bertsolaritza

Laurogei urte eta gero, badira aipamenak

Dabi Piedra - 2016(e)ko maiatzaren 29a, igandea - 16:49etan eguneratua

Jose Manuel Lujanbio ‘Txirrita’, bere irudi ezagunenean.

Jose Manuel Lujanbio ‘Txirrita’, bere irudi ezagunenean. (EUSKALTZAINDIA)

Galería Noticia

Jose Manuel Lujanbio ‘Txirrita’, bere irudi ezagunenean.

Haren heriotzatik zortzi hamarkada igarota, Jose Manuel Lujanbio ‘Txirrita’-ren bertso eta ateraldiek herriaren gogoan iraun dute

TXIRRITAREN lendabiziko bertso-lagunak sortako azken bertso ospe-tsuan iragarri bezala, mundu hau utzi eta gero ere, haren aipamenik ez da falta. Historiako bertsolari ezagunenetako bat dela esan daiteke, huts egiteko beldur handirik gabe. Haren ateraldi xelebreak herriaren gogoan iltzatuta geratu dira eta, garaiak asko aldatu diren arren, oraindik ere erreferentzia da bertsozaleen artean. Txirritari buruz egin diren liburu, disko, antzezlan eta telesailak dira horren lekuko.

1860an jaio zen Jose Manuel Lujanbio Retegi, Ereñotzun, eta 1936ko ekainaren 3an hil, Altzan. Hamahiru urte zituela, familia Errenteriko Txirrita baserrira aldatu zen eta handik hartu zuen ezizena. Industrializazioak eta modernizazioak Euskal Herria goitik behera aldatu zuen garaiaren lekuko izan zen: Azken Karlistaldiaren aurretik jaio zen, Foruak nola baliogabetu zituzten eta Gipuzkoako bailarak fabrikaz nola bete ziren ikusi zuen, eta Espainiako Gerra Zibila hastear zela hil zen.

Aldaketa horiek guztiak bertsotara ekarri zituen Txirritak. “Kronista bikaina izan zen”, dio Luzia Alberro Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Euskal Herriaren modernizazioa orduko bertsolariek nola bizi izan zuten aztertu du bere tesian. Hil arte ikuspegi tradizionala mantendu zuen Txirritak, Alberroren esanetan: “Mundua giltzarri zaharretatik ulertzen zuen, aldaketetatik aparte ikusten zuen bere burua”. Pizkunde garaiko euskara garbizalea arrotz zitzaion eta gero eta hedatuago zegoen gaztelania ere bai, baina horrek ez zion identitate krisirik eragin, bereari eutsi zion, Alberrok dioenez.

1935eko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean parte hartu zuen, eta 1936koa irabazi. Ordurako, itzal handiko bertsolaria zen. Hil zenean, egunkarietan eman zuten heriotzaren berri. Izan ere, bertso gogoangarri andana botatzeko eta pasadizo barregarri ugariren protagonista izateko astia izan zuen 76 urteko bizitzan. “Harengan bat egiten zuten pertsonaiak eta pertsonak”, dio Pello Esnal idazleak, “horrek bertsolari mota baten prototipo bihurtu zuen, eta mito”.

BERTSOTAN LANGILE Lanetik sagardotegira alde egiteko joera eta dirua zurrutean xahutzea egotzi izan zaizkio Txirritari. Arlote, parrandazale eta alferraren estereotipoa eraiki da haren inguruan. Esnal ez dator bat irudi horrekin. Antonio Zavala zenak Txirritari buruz osatutako bilduma mardulean esandako hitzak gogora ekarri ditu: “Oso langile ona izan zen bere ofizioan, bertsolari-tzan;nola ezin zuen horrekin bizimodua atera, beste ofizio bat hartu zuen, harginarena, baina ahalik eta gutxien aritzen zen horretan, bere benetako lanari kalterik ez egitearren, noski”. Txirrita ezagutu zutenek kontatzen dutenez, mozkortuta ez zuen sekula bertsorik botatzen, gehiegi edaten bazuen isildu egiten zen.

