Zirrikituetatik begira

Txetxenia eta eskubideak

Juanjo. Olasagarre - Sábado, 29 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:03h

MUNDUA oso gaizki dago. Munduan jende askori urratzen zaizkie giza eskubideak. Munduan pobrezia oldarkorra da. Munduan jende asko dago elkartasuna erakusteko. Munduaren parte batek eskubidetarako duena, pribilegiotzat ulertzen da munduaren beste parte handi batean.

Munduaren izkina honetan LGTB jendeok ditugun eskubideak, LGBT jendea badenik ere ukatzen duen mentura bihurtzen da Txetxenian. Esaterako. Ala Ugandan, ala Afganistanen ala Sirian (Siriarik bada, behintzat) ala Egipton ala Errusian... Kontua da Txetxeniako Razman Kadirov presidenteak, handik datozen hotsek diotenez, behintzat, kontzentrazio esparruetan sartu dituela hainbat gay jende, gay izate hutsagatik. Gero, akusazioak ukatu ditu, erro-errotik ukatu ere: hori ez da posible Txetxenian ez dagoelako gay jenderik, geroz, ez dago kontzentrazio esparrurik. Zenbat aldiz entzun dugun hori gay jendeok! Nik lehendabizi ANCko militante eta urteetan Suedian errefuxiatu bizi izandako batengandik entzun nuen: Afrikan ez dago gay jenderik, gaytasuna gizon zuriek ekarritako gaixotasuna da;edo, behartzen banauzue, tesi horren kiribil buelta moduan irakur daitekeen beste honetan: nazio arabiarretan gaytasuna Mendebaldetik eramandako identitatea da eta, ondorioz, kolonialismo berri mota bat.

Konbentziturik nago Frankoren garaian argumentu bera ez bazen, oso antzekoa erabili zela bai ezkerretik bai eskuinetik. Gay jendearen eskubideak euren kontua dira eta ez gizarte osoarena. Nire buruari galdetzen diot non dauden orain Maroto, Oyarzabal, Iturrate, Bildu, PSOE eta Podemoseko LGBTak Txetxeniatik datozen berri horiek haizatu, Gobernuei salaketa publikoa eskatu eta Kadirovi gutun bat bidaltzeko. Ala erabaki behar dugu, ongi erabakita, gaytasuna arrazak, klase sozialak eta geopolitikak mugaturiko identitatea dela? Bai, halaxe da, baina guk ditugun eskubideak, orain Txetxenian haien identitatea erakusteagatik, luma gehiegizkoa dutelako, esaterako, kontzentrazio esparruetan dauden horien antzekoen borrokari esker lortu ditugu. Ez dezagun ahantz.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120