literatura

Zaintzaren ertz guztiak

‘Gelditu zaitezte gurekin’ du izena Ana Malagon idazlearen bigarren lanak. Mikroipuinetatikkontakizun laburretara salto egin eta zaintzaz hausnartzen duten hamalau istorio bildu ditu

JONEBATI ZABALA - 2017(e)ko apirilaren 23a, igandea - 12:15etan eguneratua

2014an kaleratu zuen Ana Malagonek bere lehen literatur lana, ‘Lasai, ez da ezer gertatzen’ mikroipuin liburua.

2014an kaleratu zuen Ana Malagonek bere lehen literatur lana, ‘Lasai, ez da ezer gertatzen’ mikroipuin liburua. (Argazkia: Ruben Plaza)

Galería Noticia

2014an kaleratu zuen Ana Malagonek bere lehen literatur lana, ‘Lasai, ez da ezer gertatzen’ mikroipuin liburua.

GGAUR egungo gizartean leialtasunak eta zaintzak nola markatzen diren”. Zerikusi handia duten gai biren inguruan hausnartu du Ana Malagonek (Donostia, 1978) bere bigarren liburuan. Gelditu zaitezte gurekin izenburupean, hamalau kontakizun labur bildu ditu bertan. Liburua idazten hasi zenean, istorio guztiak fideltasunarekin edo desleialtasunarekin lotu nahi izan bazituen ere, “zuzenean edo zeharka” zaintza izan da ideia nagusia. “Zaintzan badago leialtasuna eta fideltasunaren ideia bat, eta ez bakarrik harremanetan, baita guk gure buruarekin dugun harremanean ere. Guk geure buruari zor diogun leialtasun edo zaintza horrekin, edo hausten dugunarekin, geure buruari ere egiten dizkiogu traizioak azkenean, geure burua zaintzeari utzita”, azaldu du Malagonek. Ikuspegi zabal batetik jorratu ditu zaintza eta leialtasunaren ideia, ez da harreman sentimentaletara edo bikote erlazioetara soilik mugatu, familia ere izan du kontuan: gurasoak, anai-arrebak... Pertsonok geure buruarengan dugun harremana ere jaso du istoriootan.

Gai sorta zabala ukitzen dute Malagonek ondutako kontakizunek: bakardadea, komunikazio falta, izandako itxaropenak ez betetzea… 30-40 urte inguruko pertsonaiekin hasten ditu ipuinak, eta kontakizunean aurrera egin ahala, adinean gora ere egiten du. Hala, bizitzako ibilbidea islatu nahi izan du. Pertsonaia “miserableak” dira Malagonen liburuko protagonistak. “Ez dut giza espeziaren inguruko ikuspegi oso positiboa. Esango nuke protagonistak gizartearen batez bestekoan kokatu daitezkeela, denok ez gara gustagarriak, ezta perfektuak ere. Egia esan nahiko inperfektuak garela esango nuke”, uste du idazleak. Irakurleak pertsonaiak ulertzen saia daitezen nahiko luke Malagonek. “Nahiz eta ez liratekeen beraiekin maiteminduko edo zerbeza bat hartzera joango, gutxienez pertsonaiek egiten eta pentsatzen dutena ulertzen saiatzea. Nola heldu diren heldu diren lekura, eta zergatik diren horrelakoak. Hori onartzea pertsonaiaren logikaren barruan baitago”.

Liburuaren azala koloretsua izanagatik ere, bestelako tonua dute kontakizunek. “Agian publizitate engainagarriarengatik salatuko gaituzte, izan ere, kanpoaldea koloretsua den arren, badu kontrastea barruan aurkituko denarekin. Ni ez naiz kontziente umorea dagoenik, baina baditu ironia puntu batzuk;irakurle batek baino gehiagok esan dit umore beltza sumatu duela”.

SAKONTZEKO BEHARRA Idazteko zaletasuna aspalditik datorkion arren, 2014an argitaratu zuen bere lehen liburua Malagonek, Lasai, ez da ezer gertatzen mikroipuin liburua, hain zuzen. Erosotasunetik atera eta bere buruari gauza ezberdinak eskatuz, erronka berriari heldu dio orain, mikroipuinetatik istorio laburretara jauzi egitea erabaki baitu. “Aldaketa nabarmenena formatua da, baina badaude beste hainbat ere: idazketa mota, tonu pausatuagoa... Eremu zabalagoa ematen du, gauzetan gehiago sakontzeko edo istorioak beste modu batean kontatzeko, garapen handiagoarekin. Mikroipuinetan beste formula bat dago, oso espazio txikian gauza asko sartzea, eta askotan sorpresa gisako elementuekin jokatzea”.

Idazketa prozesua egin zaio gogorrena idazleari. Igandeetan eserialdi batean idazten zituen mikroipuinak, baina hamar orrialde inguruko kontakizunekin aldatu egiten da kontua. “Askotan gertatzen zitzaidan asteburu batetik bestera ikusten nuela nire burua pantailaren aurrean neure buruari galdezka: ipuin hau zeren ingurukoa zen? Ordura arte idatzitakoa berriro ere irakurri behar izatea, berridaztea… Asko kezkatzen ninduen koherentziak eta gizakiak berezkoak dituen kontraesanetatik haratago, ipuinen logikari kontra egingo zion kontraesanetan erortzeak. Haria jarraitzeko zailtasun handiagoa izan dut”. Aldaketa hau gauzatzeko beste arrazoietako bat zera zen, Malagonek ez zuela irakurleek mikroipuinen idazle gisa sailkatzerik nahi, oso mugatua iruditzen baitzaio. “Niri ipuinak gustatzen zaizkit, narrazio laburren eremuan mugitzen naiz. Agian nahiago dut narrazioen munduan kokatu, horrek eremu zabalagoa hartzen baitu”.

Idazle baten bigarren liburua omen da lan erabakigarria, eta hau idaztea “zailagoa” suertatu zaiola kontatu du Malagonek. “Oso zorrotza naiz neure buruarekin. Lehenengo liburuan ipuinak argitaratuta zeuden interneten, orduan ikusten nuen gutxi gorabehera jendeari gustatu egiten zitzaizkiola. Istorio luzeago hauetan beldur handiagoa nuen, lehenengoan gauza gehiago barkatzen dizkizute, jendea orokorrean onberagoa da, bigarrenarekin banekien exijentzia maila, nirea zein besteena, igo egingo zela”.

Xabier Mendiguren editorearen hitzetan “kontzientzia onei emandako zaplaztekoak” dira Malagonek idatziak. Umorez hartzen du hori Malagonek: “Egia da nire estiloa nahiko zorrotza dela eta bai bilatzen duela irakurleak hausnartzea eta zerbait gehiago ematea;istorio on bat kontatzen baino gehiago, bazka gehiago ematen saiatzen naiz”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120