igeriketa

Igeri egin eta jolastu

Setao igeriketa kluba prest dago eskolarteko liga bukatu eta udako ohiko trofeoetan parte hartzeko

Miriam Rodríguez - 2017(e)ko apirilaren 27a, osteguna - 12:47etan eguneratua

Hilabete batzuk barru Las Lanaseko torneoa helduko da.

Hilabete batzuk barru Las Lanaseko torneoa helduko da. (Argazkia: Jose Sampedro)

Galería Noticia

Hilabete batzuk barru Las Lanaseko torneoa helduko da.

BETI, esaten da haurrak arrainen pare egoten direla igerilekuan, eta halaxe da;behin barruan daudela, zaila izaten da uretatik ateratzea. Igerilekuan gurasoak esertzeko harmailarik badago, errazagoa izango da dena;baina, halakorik egon ezean ere, behar beste denbora geratzen dira haurrak igerian. Horixe gertatzen zaie Sestao Igeriketa Klubeko kideei. La Benedictinan egiten dute igeri, dagokien txandan eta, ondoren, ez dute uretatik irten nahi izaten;eta irten egiten direnean, waterpolora igarotzeko izaten da, Las Llanaesera pasatzeko, alegia.

60 haur inguru dira Sestaoko klubean, eta 30 urte daramatza honek udalerrian igeriketa sustatzen. “Adin eta mailen arabera sailkatuta daude haurrak, eta pozarren gaude egun diren taldeekin. Urte batzuetan haur gehiago izaten dira eta beste batzuetan gutxiago;baina iaz, adibidez, ikaragarri egin zuen gora kopuruak”, kontatu digute erakundekoek. Izan ere, boladan dago igeriketa txikienen artean. Eskolarteko ligari begiratu besterik ez dugu egiaztatzeko igerilekuak goraino egoten direla lehiaketa izaten den asteburuetan. Gainera, talde gehiago sortu behar izan dira, baita egun gehiago ezarri ere.

Bestalde, Sestaoko klubak waterpolo taldea ere badauka, eta igeriketan hasten diren pertsona asko waterpolora pasatzen dira;igeriketan geratzen direnen kopuruak, baina, nahikoa handia izaten jarraitzen du.

Horretaz gain, denboraldi honetan hobekuntza nabaritzen ari dira begiraleak igerilari gazteenen artean, eta oso seinale ona da hori. “Aurten oso ondo ikusten ditugu. Txikienak maila ona hartzen ari dira lehiaketara begira”, baieztatu dute.

Edozelan ere, Sestaoko Igeriketa Kluba harro dago bertako zenbait kide Espainiako txapelketetan egon izanaz, baita dominak eskuratu izanaz ere;izan ere, zenbait harri preziatu eskuratu dituzte parte hartu duten trofeoetan zein Bizkaiko txapelketetan. “Bada mutil bat bular-igeriketa estiloan, oso ona dena;eta kimu kategoriako bat Espainiako txapelketan izan zen. Ez zuen irabazi, baina zailena ez da lehiatzea izaten, bertara heltzea baizik. Horraino heltzeko gainditu beharreko oztopoak ugariak dira, baina harro gaude parte hartzeko aukera izan duelako”, azpimarratu dute begiraleek.

Igerilariak erakartzeari dagokionez, igeriketa eskola da kide gehien ekartzen dituena. Klubetik aparte dagoen arren, bertan ikasten dute haurrek igerian eta, ondoren, igeriketa edo waterpoloan probatzera animatzen dira gero. Bestalde, lehen hitzaldiak egiten ziren ikastetxeetan, haur gehiagok izena eman zezaten. “Orain ez dugu haurrak erakartzeko kanpainarik egin beharrik;jendeak ezagutu egiten gaitu, igerilekuan ikusten gaituzte eta. Jartzen ditugu kartelak herrian, bai, baina ez dugu askoz gehiagorik egiten. Lehen hitzaldiak ematen genituen Sestaoko ikastetxeetan, gurasoak animatu zitezen seme-alabak apuntatzera, eta klub barne-hartzailea dela azaltzen genien. Kuotekin arazorik izanez gero, horretan ere laguntzen saiatzen ginen”, kontatu digute klubekoek.

Erakundearen arazo bakarra espazio falta izango da beharbada, baina horixe bera gertatzen zaie igeriketa eta waterpoloan dabiltzan talde guztiei. La Benedictan entrenatu ohi dira eta, entrenamendura asko hurbiltzen badira, estuago ibiltzen dira;bestela, normaltasunez egin ahal izaten dute entrenamendua. “Joko bidez entrenatzea gustatzen zaigu, kontua ez baita denbora osoan metroak egiten ibiltzea. Bihurriak dira, baina jaramon egiten digute normalean. Kontrolatuta dauzkagu. Pena da ba-tzuek utzi egiten dutela azkenean, eskolaz kanpoko beste jarduera batzuetan ere egoten direlako. Benetan gustuko dutenak gurekin geratzen dira, baina nagusitzen doazen heinean nabaritu egiten da beherakada”, baieztatu dute begiraleek.

Denboraldi amaiera heltzear dagoen honetan, torneoei ekiteko ordua helduko zaie. Klub askok egiten dituzte euren torneoak eta Sestao ere ez da atzean geratuko horretan. Hilabete batzuk barru Las Llanaseko torneoa helduko da. Talde ezberdinak gonbidatuko dituzte eta giro polita egotea espero dute, urtero bezala, harmailak goraino. Gainera, itsasadarraren ohiko zeharkaldia ere ez da faltako. Publiko mota guztiei zuzenduta dago, bi distantzia ezberdin egiteko aukera dagoelarik. Urteren baten izena eman izan du eskolako kimuen kategoriako igerilariren batek eta bukatu egin dute lasterketa;izugarri poztu du horrek klubeko jendea.

Igeriketak jarraitzen du zaleak erakartzen, nahiz eta zenbait modalitatek -tximeleta estiloak kasu- zailtasun handiagoak agertzen dituzten. Sestaon jarraitzen dute igeriketa eta waterpoloa sustatzen, jarduera osasungarri eta dibertigarri gisa. Haurrek ondo pasatzen dute eta itsasadarreko zeharkaldietan ere ematen dute izena. Lana ondo egiten ari den seinale.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Otros deportes

ir a Otros deportes »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120