Zirrikituetatik begira

Beldur usaina

Pilar Kaltzada - Martes, 25 de Abril de 2017 - Actualizado a las 06:03h

Columnista Pilar Kaltzada

Galería Noticia

Columnista Pilar Kaltzada

ELTXO hanka luzeak arrimatzen hasi zaizkigu, azken egunotako eguraldi beroak xaxatuta. Udaberri handiusteak aurreratu egin ditu eta geurean dira jadanik. Zigi-zaga bat entzuten da etxera sartzen direnean, eta gogora-tzen dut alabak txikiak zirenean jolas-modu bat izaten genuela horrelakoketan: sirena hotsarena egiten nuen nik, eta beraiek gordelekuetara ateratzen ziren korrika, “erasoa, erasoa” garrasi eginez. Ezkutaturik zeuden bitartean, nola edo hala uxatzen nituen nik eltxoak: jolas inozo horrek intsektizida usaina du.

Irudiak eta soinuak ez bezala, usainak ez dira Historiarako gordetzen. Bihar beteko dira 80 urte Gernika alemanek jaurti zituzten bonben azpian suntsitu zutenetik. Orduko gertakarien kontakizuna modu askotara egin da. Esan zaigu, adibidez, zein ordutan entzun ziren lehen sirena-hotsak, eta zertan ari ziren herritarrak soinu sarkor horrek herria betiko aldatu zuen zorigaiztoko egun horretan. Imajinatu dezakegu kale nagusian zegoen giroa, eta ez zaigu batere kostako irudikatzea hango baserritarren anabasa, saltzaile eta erosleen arteko zalaparta. Sinbolo bihurtu denez gero, ikusi dugu Gernika horrek zuri-beltzezko forma itxuragabeak sorrarazi zizkiola Picasso margolariari, eta haren eskutik heldu zaizkigu negar egiten duten irudiak, garrasi egiten duten gizon-emakumeak, ordukoak eta hangoak izan ezik, betikoak eta edonongoak ere badirenak.

Irudiek eta soinuek Historia azaltzen dute eta Bigarren Mundu Gerrak gerora ekarriko zuen ia guztia uler-tzen da Gernikakoaren berri emanez jaso ditugunen bidez. Orduko urrinaz, alta, gutxi dakigu, eta bitxia da gero, zeren eta irudiek eta soinuek ez bezala, usainak bat-bateko jarioa askatzen baitu, iraganetik orainaldira bide bizkorra sortuz.

“Erasoa, erasoa” garrasi egingo zuten orduko gernikarrek, gaur egun munduko toki askotan entzun daitekeen oihu berbera. Eta iraun egiten duen beldur-usainak hartuko zituen bazterrak, hangoak eta gerra pairatzen duten toki guztietakoak. Orduan eta gaur.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120