitzaren eta guztien atzean dagoena eta lehendakariak hain ondo adierazi zuena bere berbaldian. Giza duintasunaren balioaren gainetik beste edozein helburu edo balore jartzen denean, gizakia gai da bortizkeriarik handiena egiteko.

Esango nuke Birkenau dela gizatasuna ken-tzea zer den ondoen islatzen duen gunea. Alemaniar eraginkortasuna gizakiak hiltzearen zerbitzura. Han jabetu nintzenhiltzeko fabrika kontzeptuaren gordintasunaz. Seguru nago ez nintzela ni bakarra izan. Errausteko Labetik sarrerakoateraino dagoen distantzia isiltasunean egin zuten taldekiderik gehienek, eta nik neronek bueltarako bidaia Nekaneren besotik egin nuen.

Nire pentsamenduetan murgilduta, galdera bat zetorkidan behin eta berriro burura: agintean emakumeak egon izan balira, horrelakorik gertatuko zen? Erantzunak jadanik ezin du historia aldatu, baina etorkizun duinago bat eraikitzeko erabakiorra izango da emakumeon parte hartzea.

Gazteekin izandako topaketan, Rita Zubiak berba egitea eskatu zuen. Aitortu behar dut liluratuta utzi ninduela donostiar gaztearen parte hartzeak. Europako benetako balioei buruzko gogoeta elkarbanatu zuen bertan geunden guztiokin. Giza duintasunean oinarritutako Europa eraiki behar dugula denon artean. Berba hartu nuenean, Europa hori eraikitzeko bere moduko emakume ausartak behar ditugula esan nion. Ezin dugu iragana aldatu baina seguru nago etorkizuna emakumeen begiradarekin eraikiko duguna.

Seguru nago Auswichtzera itzuliko naizena. Eta Agaterekin egingo dut bidai hori. Guztiok izan beharko genuke Auschwitz-Birkenau bisita-tzeko aukera, batez ere belaunaldi berriek. Hogei urte barru bonbardaketaren 100. urteurrena bertan gogoratu nahiko nuke eta Agate besarkatu Gernikako Arbolaren gerizpean. Hogei urte dauzkagu aurretik begietara begiratu eta giza duintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120