Kolaborazioa

Gernikaren egiak

Karmelo Landa,. Juantxu Izagirre, Xabier Onaindia - Martes, 25 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:03h

GERNIKA da, gaur egun, Euskal Herriaren irudirik ezagunena munduan, eta ez alferrik;izan ere, bi kontaketa edo errelato aurkezten dira gure azkenaldiko Historiaren inguruan, eta Gernikak badu hor zeresanik, orain azalduko dugunez.

Historia hurbilaren kontaketa ofizialak horrela dio: frankismoaren zulo beltzetik irten eta demokrazia nagusitu zen Estatu espainiarrean;ETAren ekimenek zapuztu zuten bake demokratikoa;beraz, ETA desagertzea besterik ez da behar bakea berreskuratu eta demokrazia betera itzul gaitezen.

Bada, ordea, beste kontaketa bat, zehatzagoa eta Historiaren ikuspuntutik zientifikoagoa ere badena, eta Gernika aurkitzen da gure Historia hurbila argitzeko balio duen errelato honen hasieran. Gernikako bonbardaketa izan zelako, hain zuzen ere, oraingo Estatu espainiar honen ekintza fundazionala. Zuzen diogu, bai, oraingo Estatu espainiarraren jatorrian bertan kokatzen dela Gernikako bonbardaketa. Franco eta haren agintepeko hegazkin aldra hura eta militar basati haien oldea ez baitziren Gernikara eta Euskal Herrira etorri “Gobernu aldaketa” arrunt baten atzetik. Estatu espainiar berria gainezarri ziguten Gernikako eta Euskal Herriko errautsen gainean. Halako Estatu espainiarra non ezin zitekeen gurean gertatua aipatu ere egin. Non Gernikako udalak berak izendatu zuen Franco bera “seme kutun” eta eskaini eta oparitu zion 1966.ean “Gernikako urrezko eta diamantezko domina” (sic). Estatu espainiar berri hark ezarri zuen gezur erraldoi eta mingarria: gudariek berek erre zutela Gernika, ez zela bonbardaketarik gertatu.

Zenbatean dira gaurko Gernika, gaurko Euskal Herria, orduko suntsiketa izugarri haren ondorio? Hauek dira, gaur egun ere, erantzun beharreko galdera larriak

Franco hil zen azkenean eta burutu zuten Trantsizioa deitu zuten itxuraldaketa Estatu espainiarrean. Zer egin zen, benetan, eta nola egin zuten? Gernikak badu hor ere zer kontatu, eta jakitea komeni da. Franco hil ondoren ere, isilpean bildu genituen, Gernika Batzordearen eraginez, 37 hartako bonbardaketa jasan eta bizirik zirauten lekukoak, nazioarteko zein bertoko kazetari bakan batzuen aurrean lehen aldiz Gernikako egia konta zezaten. Hori lortu eta jarraian antolatu zuen Gernika Batzordeak Historialarien Mahaia deitu genuena, orduko punta-puntako ikerlariak bonbardaketa argitzeko elkarlanean jarriaz. Horrela aritu ziren hamar urtez, besteak beste, Herbert Southworth, Manuel Tuñon de Lara, Pierre Vilar, Angel Viñas, Fernando Garcia de Cortazar, Jokin Apalategi eta beste hainbat historialari. Bonbardaketaren 50 urteurrena bete zenean, 1987an, entzute handiko ekitaldia antolatu zen Gernikako Institutuko Hi-tzaldi Aretoan, ikerketa guztien berri emanez. Gernikaren egiak maila zientifikoa hartu zuen era horretan, eta ordutik aurrera Estatu espainiarraren bertsio gezurti hura inolako sostengurik gabe geratu zen. Horri erantzun zion Alemanian, eta hango presidente Roman Herzog-ek (1997 urtean) eta Bundestag edo Parlamentuak (1998.ean) ofizialki barkamena eskatu zioten Gernikari, hegazkin eta pilotu alemaniarek bonbardaketan parte hartu izana aitortuz. Estatu espainiarrak, aldiz, ez du inoiz zuzendu gezur erraldoiaren bertsio ofiziala. Adierazgarria, oso.

Zenbatean dirau indarrean Francok, Gernika bonbardatu ondoren, sortutako Estatu espainiar hark? Zenbatean dira gaurko Gernika, gaurko Euskal Herria, orduko bonbardaketa eta suntsiketa izugarri haren ondorio? Hauek dira, gaur egun ere, erantzun beharreko galdera larriak.

Jacqueline Roque, Picassoren alargunari eta Paloma Picasso alabari,baita Adolfo Suarezen Gobernuari ere aurkeztu genien Guernica Gernikara erreibindikazioa. Aldeko hitzak eman bai, baina Espainiar Estatuak beste plan bat zuen;Suarez zen Estatu frankistaren itxuraldatze demokratikoa emateko enkargatua. Horren barruan adostu zuen “monarkia, bandera, Españaren batasun zatiezina eta biolen-tziaren baztertzea”, aurreko Estatuaren lau zutabeei eustea. Baina nazioarteko legitimazioa behar zuten. Eta zer pasaporte hoberik, horretarako, Picassoren Guernica eskuratzea baino? Nueva Yorken zegoen depositoan koadroa, Picassok berak aginduta ezingo zela Espainiar Estatura eraman harik eta bertan berriz Errepublika nagusitu arte. Bada, Adolfo Suarez berak jarri zituen lan horretan Jose Mario Armero eta Roland Dumas eta Estatu Batuetako gobernuaren onespenaz, 1981 urtean lortu zuten Picassoren Guernica Madrilera eramatea. Estatu espainiar postfrankista legitimatzeko operazio propagandistiko erraldoia.

Bide berrien bila dabil Gernika. Hemen izan da Aberri Eguna. Hemen dira herri-errebindikazio guztiak, lehendik datozenak eta berri-berriak. Hemen egunotan historialariak eta komunikabide egiazaleak, garai bateko Steer eta Southworthen jarraitzaileak;hemen preso eta erbesteratuen aldarriak;baita Gernika berri guztietatik ihesi datozen errefuxiatu berrien aldekoak. Hemen Euskal Herriak erabakitzeko aldarria. Hemen da Gernika, suntsitu nahi izan zutena eta kolore guztiak bistan Mundura birsortzen ari dena. Hemendik dator geroa.* Baita Sabin Ibazeta, Alberto Gabika eta beste (Gernika Batzordea)

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120