Bat-bateko bertsoetan eta adar jotzeetan bezala, bertso jarrietan ere trebea zen Txirrita. Enkarguzko sortak eskatzen zizkioten eta gaurkotasunezko gaiak ere jorratzen zituen: Lehen Mundu Gerrari, Pasaiako grebari, Uzkudun boxeolariari… jarri zizkion bertsoak. “Hainbat gertakizun kontatu zituen, betiere bere mundu ikuskeraren galbahetik pasata”, azaldu du Luzia Alberrok. Bertso-paperak erruz saltzen ziren eta bat-bateko saioetara ere maiz gonbidatzen zuten. Hala, Euskal Herriko bazter guztietan ezagun egin zen. Artean bizirik zela, Txirritaren bertso jarrien liburuxkak argitaratu ziren (Txirrita’ren testamentua izenekoa, esaterako), eta horrek are ospe handiagoa eman ziola uste du Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

Zalantzarik gabe, Txirritaren izaera bereziak lagundu zion ospea lortzen, baina Esnal eta Alberro bat datoz: Bertsolari bikaina zelako du lekua herriaren memorian. “Beste faktore guztiek apenas balio izango zuten bertsolari handia izan ez balitz”, dio idazleak. “Ahozko tradizioari lotutako bertsoera ederki menperatzen zuen”, gaineratu du irakasleak.

OIHARTZUNA, GAUR ARTE Belaunaldiz belaunaldi iritsi da Txirritaren izena gaur egungo bertsozaleen belarrietara. Beste 80 urtean haren aipamenak egon badira, besteak beste, Antonio Zavalak egindako bilketa nekaezinari esker izan da. Baserriz baserri, inurri lanean batutako bertso eta pasadizoak jaso zituen Auspoa sailean. Ateraldirik ospetsuenetatik anekdota txikietaraino, ehunka orri idatzi zituen Zavalak, Txirritaren iloba Jose Ramon Erauskinen laguntzarekin. Sortzaile askorentzat inspirazio iturri izan da bilketa hori.

Era berean, Esnalek eta Alberrok aipatu dute, Xabier Letek eta Antton Valverdek Txirritaren bertsoekin grabatutako diskoek ere lagundu dutela haren oihartzuna gaur eguneraino ekartzen. Gainera, azken hamarkadetan, beste argitalpen ugariren ardatz izan da Txirrita: Pello Esnalek berak haur eta gazte literaturara eraman zuen 1998an eta, hari horretatik tiraka, marrazki bizidunen telesail bat ere egin zen. Xabier Letek 1982an idatzitako Gabon Txirrita antzezlanean oinarritutako ikuskizun bat ere taularatuko du laster Donostia 2016k, Urnietako herriarekin elkarlanean.

Ereñotzu jaioterrian ere, ondo gogoan dute Txirrita. Maiatzean, hitzaldiak eta mendi irteera antolatu dituzte, Urumea bailararekin lotuta baitaude bertsolariaren bizipen asko. Ekainaren 4an, Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala Ereñotzun jokatuko da eta San Antonio jaietarako ere prestatu dituzte ekitaldiak.

Azken finean, bertsolaritzan eta euskal kulturan arrasto sakona utzi du Txirritak. “Mundu zaharreko azken bertsolaria izan zen”, dio Pello Esnalek, “bertsolari izateko modu baten erreferente eta ispilu izaten jarraitzen du gaur egun ere”. Luzia Alberroren ustez, jada desagertu den gizarte baten lekuko da Txirrita, “baserritar munduko arloteen bizimodua agertzen digu, modernizatzen ari zen gizarte hartan bazterrean gelditzen ari zena”. Haren oroimena ez galtzeko dei egin du: “Txirrita errekuperatzeak, baztertuta geratzen ari zen herriaren parte hura erreibindika-tzeko balio digu”.

COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Deia se reserva el derecho a eliminarlos.

Más sobre Ortzadar

ir a Ortzadar »

Últimas Noticias Multimedia

  • ©Editorial Iparraguirre, S.A.
  • Camino de Capuchinos, 6, 5ºC Bilbao
  • Tel 944 599 100, Fax 944 599 120